Anjel Lertxundi / 2014-09-23 / 125 hitz
Aisiaren peskizan nengoen, futbolean ari ziren hamar bat urteko mutiko batzuei begira. Laster, talde bereko bi jokalari hurbildu ziren elkarrengana eta, eskua ahora eramanez, hizketan hasi ziren, kirolariek eta politikariek egiten duten bezala. Han ez zegoen ezpain irakurtzailerik, baina berdin dio: umeak imitatzen ari ziren; telebistan ikusitakoa imitatzen baino ez.
Egun filosofikoa neukan, nonbait, eta eskua eraman nuen ahora, baina aharrausi egin ordez, ahapeka hasi nintzen neu ere. Neure buruarekin.
Umeak imitatzen ari ziren, bai, baina zer? Jokoaren estrategiak soilik, ala bizitzarenak? Nire buruarekin ahapeka ari nintzela, bi mutikoetako batek aurkari bat bota zuen lurrera baloi baten lehia ez batere leialean, eta bigarrenak ostikadatxoa eman zion eroritakoari, pasadan eta disimuluan. Gero, lurrera bota zuenak eskua luzatu zion eroritakoari, zutitzen laguntzeko.
Futbolean (jolasean) segitu zuten bizi-bizi.