Imanol Mercero / 2014-09-07 / 173 hitz
- Izenburua: Animaliak eta ni
- Idazlea eta ilustratzailea: Mario Ramos
- Itzultzailea: Aztiri
- Argitaletxea: Ttarttalo
Nortasuna eraikitzea nahitaezko lana da. Batzuetan kosta egiten da eta besteetan lagunduko diguten baliabideak topatzen ditugu, gure zorionerako. Txikienei zeregin honetan laguntzeko osatu bide zuen Mario Ramos zenak album hau. Darabilen ilustrazio moldea ere bat dator haur txikiekin erabili ohi den estetika garbiarekin, alegia, hondo garbiak eta fokuan dagoena baino ez agertzea, kolore kontrastea bilatuz.
Proposatzen den jolasa erraza da, eta helburua lortzeko eraginkorra, mezua eraikitzeko konparaketa oso bisualak erabiltzen dituelako. Erakusten digu animalia bat bere ohiko jardunetan eta nirekin alderatzen du. Esaterako: «Txakurrak lurrean jaten du. Nik ez.» Ondoan txakur bat ikusten dugu, jateko ontzian muturra sartuta. Eta badaude konplexuagoak, psikologiari eragiten diotenak: «Ardiak artaldeari jarraitzen dio. Nik ez.» Adi gaiekin, egile konprometitu baten lana da eta.
Lau animalia erabiltzen ditu: txakurra, elefantea, ardia eta tximua. Bakoitzarekin bost esaldi botatzen ditu, lehen lauak «nik ez» esateko erabiltzen ditu, bosgarrena «nik ere bai» esateko.
Balizko irakurlea bi urtetik bospasei urterakoa izango dela ematen du, oinarrizko arau eta portaerak erretratatzen dituelako.