Zihara Enbeita / 2014-10-09 / 242 hitz
Ebolarena baino epidemia handiagorik bada aspaldion gure inguruetan. Ez dago ia beste gairik parke eta eskola atarietan. Udazkenean sartuta derrigorrezkoa da gurasook zumba, pilates edo spinning-ean izena ematea edota igerilekura eta gimnasiora joatea. Hilabete bi barru klaseak bertan behera utziko baditugu ere. Eta umeak? Norabait eraman behar, zeozer egin beharko dute-eta eskolan ez daudenean. Negua luzea da. «Nire semeak ez du inon izena eman nahi», dio ondokoak oso kezkatuta, semearen ikaskideak zenbat lekutara daramatzaten entzun duenean. Astean behin dantza, psikomotrizitate edo euren barrua askatzeko eta sormena lantzeko balio duen afizioren batekin nahikoa eta sobra dela komentatu dugu eskola atarian batu garen kuadrillatxoan. Tartean bada, ostera, umeak eskolaz kanpokoetatik libratzea lege duenik. Tontakeria iruditzen zaio hain goiz horretan hastea. Eta alabak ere ez du inon izenik eman nahi, jolastu nahi duelako. Jolastu. Bai, umeek utziz gero egiten duten hori.
Oraindik derrigorrezko hezkuntzan hankarik sartu barik hasten baitira neska-mutiko asko ingelesera (azkenaldian hainbat gurasoren kezka nagusi bihurtu baita ingelesa ondo ikastea) edota musikara edo dena delako klaseetara. Eta ahal bada, baita kirolen bat egitera ere. Kasu batzuetan umeek eurek duten afizioari jarraika bada ere, askotan ez da hala izaten. Gurasoek erabaki dutelako baino, bestela aspertzeko ordu gehiegi dituztelako. Arratsalde osoa batetik bestera. Arratsalderen bat libre izanez gero, parkera badaezpada etxe erdi eramatea komeni da, ea ez duten zerekin jolastu izango.
Eskola, etxe zein eskolaz kanpo dena zuzenduta, dena prestatuta, dena planifikatuta, mugimendu librerako tarterik gabe utzi ditugu seme-alabak. Bihar-etzi libre mugitzea gura genituzkeen horiek.