Maialen Unanue / 2014-11-28 / 1.128 hitz
Hasi dira katalogoak postontziak betetzen, telebistako iragarki tarteak menpean hartzen: badatoz Gabonak eta, horrekin batera, jostailuen bonbardatzea. Mezuak era askotakoak dira, bi ardatzen bueltakoak betiere: feminitatearen eta maskulinitatearen bueltakoak.
Gainean dira Gabonak, oparien aroa, eta jendez beteko dira jostailu dendetako korridoreak, katalogoz postontziak, eta printzesa eta heroiz telebista iragarkiak. Guztiak ere bi koloreren jiran, esan nahi baita, urdinaren eta arrosaren bueltan. Baina noiz finkatu zen arrosa kolorea neskentzat? Noiz urdina mutilentzat? Betidanikoa da, «naturala» balitz bezala, sexuaren araberako kolore desberdintze hori?
Ez da, ez, betidanikoa. Hala ebatzi zuen Jo Paoletti Marylandeko Unibertsitateko (AEB) historialariak Pink and Blue: Telling the Girls from the Boys in America liburuan (2011). 1880tik gaur egun arte haurren sexuari lotutako koloreak aztertu zituen Paolettik, ustezko betikotasun horren jatorriaren bila. Eta lortu zuen jatorria denboran kokatzea: «1930eko hamarkada amaieraren eta 1940ko hamarkadaren amaieraren artean gertatu zen: orduan finkatu zuten zenbait ekoizle eta enpresa minoristak arrosa neskentzat eta urdina mutilentzat».
AEBetako hainbat eskualdetan egin zuten azterketa, eta desberdintasunak zeuden batetik bestera: batzuentzat, arrosak behar zuen mutilentzat eta urdinak neskentzat, eta besteentzat, alderantziz. Arrosa mutilekin lotzen zutenek «odolaren kolore gorritik gertuago» zegoelako lotzen ei zuten; urdina, berriz, «delikatuagoa» litzateke, neskentzat egokia. Esaterako, hori azpimarratu zuen Earnshaw enpresaren haurren sailak 1918an argitaratutako artikulu batean: «Arrosa, kolore indartsuagoa izanik, egokiagoa da mutilentzat; urdina, berriz, delikatuagoa izanda, politagoa da neskentzat».
Merkatuaren azterketa horrek, baina, urdina mutilentzat ezarri zuen, eta arrosa, neskentzat. Eta bere horretan iraun du ordutik. Baina, horren aurretik, zein zen joera? Paolettik azaldu duenez, XIX. mende amaieran «modu sinplean» janzten zituzten haurrak: «Soinekoak zuriak ziren maiz. Koloreak, urdina nahiz arrosa, urtebete eta 2 urte bitartean zituztela janzten zizkieten haur guztiei, eta bai neskak eta bai mutilak janzten zituzten soinekoekin; aldaketa geroago zetorren, 5 eta 7 urte bete arteko tartean».
Urdina eta arrosa, pastel tonuetan, haurrentzako kolore gisa erabiltzen hasi zirenean, ez zegoen sexuaren araberako sailkatzerik. Ondoren etorri zen ekoizle eta enpresa minorista horien azterketa. Hori izan zen, aldi berean, kolore neutroak baztertu ziren garaia.
Sexua-generoa bikoa
Gaur egun, Paolettiren ustez, zenbait gurasori kezka ere sorrarazten dio jendeak hasieratik ez identifikatzeak euren haur jaioberria neska edo mutila den, eta hori saihesteko erabiltzen dituzte koloreak. Baina ez da gauza bera haurra mutila izanda neska dela uste badute, edo neska izanda mutila dela uste badute. Arazoa «handiagoa» da mutila izanik neskatzat hartzen badute, bi arrazoirengatik: «Batetik, mutilak neskak baino gehiago direla uste dutelako, eta, bestetik, homosexuala izango den beldur direlako».
Koloreak, urdina eta arrosa, ez dira arazoa bere horretan; berdin izan daitezke berdea eta morea, esaterako. «Arazoa da sexua eta generoa ez datozela beti bat: eme eta arrez gain, intersexualitatea ere existitzen da, baita hainbat intersexualitate mota ere». Ez hori bakarrik: «Ez dizkiegu geronen muga eta estereotipoak igorri behar haurrei: arrosa-urdina bikoak generoa-sexua biko faltsua elikatzen du, eta ez die onik egiten haurrei».
Aldaketa, etortzekotan, nondik etorriko da? Paolettik «zaila» izango dela dio, baina etorriko bada gurasoengandik izango dela. Haiek dira haurra jaio aurretik ere gela apaintzen dutenak eta jostailu eta arropak erosten dituztenak. «Arrosaz eta urdinaz haragoko haurren produktuak eskaintzen dituzten enpresa asko guraso gazteek sortuak dira; hain zuzen, genero estereotipoekin kezkatuta sortu dituzte».
Haurrei dagokienez, Paolettik uste du zenbait desberdin senti daitezkeela gainerakoen antzera ez janzteagatik. Baina beste zenbait «deseroso» senti daitezke janzten dietena generoarengatik aukeratzen dutenean gurasoek. «Kasu horretan, zein da arazoa? Haurra bera, edo arauak?».
Lanketa, maila guztietan
Emakunderen Nahiko programak, esaterako, parekidetasunez bizitzeko balioak lantzen ditu Lehen Hezkuntzako ikasleekin, tutoretza orduetan. Fernando Oregi da programaren koordinatzailea. «Horren aurretik, Pareko programa egin genuen, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat prestatua, baina konturatu ginen zenbait jarrera oso errotuta zeudela adin horretarako, eta Lehen Hezkuntzatik hasteko beharra antzeman genuen».
Oregik, ordea, are lehenago hasteko arrazoiak badaudela sumatzen du. «3 urte dituztenerako, umeek hitzez hitz adierazten dute ‘hau ez dut nahi, neskena delako’. Oso barneratuta dauzkate rol batzuk, jolas batzuk, jantziak, orrazkerak…».
Genero rolak barneratzea jaiotzetiko prozesua bada, zergatik ez hasi lehenago? «Eskaera badago eskolen aldetik, gero eta handiagoa, halakoak lantzeko Haur Hezkuntzan». Baina planteamenduak bestelakoa izan behar du, haurrak oraindik txikiak direlako. «Lehenengo Hezkuntzatik gora posible da ikasleekin zuzenean lan egitea, baina, hortik behera, materiala gehiago da irakasle eta gurasoentzat». Kezkaren ondorioz, alternatiba batzuk sortzeko beharra sumatzen du: «Hori egin ezean, errepikatu eta transmititu egiten dira orain arteko rol eta estereotipoak».
Oregiren arabera, sexua eta generoa bereizteko erabiltzen dira oraindik ere arrosa eta urdina. «Koloreei emandako esanahia da arazoa. Saioetan ikusi dugu nola mutilek ez duten jolastu nahi arrosa duen ezerekin». Oregik dio mutilen buruan errotuta dagoela ezin direla «neska izan»: «Zer da mutila izatea? Neska ez izatea, eta alderantziz». Arrosa nesken kolore gisa definitu izanak edo feminitatearekin identifikatzeak dakar euren burua mutiltzat dutenek ukatzea, Oregik azaldu duenez. «Koloreen atzean ikusten ditugu lan batzuk eta ez beste batzuk, portaera jakin batzuk, munduan egoteko modu jakin bat…».
Baina hori guztia haurra jaio aurretik hasten den prozesua da, Oregiren ustez: haurraren gela nola apaindu erabakitzean, izarak aukeratzean eta abar. «Badago» alternatibarik, Oregiren ustez, baina bilatu egin behar dira. «Etxera etortzen zaigunetik hasita —katalogoak, telebistako iragarkiak—, normalean, denek erreproduzitzen dituzte estereotipoak eta genero rolak». Ildo horretan, bestelako jostailuak bilatzeak «esfortzua egitea» eskatzen die gurasoei, zer nahi duten, zertarako eta nolakoa erabakitzeko. «Denbora eskatzen du horrek, errazenera ez jotzeko. Pentsa, klik bakarrera ditugu rol eta estereotipo horiek erreproduzitzen dituzten mila adibide».
Oregiren ustez, kolore neutroak bilatzea ez da hain erraza, haurra jaio aurretik ere. «Dendara sartzen zaren lehenengo momentutik galdetzen dizute neska edo mutila espero duzun, eta, horren arabera, gauza bat edo bestea eskaintzen dizute, denentzat baliagarri den ezer egongo ez balitz bezala».
Genero rolak hainbat alorretan aztertutakoa da Jone Miren Hernandez; Gizarte Antropologiako irakaslea da EHUn. Gabonetako jostailuen katalogo ia guztiei begira sexuen bereizketa begi bistakoa dela uste du. «Eta normalean, kolorearekin batera, jostailu mota bat dator, eta horiekin lotuta, unibertso anitz: balioak, praktikak eta abar».
Oregiren antzera, Hernandezek ere sumatu du halako joera bat jendearengan sexuaren araberako bereizketa automatikoari dagokionez. «Segituan galdetzen dizute neska edo mutila den, eta horren arabera eskaini produktu jakin bat. Zergatik produktu hori? Agian gustatuko zaio, edo ez, ezta?». Askotan entzun du Hernandezek «geneetan darama» esaldia. «Joera bat edo praktika bat naturalizatzea, finean, aldaketari bidean oztopoa jartzeko modu bat besterik ez da».
Hernandezen ustez, halako joerak aldatzeak arreta handia eskatzen du, argia eguneko 24 orduetan piztuta edukitzea: «Ziurrenik, egiten duguna baino gehiago ere egin dezakegu, baina hainbeste argi dauzkagu piztuta, zaila da denetara iristea». Eta, etxean lanketa egin arren, etxetik kanpo ere egiteko beharra ikusten du, hau da, haurrak dituen beste testuinguru guztietan; izan ere, azken batean guztietatik xurgatzen du informazioa.
Gazteen eta genero rolen ingurukoa izan da Hernandezek egindako azterketetako bat. «Gazteek, oro har, barneratua dute berdintasunaren diskurtsoa, eta diskriminazioa aitona-amonen garaiko kontutzat dute; baina praktikan, sakontzen hasten garenean, aldatu egiten dira gauzak». Diskurtsoa ikasita edukitzeak «ondo sentiarazten» ditu, Hernandezen hitzetan. «Politikoki zuzena den hori ondo ikasi dugu. Baina espazio intimoan, gertukoan, praktiken bidez adierazten duguna desberdina da»