Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2014-11-13 / 813 hitz
Gizonak dira gaur egun ezagutzen diren zientzialari gehienak. Baina ezezagunak diren arren, emakumeak betidanik aritu izan dira zientzia eta teknologia arloan lanean. Ezkutuan dago egin duten lana, eta horrek eragina du gaur egun zientziarekiko dagoen ikuspegian.
Isaac Newton, Charles Darwin, Pitagoras eta Koperniko. Ezagunak dira izenak. Historian arrastoa utzi zuten zientzialaritzat hartzen dira laurak, eta askotan entzun eta ikasitakoak dira haien teorema zein formulak. Baina badira ere Rosalind Franklin, Eva Harris, Caroline Hersche eta Hipatia Alexandriakoa. Ezezagunak dira, ordea. Historikoki emakumeak zientzian aritu diren arren, gutxi dira ezagutzen direnak. Baina horrek ez du adierazten hor egon ez zirenik, Yolanda Jubeto EHUko Ekonomia irakaslearen arabera.
«Emakumea beti aritu da zientzia eta teknologia arloan lanean». Hala aitortu du Jubetok. Medikuntzaren adibidea nabarmenena dela azaldu du: «Historikoki jakintza femeninotzat hartua izan da medikuntza». Sendagileak, emaginak eta sendabelarretan adituak aipatu ditu Jubetok. Materialen eraldaketa prozesuetan ere aitzindariak izan dira. Kontserba prozedurak eta elikaduraren transformazio teknikak dira horren adibide. Baita buztin eta metalaren eraldaketa ere. «Betidanik aritu da esparru horietan lanean».
Aldaketa zientzien instituzionalizazioa izan zenean gertatu zela azaldu du Enkarni Gomez EHUko Fisika irakasleak. Jakintzaren transmisiorako erakunde horietatik baztertuta geratu ziren emakumeak: «Ordura arte jakituria herritarra izan zena erakundetzen hasi zen poliki- poliki. Ofizialtasuna eman eta hori zabaltzeko akademiak sortu ziren. Emakumeei horietan sartzeko ate guztiak itxi zizkieten». Unibertsitate publikoaren sorrera azpimarratu du Jubetok: «XVII. eta XVIII. mendean zientzia modernoa eraikitzen hastean ezagutza ofiziala gizonen menpe geratu zen». Medikuntzan izandako aldaketa nabarmendu du berriz. Azaldu du unibertsitate titulazioak agertzean emakumea esparru horretatik alboratu eta gizonezkoen jakintza bihurtu zela: «Nolabait, gizonezkoen feudo bihurtu da zientzia. Ezin da esan ez garela aritu, baizik eta ez garela ikusiak izan. Izugarrizko lana egin dugu, eta aurpegia beste batzuek jarri dute».
Emakume zientzialarien artean, Marie Curie poloniarra da ezagunena. Hura izan zen Nobel saria jaso zuen lehena, baita Parisko Unibertsitateko lehen emakume irakaslea ere. Garrantzitsua izan zen Curieren lanaren onarpena, Jubetoren arabera. Eta penaz nabarmendu du haren aurretik eta ondoren ere asko izan direla aitorpenik jaso ez duten emakume zientzialariak.
Gizonen izenak ageri dira ikerkuntza eta aurkikuntzen egile gisa. Baina horien guztien atzean jende askoren lana dagoela azpimarratu du Jubetok: «Jende askok egiten du lan proiektu edo aurkikuntzetan, gerora izen bakarra gailentzen den arren». Emakumeen presentzia esanguratsua dela azpimarratu du. Adierazi du zientzialari askok etxean egiten zutela lan eta emakumeek ekarpenak egiten zituztela. Mileva Maric jarri du horren adibide gisa. «Nork ezagutzen du?». Albert Einsteinen emaztea izan zen Maric, eta Einsteinek ezagun egindako erlatibitatearen teorian parte hartze nabaria izan zuela nabarmendu dute hainbat ikerketak azken mendean. «Baina oraindik ere Maricen izena ez zaigu ezagun egiten».
Gabeziak oraindik
Etxean egindako ikerketetatik unibertsitateetara jauzi egitean arazo bera izaten dela adierazi du: «Unibertsitatera joatea debekatua zuten emakumeek, eta hor ere mugak izan zituzten arloko zientziak garatu ahal izateko». Virginia Woolf idazlearen pasarte bat ekarri du gogora azalpena emateko: «Gerrari buruz emakumeek izan zuten jarrera aztertzeko eskatu zioten Woolfi. Eta galdera bat eginez erantzun zuen berak: Nola azalduko dut gerrari buruz zer pentsatzen dudan, nire argudioak lantzeko unibertsitatean sartzeko aukerarik izan ez baldin badut?».
Ehun urte baino gehiago dira emakumeak unibertsitatera sartu zirenetik. Eta urratsak egin diren arren, egiteko lan handia dago oraindik, Jubetoren arabera: «Emakumeek egiten duten lanaren oihartzuna oso txikia da; oraindik ere ez da emakumeen lana legitimatzen». Jubetok uste du gaur-gaurkoz pentsaera hori gailentzen dela eta aldaketak oso motel gertatzen ari direla: «Gaur egungo zientzietan ere nabaria da emakume eta gizonen esparruen banaketa hori; eredu sozialak oso astiro aldatzen dira». Adierazi du gero eta emakume gehiagok egiten dituztela goi mailako ikasketak. Baina desoreka dago ikasle kopuruaren eta goi karguen artean. «Oso zaila da hierarkia hori apurtzea».
Objektibotasuna ardatz
Zientziaren ezagutza boterearekin harremanetan jarri du Jubetok: «Mundua aztertzeko erari erabat lotua dago zientzia eta teknologia». Eta azterketa horren ikuskeran jarri du arreta Jubetok. Haren arabera, zientziaren edukiak historikoki aldatuz joan diren arren, ikuskera patriarkaletik abiatzen dira denak. «Asko kostatzen da ikuskera horrek atzean gordetzen duen botere harremana zalantzan jartzea».
Objektibo eta neutraltzat hartzen da zientzia, Gomezen arabera. Horren adibidea da argudiatzean etengabe erabiltzen den esaldia: «Hori hala da, zientziak horrela frogatu duelako». Baina generoaren arabera ere bereizten da objektibo eta subjektibotasuna bera. Emakumea subjektibotasunarekin eta emozionaltasunarekin lotzen da, Gomezen arabera. Eta gizonezkoa, aldiz, objektibotasunarekin. Pertzepzio horrek eragin zuzena du zientzian, EHUko irakaslearen arabera: «Zientzialaria izateko objektiboa izan behar duzu nolabait. Pentsamendu hori oso hedatua dago. Eta objektiboa gizonezkoa da». Dikotomia hori zientzietan ez ezik beste arloetara ere hedatzen dela azpimarratu du. «Ikuspegi horrek aditzera ematen du zientzia bera agian ez dela horren neutroa».
Irakasle biek nabarmendu dute ezinbestekoa dela orain arte ezkutuan izan den lana azalaraztea. Hala azaldu du Jubetok: «Beharrezkoa da erreferentziak berreskuratzea, emakumeen lana mahaiaren gainean jarri eta egin dituzten ekarpenei garrantzia ematea». Generoen eraikuntzan egin du indar Gomezek: «Txikitatik jasotzen dugu emakume eta gizon nola egin behar garen eta bakoitzari zer dagokion. Horiek eragin zuzena dute gerora, eta horretan eragin behar dugu. Bagoaz poliki-poliki, baina oraindik ere lan handia dago egiteko»