Juan Luis Zabala / 2014-10-09 / 693 hitz
Gaur bete dira 250 urte Fernando Amezketara jaio zela. Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena hari eskainitako hainbat ekitaldirekin ospatzen ari dira Amezketan (Gipuzkoa).Joxe Mari Oterminek Auspoa saileko hari buruzko liburua aurkeztuko du gaur. Bideoa: Fernando Amezketarrak, 250 urte (Tolosaldeko Ataria).
Fernando Amezketarra bizirik dagoela idatzi zuen Koldo Izagirrek Fernandoren heriotza amezketarra eleberriaren kontrazalean. «Bai, lagunok, gure hizkuntzak bizirik irauten duen artean, Euskal Herriko lehen bertsolaria ez da hilko. Beti izango da marrazkietako, filmetako eta liburuetako protagonista, Fernando Amezketarra figura guztiz modernoa baita, herri xehearen irudi, zapalduen mintzo, jauntxoen salatari». Fernando Amezketarraren gaurkotasuna aldarrikatu zuen Xabier Mendiguren Elizegik ere Pernando, bizirik hago oraindio antzerki lanean. Orobat Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak, Fernando Amezketarra ardatz nagusietako bat dutelarik oraindik orain estreinatu duten Garai hura gara ikuskizunean. Eta aldarrikapen hori dago funtsean aurten hala Amezketan nola Amezketatik kanpo Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena gogoratzeko antolatu diren ekitaldi ugarietan. Gaur dira justu 250 urte Fernando Bengoetxea Altuna Pernando Amezketarra jaio zenetik, 1764ko urriak 10 zituela.
Ezagutzen diren bertsolari zaharrenak dira Fernando Amezketarra eta haren garaikideak, Juan Ignazio Zabala amezketarra eta Jose Joakin Errozenea Txabalategi hernaniarra besteak beste; herri batzuetan bertsolaritza debekatuta egon zen garaian —ez hala Amezketan— bertsozale ugariren plazer iturri izandakoak. Villabonan 1801 edo 1802an Zabala eta Txabalategiren arteko lehiak, Pablo Gorosabel historialariaren arabera, 4.000 lagun bildu zituen. 1802ko martxoan, Tolosan, Zabala eta Fernando Amezketarra Txabalategi eta Altamiraren aurka lehiatu zirenean ere ez zen zale gutxi bilduko haiei begira.
Artzaintza eta meatzaritza izan zituen lanbide Fernando Amezketarrak, eta plazan antolatutako saioetan kantatzeko aukerak ez zituen asko izango, baina taberna giroan maiz aritu zela dirudi, eta oso trebea zela noiznahi hitz egiten ziotenei bertsoz erantzuten. 1823ko urriaren 23an hil zen, 59 urte zituela.
Otañoren laudorioak
Bere garaiko bertsolari onenetako bat izan zela ez da dudarik. Pedro Mari Otañok laudoriozko bertso sorta bat eskaini zion 1895ean, Argentinan, Buenos Airesko La Baskonia aldizkarian, bertsolari gisa zituen dohainak goretsiz. Horrez gain, herritarrengan arrasto sakona uzteko moduko nortasuna izan zuen, haren izena eta hari egokitutako esanak eta gertaerak gaur arte transmititu baitira belaunaldiz belaunaldi, ez soilik Amezketan.
Pedro Mari Otañok ez ezik, Jose Artetxek, Manuel Lekuonak, Alfontso Irigoienek eta Gabriel Arestik ere, beste askoren artean, Fernando Amezketarraren figura oso estimatua zutela adierazi zuten, Joxe Mari Oterminek Fernando eta bere garaiko Amezketa liburuan haien lekukotasunak bilduz erakusten duenez. Fernando Amezketarra «Euskalerriaren aitajaun bat» izan zela idatzi zuen Arestik, 1964an argitaratutako artikulu batean; eta «Axularren halturakoa» zela ere esan zuen. Pernando errespetatu bear zuen izenburu Arestiren artikuluak.
Belaunaldi batetik bestera ahoz ahoko transmisioan gaurdaino iritsiak, oso ezagunak dira Fernando Amezketarrari egozten zaizkion ateraldi, txiste eta pasadizoak, eta liburu eta ikus-entzunezko askoren oinarri eta iturburu ere izan dira azken urteotan, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran aldizkarietan argitaratutako ipuin askoren oinarri eta iturburu izan ziren gisa berean.
Izandako estimazioaren ondorio eta isla dira Fernando Amezketarrak XX. mendean Amezketan jaso zituen hiru omenaldi handi eta jendetsuak ere, 1924koa, 1952koa 1964koa. Club Vasco de Camping elkarteak 1952koan antolatu zuen omenaldian izan zuen estreinaldia Isidro Ansorenaren Birigarroa txistu eta danbolinerako obrak, eta hizlarien artean Jon Etxaide idazlea izan zen.
Omenaldi artean, liburua
Jaiotzaren 250. urteurrena gogoan, aurten ere Amezketari omenezko ekitaldi askoren gune izatea egokitzen ari zaio. Egunotan Fernandoren Astea ospatzen ari dira, eta ekitaldietako bat Joxe Mari Oterminen Fernando Amezketarra, 1764-2014 liburuaren aurkezpena izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu du liburua —Auspoa bildumako 330.a izango da—, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egindako azalarekin.
Liburua aurkezteko lanean, hitzaurrearen egilea izan du lagun Oterminek, Pello Esnal idazle, bertso jartzaile eta bertso aditua. Fernando: arketipo eta garaikide. Zer izan da Fernando bertsolaritzan, eta euskal gizartean? Eta zer da gaur? da Esnalek, Oterminen liburua aurkezteko, egingo duen hitzaldiaren izenburua.
Gaur, ordu eta leku berean, Fernando Amezketarraren bertsoetan oinarritutako emanaldia eskainiko dute Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Aretxagak, eta ondoren bertso afaria izango da Amezketako paper fabrikako elkartean. Larunbatean eta igandean ere hainbat ekitaldi izango dira, hala nola herri krosa, zahagi bazkaria, kantaldi eta dantzaldia, eta azoka, besteak beste.
Amezketatik kanpo ere gogoan izango dute Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena. Adibidez, Donostiako Aiete auzoko kultur etxeko haurtxotekan Jesus Lucas ilustratzaileak egindako Fernando Amezketarraren irudia jarriko dute hilaren 24an, 17:30ean, eta kontakizuna eta txisteak entzuteko aukera ere izango da ekitaldi horretan.