Gorka Lopez / 2014-09-23 / 451 hitz
Gailur txiki eta ederren artean, behin Mauletik abiatuta luzea baina oso erakargarria da ibilbidea. Ederra da Madalenako ermita, harri eta zurezkoa, eta aparteko kokalekua du.
Paisaiaz gozatzeko ibilbide luze eta lasaia da hau. Bidean zehar, bat egiten dute Maule inguruko belazeetatik Madalenako ermitaraino bata bestearen atzetik altxatzen diren gailur txiki eta biribilek. Ermita hori, gainera, Pirinioetako mendilerro eta haranen gaineko begiraleku ezin hobea da.
Hegoalderantz ekingo diogu ibilbideari, Pirinioetako mendikaterantz. Mauleko Merkatu plazaren beheko aldetik abiatuko gara —frantsesez, Place du Marché deitua—, eta handik Moulin kalera jaitsiko; kale hori hartu, eta hiriburutik aldameneko mendietara joko dugu. Etxebizitza bloke bat utziko dugu ezkerrean, eta zuzen igoko gara aldapa makurretik; bi txaleten aurretik igaroko gara, eta eskuinaldean dagoen hurrengo bidexka hartuko dugu.
Matalongo muinotik Matxela mendira
Asfalto bide horretatik, hiriburu txikitik aldenduko gara. Aurrerago, baso pista bat ibilita, bidegurutze batera helduko gara, eta eskuineko adarretik joko dugu. Gero, beste bidebanatze batera iritsiko gara, eta han eskuinerako bidea hartuko dugu berriro, «Boucle de Matalon» (Matalongo bihurgunea) dioen seinaleari kasu eginez. Auzo errepide hondatu batek bidea ixten duen lekuan ezkerrera egingo dugu, beherantz, eta bide bihurriari segituko diogu, Idaoulako muinotik jo beharrean.
Aurrerago, beste auzo bide txiki batekin topo egingo dugu ezkerrean, eta hari ekingo diogu, goraka, eskuinaldean bide horretatik banantzen den bidezidor bat azaltzen den arte. Bidezidor hori marra hori batekin balizatuta dago, eta Arhantsigarako bidea erakusten duen errotulu bat ageri da. Bide hori mendi txiki honen mailarik garaienaren ertzean dago, eta hortik hasiko gara inguruan ageri zaigun paisaia zabalaz gozatzen, hala Auñamendi eta Orhi artean hedaturiko Pirinioetako mendikateaz nola Atharratze eta haren inguruko auzoak hartzen dituen ibarreko zelai eta hegalez.
Arhantsigan zehar ibili ostean, auzo bide bat azalduko zaigu eskuinaldean; hura hartu, eta Bolondo baserriaren aurretik igaroko gara. Aurrera egin eta, beste baserri batera heldu aurretik, eskuineko bidetik joko dugu, zeinak ur andela bateraino eramango gaituen.
Zera eta Madalenako ermita
Ur andelaren atzetik, Matxela mendia inguratzen duen bide bat abiatzen da, baina zuzenean zeharka dezakegu haren tontor txikia eta atzera kontrako aldeko mendi magaleko bidea hartu. Handik, berehalaxe Zerako muinora irtengo gara; errepide ñimiño batek zeharkatzen du, eta hantxe dago Saxagua baserria. Asfalto bidea pasatu, eta magalean hedatzen den harrizko bide zabal eta makurretik egingo dugu gora, zeinak Zerako gailurreraino bizkor eramango gaituen.
Leku horretatik ikuspegi bikaina izango dugu, baina oraindik ere beste koska txiki bat faltako zaigu ikuspegia zabalagoa izan dadin. Horretarako, Zeraren kontrako aldetik jaitsiko gara handik gertu dagoen Letxegita lepora, eta, segidan, behera egingo dugu Madalenako kaperarantz (Madeleine frantsesez).
Ermitak barnealde ederra du, harri eta zurezkoa, eta kanpoaldeko balkoi luzea Zeratik 50 bat metrora goratzen da; inguratzen duten haranekiko aparteko kokalekua du. Ibilbide beretik itzuliko gara Maulera, baina igotako kota batzuetako hegaletan zehar ibiliz, berriro haien gailurrera igo ordez.