Efemeridea

Anjel Lertxundi / 2014-10-05 / 126 hitz

Euskara batuak berrogeita hamar urte. Hain efemeride seinalatuan, utz iezadazue sentimental jartzen. Eta nostalgiko. Utzi lehenetsi dugu eta laga, bazterrean laga. Nahiago dugu laster eta ez aurki. Okerrak gaizki ikusten ikasi genuen, txarki ikustea ahaztu zaigu. Udarea jaten dugu, ez dugu madariaren edo txermenaren zaporea dastatzen. Mugitzen gara, baina higitzen ez. Alkandora janzten dugu, atorra ere janzten ari garela jakin gabe. Estaldura esaten dugunean hedadurarik gabe gelditzen zaigu hizkuntza. Harrigarria gustatzen zaiguna ez laket izatea. Kalea soilik ezagutzen duena galdu egiten da karrikan. Orduan doana ez dabil belu, orenean datorrena ez dator berandu. Urdaiazpikoa gustatzen zaionak uko egitea pernilari, txit irrigarri. Erruz —eta erru sentipenik gabe— batzen dugu dirua, sosei erreparatzen ez. Ganbara txukundu genuen, mandioa haustu zaigu.

Berbetan ari garela jakin gabe aritzen gara hizketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.