Estibalitz Ezkerra / 2014-10-26 / 723 hitz
Aktualitatearen erdian dago ebola gaitza egunotan, orain artean zientzia fikzioa zirudiena errealitate bihurtuta. Baina hainbat idazlek ekarri izan dute lehenago ere literaturara izurritearen gaia.
Ebola albiste da egunotan. Azken hiru hilabeteetan Afrikako zenbait herrialdetan ehunka lagun gaixotu eta hil dituen birusa Europara eta Ameriketako Estatu Batuetara heldu da, eta horrek nazioarteko komunitatearen interesa piztu du —uler bedi aipatu bi lurralde horietako agintariena—. Zientzia fikziozko filmetako gai gogokoenetako bat, hots, izurriaren mehatxua, jadanik ez da espekulazio ariketa hutsa, errealitatea baizik. Ezberdintasun ekonomikoak, oraindik indarrean dirauten egitura kolonialistek hirugarren mundu zein herrialde azpigaratu kategorietara kondenaturiko lurraldeen arazo omen zen izurria, eta, fikzioaren bidez hura geure eremura zabaltzeko aukerarekin plazer hartzen bagenuen ere, fikzio moduan ikusten genuen aldetik zen, hain zuzen, atsegingarri.
Baina izu(rri)a gure artean da orain, eta arazoa da ez dakigula nola egingo diogun aurre. Iaz 700 urte bete zituen Giovanni Boccaccioren Decameron-eko pertsonaiek uste dute ihes egin dezaketela 1348an Florentzia gogor jo zuen izurritik, horretarako Fiesoleko basetxe batean babes hartuta, landa eremuan. Bi aste igarotzen dituzte horrela, zibilizaziotik urrun, elkarri istorioak kontatzen, erotikoak zein tragikoak.
Yersinia pestis izena jarri zioten Florentziako hondamendia eragin zuen baziloari. Azkar hedatu zen hura, arratoi-arkakusoen bitartez. The Regensburg kazetako Konrad von Megenburgek idatzi zuen gizakien bekatuek eragindakoa zela izurria, eta uste berekoa ziren asko garai hartan. Errebelazioen liburuan azaltzen baita apokalipsiko zaldunetako bat izurria dela; beste hirurak, gerra, gosea eta heriotza. Decameron-en bertan esaten zaigu izurria Jainkoaren haserrearen adierazpena dela, eta nolabait iradokitzen zaigu distantziak ez dituela libratuko gizakiak haien hutsegiteengatik zabaldutako gaitzetik. Dauden tokian daudela, goiz ala berandu, iritsiko zaie beren unea.
Izurriaz baino gehiago, izurriaren testuinguruan garatutako istorioak biltzen ditu Decameron-ek. Geroko lanetan, ordea, hondamendiaren nondik norakoek eta haiek giza harremanetan izandako eraginak hartuko dute protagonismoa. Daniel Defoeren A Journal of the Plague Year lanak (1722, Izurri urtearen egunerokoa), esaterako, 1665ean Londresen jazotako izurriaren kronika eskaintzen digu, gizonezko herritar baten ikuspuntutik. Alessandro Manzoniren I promessi sposi ere (1827, Ezkongaiak), berez tokiko jauntxoaren esku hartzearen ondorioz ezkontzeko planak bertan behera utzi behar dituzten Renzo eta Luciaren istorioan oinarritzen bada ere, 1630ean Milanen gertaturiko izurriari eta haren ondorioei hiru kapitulu eskaintzen dizkie —Lucia bera gaixoetako bat da—.
Boccacciok bezala, Defoek eta Manzonik izurria kokaleku jakin bati lotuta azaltzen dute beren lanetan. Mary Shelleyren The Last Man nobelan (1826, Azken gizona), ordea, mundu osoa dago mehatxupean, eta horren ondorioz botere dinamika arras jazartzaileak nagusitu egiten dira. Azken datu horren gaineko oharra: XXI. mendean kokaturik dago Shelleyren liburua; gure garaian, alegia.
Camus eta Saramago
Izurriari buruzko lan garaikideen artean aipatzekoa da Albert Camusen Izurria (1947), Imanol Tapiak 1993an euskaratua Literatura Unibertsala bildumarako. 1940ko hamarkadan kokatutako nobela Oranen (Aljeria) 1849an —Frantziak lurraldea kolonizatu eta gutxira— zabaldutako izurrian dago oinarrituta. Emaztearekin batera luxuzko apartamentu batean bizi den Bernard Rieux medikuak bere mundua gain behera etortzen ikusten du izurriaren ondorioz, baina paradoxikoki egoera horrek berak indartuko du mediku den aldetik gaixoekin agertu behar duen engaiamendua. Beste pertsonaia batzuen laguntzarekin, izurriak kutsatutakoak artatzen hasiko da, eta, arrakasta tartea txikia izan arren, egunetik egunera hildakoen kopurua gora doalako, ez du etsiko bere helburuan. Hilabeteak aurrera joan ahala, izurriaren eragina gutxituz joango da, eta agintariek amaitutzat joko dute hirian ezarritako itxialdia. Jendea lasai itzul daiteke kalera kutsatua izateko beldurrik izan gabe. Albiste ona izan behar duen horrek, baina, ez ditu poztuko Rieuxen laguntzaileak. Batek, ikusitako guztiaren ostean, burua galduko du, eta gaixoak laguntzeko prozesuan bizitzen jarraitzeko arrazoia aurkitutako beste batek, helbururik gabe, nora ezean bukatuko du. Bien bitartean, Rieux bera itxaropentsu dago, muturreko egoeretan elkarrekin ezer ez duten gizabanakoen artean elkartasuna posible dela ohartu delako.
Antzeko gogoeta batekin amaitzen da Jose Saramagoren Ensaio sobre a cegueira (1995, Itsutasunari buruzko saiakera). Egun batetik bestera, zergatik ez dakitela, jendea itsu geratzen hasiko da. Camusen nobelan bezala, mediku bat eta haren emaztea daude narrazioaren oinarrian. Kasu honetan, baina, medikuak ikusmena galduko du, eta emaztea da gaitzetik libratzen den bakarra. Hala ere, gobernua kutsatutakoak kartzelak izandakoetara bidaltzen hasten denean, senarrarekin batera joatea erabakiko du, haren eta bidean batuko zaienen gidari bihurtuz.
Ensaio sobre a cegueira lanak erakusten digu ezbeharrean ere botere borrokak gertatzen direla baina elkartasun sareak ere sor daitezkeela. Saramagoren lana inguratzen gaituen errealitatearen metaforatzat har genezake: itsutasunak baino gehiago itsukeriak gidatzen gaitu, ez ikusteko nahiak, alegia. Izurriak ez gintuelako inoiz utzi; beti izan dugu inguruan. Kontua zera da, nork kontatuko duen oraingoan izurriaren istorioa, eta, garrantzitsuagoa dena, nork hartuko duen hari behin betiko aurre egiteko erantzukizuna
Pingback: Fantasia historikoen fantasiaz | Oharrak & Hondarrak