Iñigo Astiz / 2014-10-03 / 1.094 hitz
SERIEA. Euskara batuak 50 urte (IV). ‘H’-ari buruzko gatazka
Oihartzun argia dute gizarte gatazkek euskara batuari buruzko eztabaidetan, eta argia da ‘h’ hizkiaren kasua. ETAren ikurtzat hartu zuten batuaren aurkako zenbaitek.
Herria, erria ala eRia. Mundua ulertzeko era bat bultzatzen du grafia bat edo beste aukeratzen duenak. Izan ere, maiz ez dira erabat filologikoak izaten hizkuntzaren inguruko eztabaidak, eta euskara batuaren kasua ez da salbuespena. Gatazka haiek gertutik ezagutu zituen Joxe Azurmendi pentsalariarena da esaldi hau: «Batasuna ez zen proiektu politiko bat, baina kontzientzia politiko bat suposatzen zuen». Euskal Herri osorako kultur hizkuntza estandar bat sortzea zen helburua, baina kontsentsua ez zen erabatekoa. Aurrez ere izan ziren talkak, baina bereziki muturtu ziren jarrerak Euskaltzaindiak euskara batuari babesa erakutsi ostean izan ziren. Hego Euskal Herrian izan zuen eztabaidak pisu nagusia, eta paradoxikoki Hego Euskal Herrian isila den hizkiak eragin zuen zalapartarik handiena: h letrak. Ikur bilakatu, eta marxismoarekin, antiklerikalismoarekin eta ETArekin ere nahasi nahi izan zuten batasunaren aurka ziren zenbait eragilek. Amildegi bilakatu zen herritik errirako aldea zenbaitentzat.
«H-a sinbolo politiko bat da, baita jantzi serafikoz jantzitako jende jakintsuek ukatu arren ere. Igitaia eta mailua, gurutze gamatua edo biak batera izan daitezkeen bezain politikoa». 1974ko Tus hijos y el euskera (El mito del Batua) liburuan dator Josu Arenazaren esaldia. Eta ez da garai hartan botatako okerrenetariko bat. Adierazgarria da azaleko irudia, ordea. Baserritar itxurako bikote baten begiradapean, euskal baserri baten teilatua txikitzen du zeruan dagoen H erraldoi batetatik ateratzen den tximistak. Eta laburtzen du irudiak h-aren aurkakoen programa: Jainkoa, familia eta lege zaharrak txikitzera zetorren mehatxu marxista iraultzailea zen hizki hura, eta, beraz, baita euskara batua ere. Baina Azurmendiren hitzetan, lehenagotik zetorren eztabaida. «Garai hartan oinordekotzan jasotako arazo bati egin behar izan zion aurre batasunak, eta problema hori zen euskara garbiaren eta euskara mordoiloaren arteko eztabaidaren arazoa. H-aren eztabaida, beste eztabaida horretan izan zirenen inguruko filia eta fobiek eragin zuten. Zeren garbi edo mordoilo eztabaidan sozialki mugitzen ziren abertzale klasiko gehienak garbizaleak ziren, eta horiek mordoilozaleen oso-oso etsaiak ziren. Txillardegiren eta haren inguru guztiaren aurkakoak, beraz».
Luditik mundura
1959an amaitu zen ludia, eta 1959an hasi mundua. Klabea da urte hura Azurmendiren ustez. Gerraosteko lehen arauetariko bat adostu zuen akademiak orduan, eta kolpe bat izan zen Aranaren eredu linguistikoaren jarraitzaileentzat. Kanpoko hizkuntzen eraginaz libro nahi zuten haiek euskara, eta horregatik egiten zieten izkin arraza, aingeru, eta mundu hitzei; eta horregatik asmatzen zizkieten ordezkoak: enda, gotzon eta ludi. Puru nahi zuten euskara. Baina purutasun horren aurka egin zuen Euskaltzaindiak 1959an. «Sustrai aundiko itzak, bada, euskal itzak dira, naiz eta erderatik etorri. (…) Itz oiek eskubide osoz erabili ditezke, eta oien lekuan erabiltzeko asmatu diran itz berriak eztira geienetan euskal-itzak eta eztute aiek ainbat eskubide erabilliak izateko». Koldo Mitxelenak aurkeztu zuen txostena, eta akademiak onartu. Traiziotzat hartu zuten erabakia Orixek, Eusko-Gogoa aldizkarikoek eta aranistek. Eta, Azurmendiren hitzetan, hor hasi ziren ezinikusiak hazten.
«Neu h-aren kontra egon nintzen», aitortu du lehenik. Eta arrazoiak eman ditu segidan. «Nik orduan uste nuen hegoaldean ezingo genuela inoiz h-a nagusiarazi. Horretarako beharrezko diren bitartekoak orduantxe ari ziren sortzen. Ez zegoen bitartekorik hori nagusiarazteko, eta, hala ere, ni pozten naiz oker nengoelako. Arrazoia eduki zuten h-a hartzea erabaki zutenek, eta herri honek gero eman du indarra». Praktikoa zen, beraz, pentsalariaren ezetza. Praktikoa zen Hego Euskal Herri osoko ikaslez beteta zeuden seminarioetako kideen ezetza ere. Eta, Azurmendik dioenez, praktikoa zen h-aren aurkako gehienen motibazioa. Hasieran, behintzat. 1955etik 1963rako tartean. Gero gaiztotu zen giroa. «Garai hartan oraindik euskara batua ez zen identifikatzen ETA eta iraultzarekin. Bazeuden hori oinarritzeko motiboak, Txillardegi ETAkoa zelako, eta abar, baina oraindik inork ez zuen pentsatzen ETAn baizik eta Txillardegirengan. Txillardegiren kontra jendeak zeukana zen nobela berde bat idatzi zuela eta halako besteren bat, baina oraindik ez zegoen politizatuta borroka horren motibazioa, edo gehienez ere zegoen EAJ bai-EAJ ez dema, baina mordoilo edo garbi zentzuan».
«Zahar eta gazteen arteko haustura gertatu zen». Euskara batua, ezina ekinez egina liburuan deskribatzen du arrakala Koldo Zuazok. «Ordu arte aukeran zegoen h-a erabiltzea, eta erabiltzearen aldekoa zen gazteria gehiena. Ipar Euskal Herria batasunera ekartzea zen horretarako arrazoia. Adinekoek, ostera, lehengoari eusten zioten eta, ulertzekoa denez, neketsu gertatzen zitzaien h-z betetako izkribuetara begiak ohitzea». Eta bizi zen sura gasolina bota zuen Luis Haranburu Altunak 1972an. Iraultzaren sinbolo aldarrikatu zuen h hizkia. «Eten dugu historikoki eta eredu bezala jaso eta jasan dugun euskara. Jaso eta jasan diot, zeren eta guri sortean bezala egokitu zaikun euskara hau, gizaldi askoren kutsu ideologikoaz heritua ailegatu zaiku. (…) Lehenengo etenak (sabinista) formaz, eraz aldatu nahi izan zuen euskara. Gaiaz, ordea, lehenean jarraitu zuen; eten honen pertsonak eta frogatzaileak seinu berekoak zirenez, hots burges-klerikal. (…) Urte hauetan, 1960-64, gertatu den mugimenduan, berriz, forma eta gaiaren aldeitik izan da. Hizkuntzarekiko eten formalista horren sinboloa h dugu. Iraultza guztiak du bere sinbologia eta, historikoki bederen, h agertzen zaiku sinbolo plastiko bezala». Bandera bihurtu zuen hizkia, eta baliatu egin zuten aukera h-aren aurkakoek. H-ari aurka egiteko, hori bai.
Oposizio antolatua
Historia ofizialean ere badator gatazka haren berri. Joan Mari Torrealdaik eta Imanol Murua Uriak idatzi eta akademiak argitaratutako Euskaltzaindia ekin eta jarrai liburuan. «Sekulako legenda zabaldu zuten [batasunaren aurkakoek]: (…) H ETAren ikurra eta amarrua omen da, ez alfabetoko hizkia; euskara batua erlijioaren etsaia omen, marxista, maoista, marcusearra; euskara batua euskara ez baino euskarantoa omen da. Irain pertsonalak, mehatxuak eta erasoak tartekatu ohi ziren maiz, batez ere Luis Villasante, Koldo Mitxelena eta Juan San Martinen aurka». Ez zuen dena alde akademiak, beraz, eta antolatuta zegoen oposizioa, gainera. Hor ziren, besteak beste, Kardaberaz bazkuna eta aldizkaria, Euskerazaleak elkartea, eta Zer, Saski-Naski eta Agur aldizkariak. Talde horientzat Euskaltzaindia ez zen euskararen erakunde ofiziala, elkarte bat gehiago baizik. Eta defentsara atera behar Euskaltzaindiak. Maiz. Villasantek 1973an, esaterako: «Arazo honek hizkuntzaz bakar-bakarrik du zer ikusia, eta deus ez erlijioaz, fedeaz edo politikaz».
1970eko kinka
Sakona izan zen krisia. 1970ekoa du gogoan bereziki Azurmendik. Urte hartan utzi zuen Euskaltzaindia ordura arte euskaltzainburu izandako Manuel Lekuonak, eta urte hartan hartu zuen lekukoa Luis Villasantek. Hil edo bizikoa izan zen unea. 1970ean atera zen 68ko proiektua aurrera. «Nire ustez, Lekuona ekibokatu zen, eta alderdi okerra hartu zuen, Euskarazaintzarekin-eta lerratu zen, galtzaileen alderdia hartu zuen. Zergatik hartu zuen alderdi hori, berak 1968an euskara batua bultzatzeko indarra egin eta gero? Bada, aipatu duguna da arrazoi nagusia: atxikimendu pertsonalak», dio Azurmendik. Kostata irabazitako babes instituzionala galtzear egon zen batasuna. Baina aurrera egin zuen azkenean, eta ez du Azurmendik uste h-aren auziak zauri sakonik utzi duenik. «Batasuna nagusituz joan da, arrazoi pragmatikoengatik; ez dago ateratzerik ikastoletarako testuak bizkaieraz, gipuzkeraz, nafarreraz… Pragmatismoak inposatu du batuaren nagusitzea. Eta agian horrek eragin du kalte bat ere. Batuaren borrokak ahantzarazi digu pedagogia bat landu beharra genuela dialektoak ez baztertzeko, eta pedagogian baztertu egin ditugu. Horren zorra ordaintzen ari gara orain».