Iker Tubia / 2014-10-22 / 474 hitz
Virginia Woolfen ‘Dalloway andrea’ itzuli du Edok.
‘Emakumeen lanbideak edo etxeko aingerua hiltzea’ saiak.
Emakume batek egin behar duen lehenbiziko gauza etxeko aingerua hiltzea da. Hala esan zuen Virginia Woolfek 1931n emakume profesionalen aurrean emandako hitzaldian. Horixe zen, haren aburuz, emakumeek lan munduan zuten eragozpen nagusietako bat: barruko etsaia. Aingeru hori akabatu ondoren idatzi zuen Dalloway andrea eleberria, eta orain euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek, Edo argitaletxearekin. Ez da, baina, eleberri soila. Woolfen Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea saiakera ere bildu dute liburuan. Saiakera Ana Isabel Moralesek itzuli du, eta bi testuak lotzen dituen hitz-atzea ere haren eskuek idatzi dute.
«Bi lanak oso lotuak daude, edo, gutxienez, lotura egitea oso aberasgarria egin zait niri», azaldu zuen Moralesek Iruñean, Zaldiko Maldiko elkartean egindako aurkezpen antzeztuan. Bai berak eta baita Diez de Ultzurrunek ere, gaztetxo zirela irakurri zuten lehenbizikoz eleberri hura. «Dalloway andrea gorroto nuen», aitortu zuen Moralesek. Hasieran liburuaren muina ulertzea zaila baita. Bigarrenez ere irakurri zuten. «Bide zaila hartu zuen Woolfek gauza sotil batez aritzeko».
Clarissa Dallowayk Etxeko Aingeruaren antz handia zuen. Aingeru hori emakume bati segurtasun eza eragin nahian ibiltzen den mamua da, goxoa izan behar duela esaten diona, patriarkatuaren neurrira sortutako rolak atxikitzen dizkiona. Horregatik, Woolfen arabera, Etxeko Aingerua hiltzea zen lehenbiziko egitekoa.
«Emakume ideal viktoriarra deskribatzen zuen Coventry Patmoreren Etxeko Aingerua poemak». 1854an izan zen hori. Gerora, aingeruaz Gilman ere mintzatu zen Charlotte Perkins. «Teorian aingerua hilda egon arren, haren mamua bizirik zegoen», esan zuen Moralesek. Ukiezina, suntsiezina dela konturatu zen Woolf. Arreta jarriz gero, aingeruaren hegalak astintzen adi zitekeela. Mezu hori jasotzen da saiakeran.
Dalloway aingerua
Diaz de Ultzurrunek ere akabatu du Etxeko Aingerua itzulpena egin aurretik. «Pozik nago emaitzarekin, hau da nire ahaleginaren emaitza», esan zuen aurkezpenean. Segidan agertu zen aingeruz mozorroturiko pertsonaia, baina hil egin zuen. «Zailago da mamu bat hiltzea aingeru bat baino, baina zailagoa da aingerua dagoela konturatzea», azaldu zuen.
Besta bat antolatzea da Dallowayren kezka bakarra, hala hasten da eleberria: jaiaren antolaketarekin. Baina besta hori hainbat gai lantzeko aitzakia izanen da Woolfentzat: maitasuna, homosexualitatea eta giza harremanak, gizarte egitura eta emakumeen rola, eromena eta hura artatzeko moduak, Lehen Mundu Gerra, kolonialismoa eta migrazioak.
Itzulpenari buruzko xehetasunak ere eman zituen itzultzaileak. Sintaxi eta egitura aldetik testua «oso bihurria» dela aitortu zuen. Hiru aukera egin zituen hasieratik: lan modernista izanik, Lizardi, Lauaxeta eta halako euskal modernisten oihartzuna adi liteke, beribila eta orlegi eta halako hitzetan. Bigarrenik, sintaxi etenak eta joera etengabeak erabili zituen Woolfek, eta estilo horri jarraitu dio Diaz de Ultzurrunek. Hirugarrenik, «ausart samar» jokatu du euskalkiak nahastuta.
Eleberria 1925. urtean argitaratu zen, eta modernismoaren obra garrantzitsuenetako bat da. Hiru testuen baturak argi erakusten du Clarissa Dalloway eta Etxeko Aingerua emakumeen rolaren irudi bera direla. Lana borobiltzeko, Eider Salaberriak azala egin du. «Woolfen estetika oso ongi islatu du», esan du Iratxe Retolazak, Edo argitaletxeko kideak. Eleberria borondatezko lanari esker argitaratu dutela gaineratu zuen.