Iñigo Astiz / 2014-10-24 / 357 hitz
Eta liburuen atzean hondartza. Jaiotzez bilbotarra izan arren, Getxoko Andra Mari auzoan ditu sustraiak Ramiro Pinilla idazlearen bizitzak eta literaturak (Bilbo, 1923- Getxo, Bizkaia, 2014 ). Arrigunaga hondartzako Arrune baserrian eman zituen gerra aurreko udak, eta gerra bitarteko urtea. Haren hitzak: «Umetan, hondartza hartan deskubritu nuen askatasuna». Eta hondartza hartan deskubritu zuen gerra ere: «Behin gerra hegazkin alemaniar batek metrailatu egin gintuen hondartzako kobetarako lasterraldietariko batean». Pinilla haurraren sentsazio horiek daude Pinilla helduaren lan gehienen oinarrian. Atzo hil zen Pinilla, 91 urterekin, atzean 25 liburu utzita, sari sorta irabazita, eta Euskal Herriko gaztelerazko idazle esanguratsuenetariko bat bilakatuta.
Faulknerren jarraitzaile, 1950eko hamarkadan hasi zen liburuak argitaratzen, baina luzez izan zen isilik Pinillaren luma. 1961ean jaso zuen Nadal saria Las ciegas hormigas eleberriarekin, Planeta saria jasotzeko finalista izan zen Senos lanarekin 1971n. Denbora eman zuen bakartuta gero. 2006an azaldu zion zergatia BERRIA egunkariari: «Ez zen [Nadal] sariagatik izan. Urte batzuk geroago editoreen tratu txarra jaso nuelako izan zen. Literatur zirkuitutik aldendu egin nintzen, ez nuen disgusturik nahi».
Libropueblo argitaletxea sortu, eta haren bitartez kaleratu zituen bere lanak Pinillak gerora. Bilbon egiten zuten banaketa eta irabazi tarte txikiarekin. Bere lanen hedapena urritu zuen hautu horrek. «Zazpi urtez ibili ginen liburuak argitaratzen. Trantsizioan izan zen. Ez genuen banatzailerik. Liburu ekonomikoak, poltsikokoak egiten genituen. Mahaitxo batekin joaten ginen plaza eta festetara liburuak saltzera. Polita eta nekagarria zen».
2004. urtean itzuli zen plaza handira, Verdes valles, colinas rojas trilogia kaleratuta. Hogei urte inguru eman zituen Bizkaia industrialaren jaiotza eta heriotza kontatzen duen lan mardul hura mamitzen. La tierra convulsa (Euskadi Saria), Los cuerpos desnudos eta Las cenizas de hierro liburuek osatzen zuten trilogia, eta Euskadi saria, Espainiako Kritika saria, eta Espainiako Narratiba saria jaso zuen azken lan horregatik. Getxo berriz ere orri horien atzealdean.
Haurtzaroko oroitzapenak izan zituen ardatz berriz ere idazleak bere azken liburuan. Athletic taldearen partidak ikusi zituen Pinilla haurraren ilusioa izan zuen gidari Pinilla helduak Aquella edad inolvidable idazterakoan. Gizartetik kanporatutako artista talde bati buruzko eleberria zuen bidean. Idazlearen askatasuna defendatu zuen Bilbon urtarrilean Ramon Saizarbitoriarekin batera eskainitako mahai inguruan: «Oso gauza gutxi behar da idazteko. Bokazioa, zuloa, koadernoa, kandela eta arkatza. Ez da gehiago behar. Horrekin salbu da literatura»