Saioa Alkaiza / 2014-09-28 / 449 hitz
Ernesto Pratek ‘Orpoz orpo’ estreinako eleberria plazaratu du; sexua, euskal gatazka eta umorea nahastu ditu bertan.
Sexuaren militantea. Horixe da Ernesto Pratek kaleratu berri duen Orpoz orpo eleberriko protagonista (Txalaparta). Umorea eta erotismoa dira obraren zutabeak, baina badu ezohikoa den ezaugarri bat ere: euskal gatazka. Hala, iheslari batek sexuarekin dituen gorabeherak azaltzen ditu. Eta autobiografikotik ez badu ere, istorioa zuzenean lotuta dago idazlearen bizitzarekin. 2008an alde egin zuen Pratek, Guardia Zibilarengandik ihesi, eta ezkutuan bizi izan zen, harik eta 2012an atxilotu zuten arte. Ihesean eta kartzelan idatzi zuen, beraz, orain aurkeztu berri duen lana. Egoeraren laztasunaren kontrako «terapia» izan zen. Ihesaldiaren ihesbidea.
Karlosen istorioa kontatzen du liburuak. Ezker abertzalearen inguruan aritzen den gazte bat da, eta une jakin batean alde egin behar du. Hori guztia, baina, zeharka edo zuzenean orriz orri azaltzen den elementu batekin nahastuta: sexuarekin. «Sen politiko batek gidatuta baino gehiago, zakilak gidatuta mugitzen da Karlos», azaldu du Mikel Sotok, Txalapartako kideak. «Gazte pito bat da», zehaztu du Pratek.
Ihesean bizi zeneko ordu luzeek bultzatu zuten Prat idaztera. Xabier Zapirain iheslari ohi eta idazlearen poema bat errezitatu du, garai horretan sentitutako ezinegona laburbiltzeko. «Guretzat “iheslarientzat” etsairik makurrena, polizia baino gehiago, denbora da. Nola bete orduak, egunak, asteak egundoko borroka eraman behar da, egunero, denboraren aurka. Ezin da sinetsi, denbora, hain gutxi pisatu eta zein astuna den!»
Baina egoerari buelta ematea erabaki zuen Pratek: «Erlojua hor zegoen, mehatxuka. Eta bi gauza egiten ahal nituen: horretan ito, edo modu baikorrean begiratu». Alde positibotik so egiten saiatu zen bera; muturrekoa zen egoera bati, umorez begiratzen. «Egoera zailak umorez hartzen ditut normalean. Kasu honetan ere horrela izan zen».
Idaztea «oso gauza praktikoa» da ezkutuan, Praten irudiko. «Papera eta boligrafoa baino ez dituzu behar, eta hori edozein etxetan dago». Era berean, denbora pasatzeko modua ere bada. «Ideia bat garatzeak ordu anitz eskatzen du. Goiz oso bat pasatzen ahal da paperaren gainean ohartu gabe». «Konplexurik gabeko testua» dela esan du, ahobizarrik gabe hitz egin baitu sexuaz eta gatazkaz.
«Kartzela literatura»
Bi parte dauzka eleberriak; baina hiru kolpetan idatzi zuen Pratek. Ezkutuan zegoenean sortu zuen lehenengo partea. Bigarrenarekin kartzelan hasi zen, baina atera eta kalean bukatu zuen. Une berezi batean amaitu zuen, gainera: justu Auzitegi Nazionalak haren auziko epaia eman baino lehen, (absolbitu egin zuten). Horregatik, «erabat lotuta» dago Orpoz orpo-ren idazketa haren bizitzaren prozesuarekin.
Espetxean obra bat egiteko zailtasunak aipatu ditu sortzaileak. Anekdota bat eman du adibide gisa. Tolosako (Frantzia) presondegitik Soto del Realgora (Espainia) mugitu zutenean, obra idatzita zegoen kaiera miatu zion kartzelako langile batek, eta «Segurtasun Batzordera» igorriko zuela esan zion. Baina, azkenean, familiari bidaltzen utzi zioten, ikuskatu gabe. Hala, liburuaren tonua alaia bada ere, egoera «zailetan» egina izan dela gogorarazi du egileak. Argi utzi nahi izan du: «Kartzela literatura da»