Primitibotasunerantz

Igor Susaeta / 2014-09-10 / 604 hitz

Poesia «a-sozialeko» hiru bidaia proposatu ditu Itxaro Bordak ‘Zure hatzaren ez galtzeko’-n: barnerakoa, nazioarterakoa eta ekonomikoa.

Poesia idaztera itzultzen denean, atzera berregiten du bidea Itxaro Bordak (Baiona, 1959), berriro aurrera joateko. Prozesu horretan bide berriak urratzen ahalegintzen da, eta Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar) liburuarekin konturatu da autoreak berak poesia «pazifikatua» gisa definituriko kontzepturanzko pausoak ematen ari dela. «Batzuetan nabaritzen dut poesia zen-ago baterantz noala, eta, bidean, hesi batzuk erortzen ari direla nire hitzetan», aitortu zuen Bordak, atzo Donostian, haren hamargarren poesia liburuaren aurkezpenean— 30 urtean Elkar etxearekin argitaratutako aurrenekoa da—. Iruditzen zaio oztopo horiek guztiek gainditzean «primitibotasun batera» iritsiko dela.

Bide bat egiten ari da Borda bere poesia «a-soziala» fintzeko ahaleginean —«ez baita ez asoziala eta ezta ez-soziala ere»—, eta azkeneko liburuan bidaia hirukoitz bat proposatzen dio irakurleari. Batetik, barnerako bidaia bat; bestetik, nazioarterakoa (Irlanda, Mexiko, Islandia, Bartzelona, Bilbo… haren gustuko geografiak, idaztera bultzatzen duten «akuilu-ziztadak»), eta baita ekonomikoa ere, «azken hamar urteotan mundua larrutzen duen krisiaren ondorioak erakutsiz». Eta aldarrikapen moduan, hori guztia landu du emakumezkoek ondutako poesiari lotzen zaizkion gaietatik — «sexu harremanak, bikoteen artekoak, umeak…»— haratago joz. «Beste tematika bat lantzea zilegi zaidala nahi izan dut frogatu».

Bidaia hirukoitzean aurrenekoak bere barrenera darama idazlea, «poesiak berak eragiten duen bezala». Ahalik eta hitz gutxien erabiltzen eta horien esanahi sakonena baliatzen saiatu da Borda, testuari ahalik eta «esanahi handiena» emateko.

Planteaturiko bigarren bidaian helburu jakin batekin nahastu ditu hizkuntzak, lekuak eta erreferentziak: «Erakutsi nahi dut euskaldunek, bereziki Ipar Euskal Herrikoek, nahiago dutela hor bertan finkatuta geratu, sustraietan kartzelatuta bezala». Horregatik, mundua euskararen «kokalekua eta garalekua» dela azaldu nahian, joan da leku batetik bestera. Horrek, bide batez, ekonomiaz mintzatzeko ateak ireki dizkio. «Poesia sozialaz hitz egiten da, bai, baina normalean ez da ekonomia aipatzen…».

Funtsezkoa iruditzen zaion horretara itzultzeko ahaleginean — «hori da, finean, denok bilatzen duguna»— estilo ariketa bat ere gauzatu du ehun orrialde pasatxotan bildutako 54 poematan. «Saiatu naiz ene perpausak ez janzten». Beraz, ez hitza saihestera jo du. «Ez dakit, ez dut eta ez dago beharrean, adibidez, erabili dut dago, dut…». Pentsatzen du Euskal Herrian ohikoa dela ez hori erabiltzea, «zapalduak garen heinean».

Bordak ere ez daki, zehatz-mehatz, zergatik jo duen dena soiltzera. Adina izan daitekeela aipatu zuen, atzo, liburuaren aurkezpenean, umorez. «Tira, denbora iragaiten denean, ikusten duzu ataskatzen gintuzten gauzek ez zutela horrenbesteko muntarik». Erlatibizatzera jotzen dela, alegia. Beste arrazoietako bat izan daiteke diskurtso «berriagoak, baketsuagoak eta ezberdinagoak» sortzeko eta garatzeko nahia edukitzea.

Baina egileak argi utzi nahi du «sosegatzeak» ez duela inguruko gatazketatik aldendu. Liburuaren beraren izenburuarekin horixe bera adierazi nahi du. «Idazle bezala galdu nahi ez dudan lotura bat da. Inguratzen nauen jendearen, sufritzen duen gizartearen, hatza sartu nahi dut nire idatzietan; haien lekukotasunak jaso nahi ditut».

Poesiarekin, «hitzen musikalitatearekin», autoreak «balantza bat» nahi die eskaini irakurleei: «Poesiaren mamia partekatzeko moduetako bat baita kulunka hori». Uste du bere liburu gehienek dutela musikalitate hori. «Barruan dute gazte-gaztetatik barrenean izan dudan bertsolarien buruminaren formatatze hori».

Euskara batura hurbilduz

Beste bidaia baten emaitza da, egilearen esanetan, liburuan erabili duen euskara. Izan ere, geroz eta batuagoa da. Hasieran, orain 30 urte, testuak kaleratzen hasi zenean, euskara errazegia erabiltzen zuela leporatzen ziotela adierazi zuen, atzo, aurkezpenean. «Kezkatu egin ninduen horrek, eta, orduan, hasi nintzen lantzen. Eta lanketa horretan zubererara hurbildu zen —Maulen bizi izan zen—. Batuagora itzuli da atzera, ordea. «Eta gustatzen zait azkeneko 10-15 urteotan landu dudan euskararen isuri hori, irakurle gehiagorengana heltzen naizela sumatu baitut».

Jose Luis Padron poetarentzat Bordaren liburu onena da Zure hatzaren ez galtzeko. Hori aipatu zion Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Bordari, atzo, Donostiako agerraldian. Xalo baina konbentzituta erantzun zion. «Ni ere azkena onena dela uste dutenetakoa naiz, baina biharamunean beti pentsatzen dut egin daitekeela hobea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.