Juan Luis Zabala / 2014-09-16 / 400 hitz
Josu Martinezek euskal gatazkarekin zerikusia duten hamar ihesaldi kontatu ditu ‘Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak’ liburuan.
Euskal gatazkarekin aldez edo moldez nolabaiteko harremana duten hamar ihesaldi ahalegin kontatu ditu Josu Martinezek (Bilbo, 1984) Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan (Elkar), kasurik gehienetan protagonisten edo haien laguntzaileen lekukotasunak jasota. Ezezagunak eta aski ahantziak dira liburuan kontatzen diren ihesaldietako batzuk. Beste batzuk, aldiz, oso ezagunak eta maiz gogoratuak; baina horien berri emateko bestelako ikuspuntu bat bilatzen saiatu da Martinez. Segoviako ihesa, adibidez, iheslari katalanetako baten lekukotasunaren bidez kontatu du; Martutenekoa —Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Mikel Antzaren laguntzaz gauzatutakoa—, Iñaki Pikabearen lekukotasunaren bidez. Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzi du liburua Martinezek.
Berez, 11 ihesaldiren berri ematen zuen liburua idatzi du Martinezek, baina kontakizunetako bat liburutik kanpo utzi du, protagonistak eskatu diolako ez argitaratzeko bere ihesaldiari buruzko testua, aske utz dezaten eskatuz aurkeztu duen helegitearen inguruko ebazpena jaso arte.
«Niri ihesaldiak betidanik egin zaizkit sinpatiko», azaldu du Martinezek. «Sinpatia eragiten didaten izaki bihurriak dira iheslariak». Horrez gain, ihesaldiek «gauza asko» erakusten dituztela uste du. «Imanol Uribek esaten zuen La fuga de Segovia filmatu zuenean abenturazko istorio bat kontatu nahi zuela. Ihesaldiak abentura bat dira, dudarik gabe, baina abenturaz gain beste elementu batzuk ere badituzte: inkonformismoa, arriskatzeko erabakia, kalkulu zehatza eskatzen duen operazio bat eta, guztiaren gainetik, imajinazio handia. Nire ustez, ihesaldi batzuk benetako artelanak dira».
«Liburuak ez du batere bokazio entziklopedikorik», egileak dioenez. Badaki ihesaldi interesgarri asko eta asko geratu direla kanpoan. Hala ere, garai, lurralde eta eite askotako ihesaldiak batu ditu, arrakastaz burutuak batzuk, porrot egindako besteak. «Denetarik pixka bat».
Umorezko ez, umoretsu bai
Ihesaldiaren abenturaren kontaketaz gain, ihesaldi horien giza alderdia ere aurkituko du irakurleak liburuan, eta baita intrigarik eta umorerik ere. «Ez da umorezko liburua, baina bai liburu umoretsua hainbat pasartetan». Ez du hori aldez aurretik hala pentsatuta eta nahita bilatu. «Ni, besterik gabe, istorio bakoitzari eskatzen zuen tonua ematen saiatu naiz».
«Ez da liburu dialektiko bat», zehaztu du. «Behin gure pelikula bat jaialdi batean ez ematea justifikatzeko, esan zidaten ez zela dialektikoa, eta harrituta geratu nintzen. Ez zela ona edo antzeko zerbait esatea espero nezakeen, baina horrelakorik ez».
Joseba Sarrionandiak idatzia da liburuaren epilogoa, Filosofia apur bat ihesen inguruan, «kartzelari eta ihesaldiei buruzko hausnarketa mamitsua», Martinezen ustez. «Nire testuari agian falta zaion sakontasuna ematen dio liburuari». Horrez gain, hemeroteka bat eta 1969 eta 2013 artean Euskal Herrian izan diren ihesaldi saioen behin-behineko kronologia bat ere aurkituko ditu irakurleak.