Iñigo Astiz / 2014-10-01 / 984 hitz
SERIEA. Euskara batuak 50 urte (II). Euskaltzaindiaren babesa
Gizartearen bultzada bazuen euskara batuak, baina 1968ko Arantzazuko bilkuran jaso zuen sostengu akademikoa, Euskaltzaindiaren eskutik. Koldo Mitxelena da prozesu horretako pertsona funtsezkoa.
Lau urte eta 139 kilometro. Hori baino ez 1964ko Baionako Biltzarretik 1968ko Arantzazuko Biltzarrera, baina denbora eta distantzia ez dira beti linealak izaten. Geografiarenak baino bihurriagoak dira hizkuntzaren bideak. Txillardegiren batasunerako proposamenak bultzada soziala metatu zuen, baina onarpen ofiziala falta zuen oraindik. Eta Euskaltzaindiaren sorreratik 50 urte bete ziren urtean heldu zen akademiaren babesa. Ez, ordea, bat-batean. Gabriel Arestiren haserreak eman zion azken bultzada Euskaltzaindiari, Bilbon 1968ko urtarrilean egindako biltzarrean. «Gure Akademiaren urrezko eztaiak hospatzeko asmoak aipatu zirenean, jaiak eta jaiak ekarri ziren ahotara. Orduan hasarratu nintzan: ‘Gureak guztiak dira jaiegunak. Eta astegunak noizko dira? Lanean haritzeko orduak ez al du oraindik gure atera jo?’. Eta literatur-euskara bat egon dadin, aipatu nuen premia. […] Euskaltzaindiak niri jaramon egitea beste erremediorik ez du eduki». Koldo Mitxelena izendatu zuten batasunerako txostena prestatzeko. Aterpea irabazi zuen euskara batuak.
«Egiazko iraultza izan zen Euskaltzaindian 1968an». Imanol Murua eta Joan Mari Torrealdaik idatzitako Euskaltzaindia, ekin eta jarrai liburuan datoz Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohiaren hitzak. Euskaltzainburuorde zen Arantzazun, baina ezin han egon. Iraultzak urrundu zuen iraultzatik. Izan ere, lana pilatu zion unibertsitatean Parisko maiatzeko iraultzak, eta ezin 1968ko hitzordura joan. Bazuen, halere, han gertatutakoaren berri. 1964an Euskal Idazkaritza Elkarteak proposatutakoaren bertsio osatu gisa aurkezten du orduan adostutakoa. «Mitxelenak behar bezala prestatua zuen, hartuz ere 1964an Baionan bildutako idazleek egina zutena, baina, aktak-eta ikusiz, han izan ziren elkarrizketak, ene ustez, ez ziren hain hein handikoak izan». Euskaltzaleen hasierako gizarte bultzadari bultzada akademikoa gehitu zitzaion orduan. Eta Mitxelena izan zen pertsona funtsezkoa; ez Mitxelena bakarrik, baina Mitxelena batez ere.
Mitxelenaren bedeinkazioa
«Euskara batuan bi apostolu egon ziren, eta ebanjelista bat. Apostolu bat prosan izan zen Txillardegi, beste apostolua poesian izan zen Aresti, eta Mitxelena izan zen ebanjelista». Oso eginkizun garrantzitsua aitortzen dio hizkuntzalariari Xabier Kintana euskaltzain eta Euskaltzaindiko idazkariak. «Arestik eta Txillardegik gogor egin zuten batasunaren alde, eta lan oso onak idatzi zituzten, baina haietariko bat ere ez zen hizkuntzalaria, teoria aldetik ez ziren hain itzal handikoak, eta Mitxelena bezalako katedratiko bat euskara batuaren alde jarri izana ezinbestekoa izan zen. Batuari izena eta bedeinkazioa eman ziona Mitxelena izan zen». Baina ez zen beti 1968an bezain nabarmen agertu batasunaren alde.
Lotuta deskribatzen du Mitxelena Kintanak. EAJko kide izanik, EAJn nagusi zen aranazaletasunaz erabat askatu ezinik. «Batasunaren alde zegoen, baina EAJkoa zen, eta beldurrez ibiltzen zen ezer esateko, bere alderdikideek gaizki begiratuko ote zioten. Nahiago izaten zuen horregatik batasunaren aldeko gauza batzuk gazteagook esatea. Mitxelenak, esango nuke, ez zuen gehiegi teorizatu euskara batuaren alde. Ontzat ematen zuen, bai, baina egun horretan [1968an] erabaki zuen jende aurrean agertzea sostengu hori. Oso modu leunean egin zuen, idatziz oso modu leunean egiten zuelako, baina oso garrantzitsua izan zen».
Ez dator bat irakurketa horrekin Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin aldizkariko zuzendari ohia. Haren ustez, Mitxelenaren isiltasuna ez zen soilik beldurtiaren isiltasuna; bazen estrategaren isiltasuna ere. «Nik badakit esaten dela Mitxelena uzkur izan zitekeela alderdiarekiko lotura horregatik, baina hori baino gehiago ere seguruenik bazegoen. Eta are gehiago esango nuke: oso ongi ezagutzen zuen Euskaltzaindia barrutik, eta bazekien, zoritxarrez, Euskaltzaindiak batasun proposamen hori ez zuela aurrera aterako. Kanpotik indarra egiten ez bazen han zegoen jendeak ez zuela indarra egingo». Horregatik azaldu zion babesa Txillardegik 1958an aurkeztu zuen batasunaren aldeko txostenari, eta horregatik babestu zuen 1964ko proposamena ere. Baina, aitzindari jarri beharrean, mugimendua hazten uztea erabaki zuen. «1968an bi arrazoi eman zituen batasunaren alde: arrazoi biologikoa eta arrazoi soziolinguistikoa. Arrazoi biologikoa da orduan bai, orduan bazegoela jendea batasuna aurrera eramango zuena eta jende hori jende gaztea zela. Eta eredua aukeratzerakoan arrazoi soziolinguistikoak aukeratu zituen 1964ko bidetik jarraitzeko, eta ez filologiko-linguistiko hutsak».
Batasunaren miraria
Mirari bat aipatu du Torrealdaik. Izan ere, funtsezkoa da Euskaltzaindiaren baietza. «Txillardegiren proposamena oso ongi zegoen, 1964ko biltzarra, proposamena babesteko 1968an antolatutako Ermuko Idazleen Biltzarra… Dena oso ongi, baina azkenean Mitxelenak zigilua eman izan ez balio, euskara baturik ez legoke, eta hori Txillardegik ere onartzen zuen. Euskara batuak bi zutabe ditu: bata da instituzionala, eta bestea dira hori praktikara eramango duten idazleak eta irakasleak». Eta, justu, baina biak lortu zituen euskara batuak. «Mirari bat bezala da», dio Torrealdaik. «Urte batzuetan, ez dakit zer konstelazioren babesean balego bezala, gauzak ateratzen dira beti txiripaz bezala. Hau derrepente hil zitekeen! 1964ko Baionako horrek zergatik izan zuen halako arrakasta? Halako batean sekulako indarra bildu zen. Leherketak sortzen dira pixkanaka berotasuna bilduz doalako, eta bat-batean gertatu egiten da. Halako gizarte fenomenoen atzean beti dago jende askoren lan handia».
Gizarteak bultzatu zuen akademia. Hori da Torrealdairen tesi nagusia. Euskaltzainditik kanpo egin zitzaion Euskaltzaindiari bultza. Hori zen 1964ko Baionako proposamenaren helburua; horretarako hedatu zuen eredu hura Jakin aldizkariak, eta batasunaren alde presio egiteko batu ziren idazleak Gerediaga elkarteak deitutako 1968ko Ermuko Jardunaldietan ere. Jendeak bihurtu zuen Euskaltzaindia zena egun Euskaltzaindia dena. Torrealdai: «Urte batzuk lehenago, Euskaltzaindian ez zegoen batasunaren alde eragiteko bokaziorik. Gehiago zen ikerlari talde selekto bat». Baina oasi moduko bat zen akademia frankismopeko Euskal Herri hartan, eta hari bideratu zizkion gizarteak bere eskariak. «Ez zegoen babes instituzionalik inon. Euskaltzaindia baino ez zegoen, eta, gainera, Euskal Herri osoa hartzen zuen. Hori sekulako balioa zen. Beraz, kanpoko jendeak egin zuen Euskaltzaindia inportante, eta, Euskaltzaindiak Iker sailean lanean segituko duen arren, euskararen gizarteratzeari lotutako Jagon saila indartu egiten du garai hartan, eta horren bidez egiten dira gauza hauek. Gizartean integratuta dagoen erakunde bat da, erakunde salbatzaile bat jendeari babesa ematen diona».
Lankidetza proposamena
Ez da harekin amaitzen bultzada, ordea. Kontsentsua ez da erabatekoa inoiz. Argigarria da horregatik Euskaltzaindiak 1968an adostutako testua. Lankidetza proposamen bat ere igar daiteke ortografiaren, morfologiaren, sintaxiaren eta euskal hitzen inguruko erabakien artean. «Ikusi duguna da guztion ustez gure hizkuntzaren batasuna behar-beharrezkoa dugula. Batasuna, noski, ez da Euskaltzaindiak egin dezakean gauza, eta are gutxiago bat-batean egin dezakeana. Batasun hori, euskara idatziaren batasunaz mintzatu geranez gero, euskal idazle eta irakasleen eskuetan dago, Euskaltzaindia gidari eta laguntzaile dutelarik». Euskara batuan esanda: gizarteak Euskaltzaindiaren babesa behar zuen beste behar zuen Euskaltzaindiak gizartearen indarra.