Jon Rejado / 2014-10-09 / 399 hitz
Nanoskopia garatu duten hiru ikerlarik jaso dute Kimikakoa.
Biomedikuntzaren iraultza ahalbidetzeagatik saritu dituzte.
Ikerlarien begirada mikrotik nanora eramatea ahalbidetu duten hiru ikerlarik jaso dute 2014ko Kimikako Nobel saria. Eric Betzig, Stefan W. Hell eta William E. Moerner zientzialariek eginiko lanari esker mikrobiologiatik nanobiologiarako jauzia egin da azken hamarkadan. Milimetro baten milarenetik, milimetro baten milioienera. Hau da, zelula bizidunen barruko molekulen arteko elkarreraginak ikustea ahalbidetu dute, eta, horrekin, biomedikuntzari hamaika ate ireki.
Izan ere, hiru ikerlari horien lanari esker, zelula bizidunen barruan molekula zehatzek egiten duten bidea jarrai daiteke, edota molekulek neuronen artean sortzen dituzten loturak ikus daitezke. Suediako Zientzien Errege Akademiako ordezkariek nabarmendu dute nanoskopiak hainbat erabilera dituela. Horien artean, gaixotasunen ikerketan ahalbidetu dituzten bide berriak gogorarazi dituzte. «Parkinsonen, Alzheimerraren eta Huntingtonen eritasunetan zerikusia duten proteinak azter ditzakete zientzialariek».
«Saihestutako» mugak
XIX. mendearen bukaeran Ernst Abbek eta Lord Rayleighek mikroskopio optikoen muga zehaztu zuten. Ezinezkoa zen erabilitako argiaren uhin luzeraren erdia baino txikiagoak ziren xehetasunik lortzea; kasurik onenean ere, 0,2 mikrometroko xehetasunak ziren muga. Muga hori «argitasunez saihestu» izana eskertu die Suediako Zientzien Errege Akademiak 2014ko Kimikako Nobel saridunei.
Hiru saridunak ez dira izan mikroskopio optikoen mugak gainditzen ahalegindu eta lortu zuten lehenak. Ordea, beste saio horiek —mikroskopio elektronikoa kasu— hainbat muga zituzten organismo bizidunekin erabili ahal izateko. Eric Betzig, Stefan W. Hell eta William E. Moerner zientzialariek abiarazitako ikerketa ildoek muga horiek gainditu zituzten.
Bi lan ildo jarraitu dituzte sarituek, baina biek dute oinarrian molekulen fluoreszentzia. Stefan W. Hellek (Errumania, 1962) Sted mikroskopioaren teoria egin zuen 1994an, eta 2000. urtean egiaztatu. Sistema horretan bi laser izpi erabili zituen; laser batekin molekula fluoreszenteen distira eragiten den bitartean, beste laser izpiak fluoreszentzia apaltzen du, bolumena izan ezik. Lagina nanometroz nanometro eskaneatuta, kalitate handiko irudia ateratzen da, eta hala, Abberen mugak gainditu.
Bigarren teknika Eric Betzigek (AEB, 1960) eta William E. Moernerek (AEB, 1953) landu zuten, lan bereizietan. Molekula bakarreko mikroskopia izeneko metodoa jorratu zuten biek. Moernerek 1989. urtean lortu zuen lehen aldiz behatzea molekula baten zati fluoreszentea, fluoroforoa, alegia. Hortik aurrera, beste hainbat zientzialarik fluoroforo gehiago antzeman dituzte.
Datu horiekin, Eric Betzigek ideia garatu zuen, 1995. urtean. Eremu baten hainbat irudi hartuz gero, eta horietako bakoitzean molekula jakin batzuen zati fluoreszenteak ateraz gero, horiek guztiek gainjarrita bereizmen handiko irudia lortuko luke: maila nanometrikoko Wbereizmen handiko irudia. 2006an praktikara eraman zuen teoria, eta gaur egun, biologo askok erabiltzen dute teknika hori.
Hiru ikerlarien artean banatuko dute akademiak emandako saria: 879.000 euro.