Euskararen erroetarako bidaia

Aitziber Laskibar Lizarribar / 2014-11-08 / 276 hitz

Bittor Kapanaga hizkuntzalari eta pentsalariaren lanak bildu dituzte ‘Euskera erro eta gara’ liburuan.

Hizkuntzak, itsasoak bezela, beti joko du bere eremuak berreskuratzera». Bittor Kapanagaren beraren (Otxandio, 1925-2011) hitz horiek ixten dute haren lanak jasotzen dituen lehen liburua. Akademikoa da, kasik, Juan Martin Elexpuruk landu eta Gerediaga Elkarteak argitaratu berri duen Euskera erro eta gara lana. Euskararen erroak berreskuratu eta ikertzen ditu, eta hizkuntzalariek zein euskara lan tresnatzat dutenek irakurri eta aztertu beharrekoa da, egilearen esanetan.

Hizkuntzaren muinera jotzen du Kapanagaren teoriak biltzen dituen liburuak; euskararen sustraietara. Soinuen jatorriak ikertzen ditu; hitzen sorburuak. Hain zuzen, Kapanagak berak 1978an argitaratu zuen izenburu bereko liburua barnean bildu du kaleratu berri denak. «Garrantzitsua iruditu zaigu haren lanak argitaratzea, liburu dendetan ezin baitira aurkitu». Aspaldi amaituta eta ia desagertuta daude batzuk, argitaratu gabeak ziren besteak.

Hizkuntzalariaren ikerketa nagusiaz gain, 1983an argitaratu zuen Testu zahar baten bitxitasunak lana ere berreskuratu du Elexpuruk. Hainbat esaera zaharren interpretazioa kolokan jartzen du azterketak.

Gainontzeko hiru obrak argitaratu gabeak dira: 1984an idatzitako Euskera batua eta euskalkiak artikuluak, oraindik erabat itzali ez den liskarra erakusten du. Euskara batuaren defendatzailea zen Kapanaga, eta, haren ustez, hizkuntzaren erroetara, euskalkietara, jo behar zen euskara batua osatzeko. «Euskararik arkaikoena den bizkaieratik» gehiago hartu behar zela sinetsita zegoen.

2001.ean idatzi zuen Euskaldunon ikuskera da, Elexpururen hitzetan, «publiko orokorrarentzat irakurtzen errazena». Ahaideen, egun eta hilabeteen, koloreen zein zenbakien etimologia aztertzen da bertan, besteak beste. Initza saiakera, euskal aditzari buruzko azterketa da.

Hizkuntzalari, filosofo zein psikologoari buruzko 335 orriak ez dira haren lanari buruz argitaratuko diren azkenak izango. Egunkari eta aldizkarietan plazaratutako artikuluekin, poesiekin zein kantetarako letrekin eta dozenaka gutunekin, beste liburu bat lantzen ari da Antton Mari Aldekoa-Otalora, urtebete inguru barru argitaratzeko asmoarekin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.