Iñigo Astiz / 2014-09-28 / 715 hitz
150 urte beteko dira bihar Miguel Unamuno idazle eta pentsalari bilbotarra jaio zela. Hainbat ospakizun antolatu dituzte haren omenez hirian horregatik, baina beharrezko bezain zail da haren arantzaz betetako ibilbidea ospatzea.
Beti pentsatu dut Unamunozaleek ez dutela Unamuno osoa irakurri, barruraino ez dutela irakurri. Seguru asko poesia eta nobela batzuk irakurri dituzte, Unamuno polita irakurri dute ziurrenik. Eta, beharbada, Unamunoren barruan sartu dira, baina Unamuno ez da haien barruan sartu, zeren Unamuno barruan daukanak borroka bakarrik egin dezake berarekin». Mesfidati mintzo da Joxe Azurmendi pentsalaria Iñaki eta Mikel Soto anaiek idatzitako Unamuno liburuaren hitzaurrean. Euskal Herrian den Unamunoren aditu nagusietariko bat da Azurmendi, baina argia da haren mezua. Ezin Unamuno maitatu, Unamuno maitatzea gorrotatu gabe. Filosofia liburuetako nobelista, eta eleberrietako filosofo; euskara eta euskal kulturaren aurkari, eta euskara eta euskal kultura sustatu duten pentsalarien erreferente; 1936ko altxamenduaren babesle, eta altxamenduaren biktima… Arantzaz betetako lorea da Miguel Unamuno pentsalari eta idazlea (Bilbo, 1864 ” Salamanca, Espainia, 1936). Ospatu beharreko eta ospatzeko zail den idazlea. Haren jaiotzaren 150. urteurrena da biharkoa.
Bada Unamuno gorrotatzea maite duenik ere, eta ez du arrazoirik faltako. Handiak bota zituen, esaterako, 1901eko Bilboko Lore Jokoetan euskararen aurka, eta ezaguna da anekdota. «Zuk egiten duzun hizkuntza hori, jende euskalduna, euskara hori zurekin batera galtzen ari da: ez du ardura, zure antzera, hark ere galdu beharra duelako; beraz, hil ezazu bera lehenbailehen eta ehortz ezazu ohorez; mintza zaitez espainieraz!». Irainez erantzun zuten idazle ezagunaren iraina Arriaga antzokian zirenek, eta Euskeria Orfeoiko kideek bota zuten mehatxurik handiena: «¡Muera Unamuno!». Pasarte hori izan zuen gogoan, esaterako, Bilboko Udaleko EH Bildu koalizioak aurtengo urtea Unamunoren urtea izendatzearen aurka bozkatzeko. Hori, eta baita 1936ko altxamenduaren alde egin zuen propaganda ere. Baina, euskaldun berri, abertzale, marxista-sozialista, espainiar arrazaren defendatzaile, Primo de Rivera diktadorearen aurkari, Europa zale, Schopenhauer eta Kierkegaarden irakurle… ertz gehiegikoa da Unamunoren ekarria gertakari gutxi batzuetara errenditzeko.
«Batez ere hil»
Hor dago paradoxa. Euskal abertzaletasunaren etsai porrokatu izan arren, agerikoa da Unamunoren arrastoa gerra ostean euskal abertzaletasuna eta kultura biziberritu zuten erreferenteen lanetan. Unamuno zalea zen Jose Luis Alvarez Txillardegi, Unamuno zalea Azurmendi, eta Unamuno zalea Jorge Oteiza. Agerikoa da bilbotarraren itzala artistaren Quosque Tandem… liburuan, adibidez. Espainiaren tradizio egiazkoaren bila abiatu zen bilbotarra, garaiko tradizio gezurrezkoak bereizi nahian. Eta Unamunok Espainiaren arimarekin egindakoa da neurri batean Oteizak euskal arimarekin egin nahi duena. Hori dio, behintzat, Juan Arana ikerlariak Unamuno y Oteiza, dos tragedias epigonales liburuan: «Euskaldunon arima aipatzen duenean, Unamunori begira dabil Oteiza. (…) Oteizak dio Unamunok Gaztelaren zeruaz idatzi zuenean ez zela Gaztelako zeruaz ari, eta benetan aipatu nahi zuena Euskal Herriko harrespila zela».
Pertsona konkretua. Hori zen Unamunorentzat filosofiaren subjektu eta objektu gorena. Eta horregatik aipatu izan dute existentzialismoa sortu aurreko existentzialistatzat. Euskaraz sorta dira haren lanari buruzko liburuak, eta haren hitzetan ere irakur daiteke haren filosofia Xabier Kintanak itzulitako Bizitzaren sentimendu tragikoaz (Klasikoak, 1994) liburuan. Hor ageri da bere kezka: pertsona.«Hezur eta mamizko gizona, jaio, sufritu eta hiltzen dena “batez ere hil egiten dena”, jan eta edan eta jolastu eta lo egin eta pentsatu eta nahi izaten duena, ikusten eta entzuten den gizona, anaia, egiazko anaia». Ez da euskaraz irakur daitekeen Unamuno bakarra. Idazleak maite ez zuen hizkuntzan irakur daitezke haren Laino (Elkar 1998) eta Abel Sanchez (Ibaizabal 1992) nobelak, Unamuno Rizal-i begira saiakera (Baroja, 1986), Kristautasunaren agonia (Elkar, 1996) liburua, eta Erbesteko sonetoak (2013, Maiatz) olerki bilduma ere.
Altxatutakoek zapaldua
Bizi arteko errektore izendatu zuen Unamuno Espainiako Errepublikak 1934an, baina matxinada faxistaren alde lerratu zen 1936an. Munduko unibertsitate guztiei helarazi zizkien altxatutako militarren aldeko mezuak. Jaso zuen errepublikazaleen zigorra, eta faxisten saria gero, baina ez zion luzeegi iraun aparrak. Gerran ikusitakoekin haserre 1936ko urriaren 12an lehertu zen. Eztabaida antolatu zuten unibertsitatean, eta legionarioen buru zen Millan Astrayk euskal herritarren eta kataluniarren aurka egitean bota zuen erantzuna Unamunok: «Garaipena lortuko duzue, horretarako aski indar baduzuelako. Baina ez duzue konbentzituko. Horretarako jendea zuen alde makurrarazi beharko duzuelako, eta horretarako behar direnak direlako faltan dituzuenak: arrazoia eta gizabidea». Mehatxu eta irain artean atera zuten faxistaz betetako aretotik, eta zigorra heldu zen gero: etxean giltzapetu zuten. Han hil zen, hilabete gutxi batzuetara.
Idazlearen heriotzaz mintzo da Joseba Sarrionandia Bakea gudan liburuko hitzaurrean. Dioenez borrokan pasatu zuen bizitza Unamunok eta haren heriotzaren berri jakitean Antonio Machado idazleak esandakoak dakartza gogora testu amaieran. «Unamuno gerran hiltzen denaren moduan hil zen. Noren kontrako gatazkan? Bere buruaren kontrakoan, batez ere».