Iñigo Astiz / 2014-10-02 /1.064 hitz
SERIEA. Euskara batuak 50 urte (III). Plazaratzea
Euskaltzaindiak batasunerako bidea onartu zuen 1968an, eta funtsezkoa bilakatu zen ikastola, hedabide eta euskalduntze taldeen lana. Haiek hedatu zuten euskara batua ahoz aho eta eskuz esku.
Lur/Kriseilu/Hatsapenak euskeraren batasunaren zerbitzura jartzen dira». Gerra deklarazio bat irakurtzen du euskal argitaletxe haiek 1970ean sinatutako dokumentua irakurtzen duenak. «Euskal gaiztoko dialekto mordoiloetan idatzitako lanak ukatuko dituela jakin-arazten du, eta bide batez euskeraren batasunik nahi ez duten euskaldunak euskararen eta Euskalerriaren etsaiak direla deklaratzen du». Muturrekoa da jarrera, baina balio du garai hartan euskara batuak zuen erronka ulertzeko. Gerra hizkuntzan azalduta: infanteriaren txanda da. Euskaltzaindiak onartu du batasunerako bidea, baina batasun hori gizarteratu beharra dago orain. Eta hori da argitaletxeek bere egin duten borroka: haize bilakatu behar dute harria. Biziko bada, ahoz aho eta eskuz esku eraman behar da batasuna, eta, horretarako, egiteko garrantzitsua dute hedabide, ikastola eta alfabetatze eta euskalduntze taldeek. Hedatuko bada, putz egin behar zaio euskara batuari, eta eragile horiek emango diote arnasa.
Onartu du hori Joxerra Etxebarriak. «Bizkaian sekulako gerra izan genuen, baina erabaki beharra zegoen zein zen gure unitatea: Bizkaia ala Euskal Herria». Eta horregatik egin zuen hautua hark. EHUko irakaslea da egun, baina giltzarria da Etxebarriaren izena euskara batuaren hedapenean. Mugarri da haren lana; hark irakatsi zion euskara fisikari. 70eko hamarkada inguruan hasi zen zientziako dibulgazio lanak idazten Anaitasuna aldizkarian, eta lan eskerga egin zuen alfabetatze eta euskalduntze taldeetan. Dioenez, unibertsitatean piztu zitzaion harra, ingeniaritza ikasten ari zela. Klasekide batek galdera egin zionean: «¿Cómo se dice electrón en euskara?». Etxebarria, zuri. Ematen du anekdotak garai hartako giroa erakusteko.
«Beharbada ez zen electrón izango, baina gisako hitz teknikoren bat zen, eta ni zuri geratu nintzen. Ez nekiela esan beharrean, zera esan nion: ‘Eso no se dice‘. Eta egia zen: halakorik ez zen esaten euskaraz. Galdera hori shock bat izan zen niretzat, eta pentsatu nuen esaten ez bazen, ba, esaten hasi beharko genuela. Eta orduan ohartu nintzen analfabeto hutsa nintzela, euskara idatzia sekula ikusi gabea». Bere burua alfabetatzen hasi, eta besteak alfabetatzeari ekin zion gerora. Dioenez, irentsi egiten zituen Anaitasuna aldizkariko azken orriko hiztegiak, eta hiru liburu aipatzen ditu Bibliatzat: Txillardegik argitaratutako Sustrai bila: zenbait euskal korapilo (1970, Sendo) eta Euskara batua zertan den (1977, Jakin), eta Gabriel Arestik eta Xabier Kintanak argitaratutako Batasunaren kutxa (1970, Lur). Eta euskaraz hazi arren euskaraz idazten ikasi behar izan zuen belaunaldi oso bat irudika daiteke Etxebarriaren flexo beraren pean, denak orri beraren aurrean, eta guztiak kezka berak bultzatuta. Pixkanaka irakurtzetik idazterako jauzia eman, eta orduan hasi zen Etxebarria aldizkarirako zientzia dibulgazioko testuak idazten. Esaten ez zena esaten, alegia.
Apaiz presoak kantuan
Euskal Herri osorako hizkuntza estandar bat nahi zuten. Hori filosofia. Baina praktikoa ere bazen euskara batuaren aldeko jarrera, Etxebarriak dioenez. Santutxuko gau eskoletan zebilen irakasle, euskara batuan sortutako lehen alfabetatze metodoa sortu zutenean. «Patxi Altunaren metodoa erabiltzen zen ordura arte, Euskera hire laguna deitzen zena, eta bazuen bata bizkaieraz, bestea gipuzkeraz… Baina zer pasatu zen? Bizkaierako edizioa agortu egin zen. 1971. urtea izango zen hori. Bilkura handi bat egin zen, eta han erabaki genuen 30 bat irakaslek metodo berri bat egingo genuela eta metodo hori euskara batuan izango zela. Lehenengoa: Euskalduntzen metodoa. Hori izan zen gure ekarpena, eta horrekin denak krak egin zuen». Euskara batua irakasteko hautua egin zuten, eta modernizatu egin zuten hura irakasteko modua ere.
Bere tragikoan badu umore pixka bat ere irudiak. 1969ko maiatzean frankismoko Elizari aurre egin, eta itxialdia eta gose greba hasi zuten bost apaizek Bilboko Gotzaindegian, eta urteak eman zituzten horregatik Zamorako espetxean preso. Hamabi urte baino gehiagoko kondena jaso zuen Alberto Gabikagogeaskoak, eta haietariko zortzi eman zituen preso. Horraino egia tragikoa. Gabikagogeaskoak kontatu duenez, euskaraz alfabetatzeko baliatu baitzuten egonaldia, eta hor dator umorea. «Pentsatu genuen guk ondo alfabetatu behar genuela geure burua. Guk horretarako geneukan [Xabier] Amuriza han. Astotxoa kantatuz hasten genuen eskola». Bizkaieraz alfabetatu ziren lehenik, eta hortik egin zuten batura jauzi gero. «Kartzelatik atera ginen oso ondo prestatuta euskara kontuan». Kanpoan martxan ziren euskalduntze eta alfabetatze taldeak ikusi, eta orduan erabaki zuten AEK sortzea. «Sartu ginenerako ikusi genuen bazetorrela mugimendu hori, eta gu mugimendu horiekin batu ginen».
Txillardegiren ezustea
Argi ikusi zuten hautua: euskara batua irakatsi behar zen. «Batua zen helburu handi bat. Gure ustez, inportantea zen hori. Aurrera doazen hizkuntzek batua daukate, nahiz eta leku bakoitzean gero bere modura egin. Batua hori beharrezkoa zen guretzat literaturan eta irakaskuntzan, bestela zetorrena sakabanaketa zelako. Euskalkiak oso inportanteak direla ukatu gabe egin nahi genuen lan, eta batu aberats bat egitea bultzatzea zen asmoa». Batua behar zuen euskarak beraz, eta modernoa izango zen hori irakasteko metodoa. «Guk horretan eman genuen pauso handi bat, bai. Hasi ginen barnetegienagaz. Hemen Busturian izan zen lehen barnetegia, eta hain harrigarria izan zen, deitu ziguten UEUn parte hartzera Iparraldean, gure esperientzia kontatzeko, eta han zegoen Txillardegi erabat harrituta gelditu zen gure ikasleak entzutean. Gurean lau hilabete oraindik egin gabeak zituzten gure ikasleek, eta, entzun zituenean euskaraz, zera esan zigun: ‘Zuek gezurra esaten ari zarete; hauek denbora gehiago daramate!’». Gabikagogeaskoak ere ez du ukatu, halere: Bizkaian batuak ez zituen denak alde izan, baina argi zuten haiek apustua.
Aldekoak eta kontrakoak
Ez zen huts-hutsetik abiatu Sagrario Aleman. «Euskaraz bizi ginen herrietakook abantaila txiki bat izan genuen: kristau ikasbidea euskaraz egin genuen, eta zerbait irakurtzen genuen euskaraz. Guk, gainera, etxean bagenituen euskarazko liburu batzuk, eta ohitura pixka bat bagenuen horretarako». Euskaltzaina eta IKAko kidea da egun, eta gaztetatik hasi zen alfabetatze eta euskalduntze taldeetan. Ez zuen batuaren aurkakotasun handirik topatu Nafarroan. «Lanean ari ginenen artean garbi xamar ikusten zen batasunaren beharra. Beharrezkoak zirela testuak eta beharrezkoa zela toki guztietan antzera irakastea. Gehienak ildo horren aldekoak ginen. Izan ziren apaiz batzuk kontra egonen zirenak eta lan handia egin zutenak, baina ez ziren gehiegi nabarmentzen. Euskara batuan proposatzen ziren forma horietatik ez zegoen oso urrun hemengo euskara. Batuaren aldekoak mugitzen ari ginen, eta euskara batuaren kontrako gehienak geldi zeuden. Gogoan dut Diario de Navarra-n-eta publikatu zirela zenbait artikulu batuaren aurka eta h-aren aurka, baina, hain zuzen ere, euskara ez zekien jendea eta euskal munduaren kontrakoak zirenak altxatu ziren nagusiki horren kontra».
Ez zen zauririk gabekoa izan eztabaida. Izan ere, Euskaltzaindiak euskara batua onartu eta berehala piztu zen eztabaida, eta luze iraun zuen demak. Euskara batua hedatuz joan ahala, urrituz joan ziren haren aurkakoak denborarekin, baina luze iraun zuen demak. Gerra deklarazio bat irakurtzen du Bixente Latiegi eta Dunixi Oñatibiak 1982an idatzi zuten testua irakurtzen duenak. «Agian irakurle, ikurrintzat h-a zergaitik artu zuten jakin nahiko duzu. Ba…, h-ari eleneraz ETA esaten zaiolako. ETArrak baitziran, ain zuzen, ‘el batua’ren sortzaille aiek danak!».