Maialen Unanue / 2014-09-20 / 1.084 hitz
Garapen pertsonalarekin loturiko krisiek bidegurutzean jarri ohi dute pertsona; ’40 urteen bueltako krisia’ deiturikoa da ezagunena, baina, adituen arabera, krisia ez du adinak berak eragiten.
Existitzen da 40 urteen bueltako krisia delakoa? Zergatik jarri zifra hori ustezko krisi bati? Bada adinari lotutako krisirik? Beharrak ase bezain laster sortzen ditu behar berriak pertsona batek. Hala, etapa desberdinak ireki eta ixten dira bizitzan, arrautza izateari utzi eta helduarora pasatzen den tximeletaren antzera, garapen pertsonalaren prozesuan aurrera eginez. Zorabioak, edo krisiak, batetik besterako jauziekin datoz.
Zorabioek, ordea, kausa desberdinak izan ditzakete: gertaera edo arazo beraren inguruan zorabioa senti dezakete batzuek, ezer ez zenbaitek, eta erronka besteek. Adinean aurrera eragiteak nahiko buruhauste sortzen die zenbaiti; beste batzuek apenas ematen dioten garrantzirik. Eta horretan eragin zuzena du pertsonaren testuinguruak. Hala nabarmendu du Mikel Elizondok, Irungo (Gipuzkoa) Aldaketa Psikogunea zentroko langileak. «Bakoitzak bizitza hartzen duen moduaren araberakoa da, eta, hortaz, pertsona batzuengan besteengan baino eragin handiagoa izan dezakete halako krisiek. Ez da egoera edo adinaren araberakoa, norbere ikuspegiaren araberakoa baizik».
Adinarekin baino gehiago, garapen pertsonalarekin lotutako krisiez hitz egin ohi dute Gasteizko Emeki psikologia eta psikoterapia zentroan, Monica Lopezek argitu duenez: «Aurreikus daitezke, lehenago edo beranduago, guztioi azaleratzen baitzaizkigu halakoak: nerabezaroko krisia, emantzipazioarekin lotutakoak, zahartzaroarena… Gero, badira bestelako krisi batzuk, zirkunstantzialak, baina horiek, noski, ezin daitezke aurreikus: banantzea, gaixotasunen bat edo heriotza».
Adinarekin lotutako krisiak era askotako kezka modura azalera daitezke. Psikologoarenera joatea erabakitzen dutenen artean, urteetan aurrera egitea ez da arazo gisa agertzen, ez modu agerian behintzat: «Ez zuzenean, baina batzuetan antzematen da daukaten arazoan eragina duela adinak». «Senideren baten edo gehiagoren jarrera aldaketengatik kexatuz edo bestelako sintomekin etorri ohi dira. Denboran irauten duen ondoez gisa ere azalera daiteke», dio Koruko Burutaran Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren Klinika Lantaldeko kideak. Krisiak, baina, badu alde ona, Burutaranen arabera: «Heltzeko eta izaera berregituratzeko aukera izan daitezke». Ana Perez psikologo eta psikoterapeutak nabarmendu du berezkoak direla krisiak bizitzan: «Bizirik gaudelako eta gauzak gertatzen zaizkigulako sortzen zaizkigu krisiak ere. Sufri dezakezu, eta krisia izan, baita ezer gertatzen ez zaizulako ere».
Krisiok, adinarekin baino gehiago, pertsonaren «garapen prozesuarekin» dute zerikusia, Burutaranek azaldu duenez. Hainbat fase aipatu ditu: «Nerabezaroa, harremanen heldutzea, lehenengo haurra, habi hutsarena eta zahartzaroa». Dena den, sentipen horien zama kanpo eragileek sortua dela dio: «Batetik, komunikabideek zerikusia dute, egiten dituzten presioen bidez, eta, bestetik, gizarteak berak egindakoak daude, eraikitako ideal faltsuen bidez». Iritzi berekoa da Elizondo: «Pertsona batzuk besteak baino ahulagoak dira gizarteak bultzatzen dituen kanonen inguruan, eta Mendebaldeko kulturak saltzen dituen balioak filtrorik gabe irensten dituzte, eta beren bizipenak estereotipo horiekin baldintzatu».
Krisiak, «oreka galera» gisa hartuta, pertsonei hainbat eratara eragin diezaiekeela uste du Lopezek: «Emozionalki eragin diezaguke, maila kognitiboan, jarreran edo maila fisiologikoan…». Eta horiei aurre egiteko moduak ere hainbat izan daitezke, pertsonaren arabera: «Bakoitzak arazoei aurre egiteko zelako irtenbideak bilatzen dituen, norberak zertan sinesten duen eta, batez ere, inguruan zein sostengu maila duen da garrantzitsua, baita erresilientzia edo norberak arazoei aurre egiteko duen gaitasuna zenbaterainokoa den ere».
40 urteen bueltako krisia delakoak gehiago du «mitotik» errealitatetik baino, Burutaranen ustez: «Adinarekin baino gehiago, gaztetasuna galtzearekin dago lotuago». Burutaranen arabera, halakoak aldaketa eta desantolatze garaiak dira, behin-behinekoak, arazo edo gertaerei aurre egiteko modua aldatzea ekar dezaketenak: «Bizi ziklo pertsonaletan sor daitezke: garapenari atxikita doan zerbait da». Lopezen ustez, eraikuntza kulturalaren emaitza da: «40 urteen bueltako krisia posible da kultura jakin batean, gizarte jakin batean eta garai jakin batean. Beste gizarte askotan ez du zentzurik 40 urteen bueltako krisiaz hitz egiteak, ez baita existitzen». Perezek, berriz, nabarmendu du 40-50 urteren bueltan dabiltzanek eta harengana joaten direnek antza izaten dutela maiz: «Bizitzari berari esanahia emateko beharra dute, bizitza norbere eskuetan hartzeko nahia eta beharra. Bizitzaren etapa hori izan daiteke hortik aurrera nola bizi nahi duzun berriro planteatzeko garaia».
Gisa bereko krisien maiztasunei neurria jarri die Elizondok: «Oro har, badirudi, hamarkada bakoitza mugarri moduan bizitzen dugula». Batzuek lehenago eta besteek beranduago, pertsona orok izaten ditu etapa desberdinak. Arazoa batetik besterako jauzia izaten da. «Ez digu guztioi berdin eragiten, noski», dio Burutaranek. «Gertakariei ematen diegun esanahiaren araberakoak dira gure bizipenak», gehitu du Elizondok.
Garaien aldaketa
Egun 30 urte izatea edo duela hiru hamarkada adin hori bera izatea ez da gauza bera. Bizimodua aldatu egin da, eta adinarekin lotutako espektatibak ere aldatu dira, Elizondok azaldu duenez: «Lehen, 20-30 urterekin, familia eta lan egonkorra izatea espero zen. Gainera, lan munduan aukera gehiago zeuden, eta ez zeuden adinarekin lotuta».
Alexandra Robbinsek eta Abby Wilnerrek «mende laurdenaren krisia» kontzeptua definitu zuten Quarterlife Crisis: The Unique Challenges of Life in Your 20s liburuan (Mende laurdeneko krisia: 20 urte ingururekin soilik izaten diren erronkak, 2001). Horren arabera, 20-30 urte artekoek krisi propioa izaten dute: egindako ikasketekin bat egiten duen lanpostua bilatzeko ezintasunagatik sortutako segurtasunik eza, ordura arteko lorpenekiko segurtasunik eza, etorkizun hurbilarekiko segurtasunik eza eta beste. Perezek, berriz, garrantzia kendu dio kontuari: «Gure gurasoek edo aiton-amonek bi gerra ezagutu eta gosea pasatu bazuten, kexatzeko moduan gaude? Nork bere zilborrari hainbeste begiratu gabe, bakoitza baliagarri zertan izan daitekeen pentsatu eta martxan jartzea da gakoa.
Norbere lekuaren bila
Lopezek, berriz, sinesten du pertsonen heltze prozesuan; adin tarte horretan aldaketa badagoela. «Mendekotasun egoera batetik, gurasoen babes edo sostengutik, mendekotasunik gabeko egoera batera pasatzeak desoreka sor dezake pertsona batengan. Nork bere lekua, bere oreka eta autonomia bilatu behar du, eta, noski, horrek krisia sor diezaioke».
Eta nabarmendu du krisi ekonomikoak beste krisi batzuk sortu dituela egungo panoramari lotuta, oro har, eta ez adin jakin bati soilik lotuta: «Ez da nik esaten dudan zerbait: hainbat datu eta ikerketak berresten dute. 2008az geroztik, estres, antsietate eta depresio indizeek gora egin dute, egoera okerragoak ez aipatzearren; alkoholismoa, drogen kontsumoaren gorakada eta suizidioak, kasurako».
Bizi den garaia «onartzea» da gakoa, Burutaranen ustez: «Aurreko fasea agurtu eta etapa berria onartuz, haziz, garai berrira moldatutako helburu berriak jarriz». Beste era batera esanda, «dramatizazioak alde batera utziz», Elizondoren arabera: «Bizitzaren garapen naturala onartzen eta gozatzen egiten zaie aurre; interpretazio distortsionatuak birmoldatzen eta pentsamendu baikorragorantz egokitzen». Burutaranek uste du «gehienetan» «modu naturalean» egiten direla batetik besterako trantsizioak, eta arazoak sortzen direnetan komeni dela laguntza profesionala eskatzea. Perezen ustez, oinarrizkora jotzea ezinbestekoa da, «garrantzia ematea benetan merezi duten gaiei soilik».
Gisa horretako krisiak ezin dira saihestu, ezta saihestu behar ere, Burutaranen ustez: «Aurre egin behar zaie: lehenengo, norbere egoera pertsonala zein den jabetuz, zure bizitzaren arduradun bihurtuz; bigarrenik, helburu berriak markatuz, baikor eta aktibo izanez; eta, azkenik, laguntza bilatzen jakinez, inguruan edo profesional batengana joz».
Lopezek, berriz, hezkuntza sisteman eragiteko beharra azpimarratu du: «Arazoei aurre egiteko konponbideak bilatzeko gaitasuna landu behar da ikasleekin. Krisiak saihestea ez dago gure esku, baina horiei nola aurre egin landu daiteke, gure indarguneak edo gaitasunak aplikatuz halako egoera batean gaudenean».