Anjel Lertxundi / 2014-10-07 / 121 hitz
Prozesio jendetsua mantso-mantso, hankak arrastaka, geltokitik irten ezinik. Jendea, ordea, festa giroan, lasai eta berriketan. Ume batek geltokiaren izena irakurri zuen pozez gainezka: «O-ri-o!». Eta umearen amak, pozez lepo, lagun bati: «Enekok ikasi din irakurtzen!». Eskutik zeraman mutikoa, galduko zitzaion beldurrez.
Gogoa esaldiaren atzetik joan zitzaidan itxaro ito hartan. Pentsatu nuen Enekok ere bizi osoa beharko duela irakurtzen ikasteko, eta, hala ere, lanak: testu jakin batean zen den lastoa eta zer alea bereizten ikasi; informazio zehatzena askotan lerro artean egoten baita, edo esaten ez zaizkigun gauzetan, lerro artekoak sumatzen ikasi edo isiltzen zaizkigunak harrapatzen; irakurtzen ikasi, bidean eta munduan ez galtzeko, kezken botikak ezagutzeko…
Irakurtzen segitu, bizitza doble bat gozatzeko: maindire azpian linterna batekin eta debekuen kontra; taberna builatsuenetan; bizitzaren bidegurutzeetan.