Juan Luis Zabala / 2014-10-01 / 610 hitz
Itsasertzeko paseoetan izandako gogoetak eta burutazioak jaso ditu Pako Aristik ‘Urari ostutako poemak’ liburuan.
«Hitzekiko mesfidantza handiarekin» idatzi ditu olerkiak.
Mendi artean jaio eta hazia izanagatik ere, itsasertzean paseatzea maite du Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), eta Getarian (Gipuzkoa) egindako paseo ugarietan izandako ideia eta burutazioetan oinarrituak dira azken urteotan idatzi eta orain Urari ostutako poemak liburuan (Susa) argitaratu dituen poemak.
Mendia ez bezala, itsasoa aldakorra iruditzen zaio Aristiri. «Mendia beti dago berdin. Nire haurtzaroan Urrestillan ezagutu nuen haitza hantxe dago orain ere, orduan bezala. Itsasoa, aldiz, beti ari da aldatzen. Joan-etorrian, kolorea aldatzen zaio, aldatzen zaio bolumena, aldatzen zaizkio olatuen neurriak, haizea… Bizitzaren aldakortasunarekin harreman handiagoa du itsasoak mendiak baino. Gaztetan uste izaten duzu bizitza gauza egonkor eta tinko bat dela, edo hala izan dadin nahi izaten duzu. Baina gero bizitzak jarritako pareta guztiak gainditzen ditu, eta ohartzen zara bizitza aldakorra dela eta beti izango dela aldakorra. Iragankorra dela. Eta gure min guztiak dena egonkor bihurtu nahi izate horretatik datozela. Horretarako daude sortuak tradizioak, erakundeak, instituzioak, ezkontzak, eskolak… guk dauzkagun errito eta festa guztiak, lagunarteko asteroko afariak…».
«Hitzekiko mesfidantza handiarekin» idatzi ditu liburuko poemak Aristik. «Askotan, bizitzan izaten diren zorigaitzek baino min handiagoa egiten dute guk zorigaitz horietaz dauzkagun iritziek, zorigaitz horietaz esaten dugunak edo uste dugunak. Gure gizartean mina dago, min handia ikusten dut nik jendearengan, eta neurri handi batean kulturak sortutako mina da. Bizitzako gertaerei buruz esaten ditugun gauzek osatzen dute kultura. Poema batean planteatzen dut, adibidez, amodio bat bukatzen denean ingurukoek hori porrot gisa ulertzen dutela, sinetsarazi digutelako amodioak bizitza osoa iraun behar duela. Eta nik diot: ‘zeinek esaten du amodio batek bizitza osoa iraun behar duela?’. Kulturaren lana sartzen da hor. Gure kultura judu-kristaua da, oso errepresiboa, horretaz ohartzen ez baldin bagara ere. Plazeraren aurkakoa da, kulpabilitatea bilatzen eta sentiarazten du han eta hemen etengabe».
Ugaztunen jokabideak
«Beldurraren kulturak segurtasuna bilatzen du, eta segurtasun horren bila jendeak hiru mekanismo garatzen ditu», Aristiren ustez, «ugaztunek arrisku baten aurrean garatzen dituzten berberak: automutilazioa, mimetizazioa eta norberaren bokaziotik ihes egitea. [Albert] Einsteinek esaten zuen gizaki gehienen iritziak ez direla beren gurasoen eta beren irakasleen iritzien bariazioak baino. Pertsonek ahalmenak dauzkate bizitzaren aurrean, baina gurasoak, eskola eta ingurua ahalmen horiek murrizten saiatzen dira, pertsonak gizartearentzat zerbitzari onak izan daitezen». Gurasoen presioari men eginez idazteko grinari uko egin eta lanbidez abokatu izan ondoren, erretiroa hartutakoan, idazten hasten denaren bizitza «penagarria» izan dela iruditzen zaio, adibidez, Aristiri.
Tradizio judu-kristauak «bizitza ulertzeko» eta «samurtasunez jokatzeko orduan» balio izan ez dionez, «sufrimenduaren aldeko kultura bat delako», Ekialdeko filosofiara jo du, filosofia hori Mendebaldera ekarri duten idazleen bidez batez ere: Thomas Merton, Jiddu Krishnamurti, Anthony de Mello, Alejandro Jodorowsky… «Niretzat, bizitza hobeto ulertzen da, edo bizitzak hobeto funtzionatzen du Ekialdeko paradigmetan, Mendebaldeko paradigma kristau eta hiperkapitalistetan baino».
Aristiren liburuan poemek, dauden ordenan jarrita, «bidaia bat» proposatzen dute. Bizitza bera den bidaia, bihotzaren lehen taupadekin hasita heriotzaraino doana. Lehen poemetan, bidaiarako prestakuntza lanak ageri dira, eta «aholku liburu baten tankera» hartzen du poemarioak tarte horretan. Ondorengoetan, bidaia hasten eta garatzen da. Batzuetan, poeta bera eta bere pentsamenduak ageri dira poema horietan, beste batzuetan beste pertsonaia batzuk. Azkenekoetan, heriotzari buruzko gogoetak dira nagusi, eta liburuko ni poetikoa «hiltzeko prestatzen» hasten da.
Bere poesiak Tomas Transtromer suediar poeta Nobel saridunaren eragina duela aitortu du Aristik. Getarian, paseoen ondoren, Ketarri tabernan kafe bat hatzera sartutakoan, Transtromerren poemak irakurtzeko ohitura hartua zuen, taberna horrek artean ere liburuak zituen garaian, iragan otsailean ekaitzaren ondorioz itsasoa bertaraino sartu eta denak eraman baino lehen. Poesia idazten ikasteko maisu egokitzat du Aristik Transtromer. Horrez gain, hainbat euskal idazleren eragina ere aitortu du: Koldo Izagirre, Beñat Sarasola, Joxantonio Ormazabal, Jule Goikoetxea, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano eta Jose Angel Irigarai, «beste askoren artean».