Arkaitz Almortza Muro / 2014-11-02 / 494 hitz
2003an, Liang Bua kobazuloko —Flores uhartean, Indonesian— lozorrotik irten ziren Homo floresiensis-aren aztarnak. Ikertzaileak aho bete hortz geratu ziren; erantzun bila jarraitzen dute.
Metro bat luze ziren izakiak eta elefante ipotxak. Ez dira J.R.R. Tolkienek sorturiko zientzia fikziozko pertsonaiak, Flores uhartean —Indonesian— bizi ziren izakiak baizik. Hala irudikatzeko bidea ematen dute, behintzat, 2003an aurkitu zituzten aztarnek. Ordura arte, ez zen halakorik ezagutzen; horrenbestez, Liang Bua kobazuloan topatu zituzten izakien fosilek zientziaren hautsak harrotu zituzten. Lehen ikerketak 2004ko urriaren 28an argitaratu zituzten, eta hamar urteren ostean, hasierako galderak jarraitzen du erantzun bila: giza lerro ebolutiboko kide berri baten aztarnak al dira? Zientziaren esku dago erantzuna.
Hamarraldi honetan hamaika dira Homo floresiensis deituaren eskutik heldu diren hipotesiak. Era guztietako iritziak sortu dira, baina guztiak bat datoz fosilaren tamainan; izan ere, giza espezieko pigmeoak baino txikiagoak dira, eta, hori dela eta, Hobbit goitizena ezarri diote fosilari. Alde batetik, eta, lehen hipotesien arabera, izakiak Flores uhartera heldu ziren Homo erectus edo Homo sapiens-ak izan daitezke, eboluzioan txikiagotu egin zirenak. Fenomeno bitxia dirudi; baina ez da bakarra. Idoia Goikoetxea biologoa doktoretza egiten ari da —neandertal umeen haziera eta horrekin erlazionatutako gastu kalorikoa ikertzen ari da, hain zuzen ere— Granadako Unibertsitatean (Espainia), eta gaiaren inguruan zera dio: «Zenbait irlatan oso fenomeno bitxia gertatzen da, enanismorako joera gertatzen da. Lurralde txikiagoak dira, elikatzeko material gutxiago daukate, eta animalia handiak txikiagotzeko joera hartzen du». Garuna ere txikia zuten, laranja baten tamainakoa.
Zenbait ikertzaileren aburuz, izaki patologikoak ziren; hau da, gaixotasunen bat zuten, hala nola mikrozefalia, kretinismoa, edota Laron sindromea zutela uste dute. Era berean, aurtengoan ikerketa talde batek esan du izaki horiek Downen sindromea izan zezaketela. Hipotesiak hipotesi, hamar urte hauetan DNA lortzeko bi proba egin dizkiote eskeletoari, galdera guztiei erantzuna bilatzeko xedearekin; alabaina, ez dute inolako emaitzarik lortu
Liang Bua leizean lozorroan zegoen eskeletoa emakume batena da, eta 12.000 urte ditu. Inguruan, harrizko tresnak aurkitu zituzten, 94.000-13.000 urte bitartekoak. Adituen arabera, erreminta horiek oso modernoak dira, eta Homo sapiens-ari atxikitzen dizkiote. Kobazuloak ere izakien bizimoduaz hainbat pista ematen ditu. Antza, sua erabiltzen zuten, bai berotzeko, baita janaria prestatzeko ere, suaren inguruan elefante ipotxaren hezur erreak aurkitu baitituzte.
Fosilen artean, izakiaren burezurra topatu dute: «Eskaner bat egin da, eta ordenagailuen bitartez, burmuinaren forma irudikatu dute. Aztertuta, batzuek diote lengoaia ere izango zutela. Beraz, esan genezake, txikiak zirela, baina gu bezain inteligenteak». Espezie berri bat dela diotenek, berriz, oso izaki inteligentea zela nabarmentzen dute.
Desagertzeari buruz
Oso bitxiak dira Homo floresiensis-aren bizimoduaren inguruan sortu diren hipotesiak, baita haren desagertzearekin zerikusia dutenak ere. Eskualdean topatu dituzten aztarnen arabera, sumendi baten leherketaren eraginez desagertu ziren izaki txikiak, dinosauroekin gertatu omen zen bezala. Halere, badira XIX. mendera arte bizirik egon zirela diotenak. Zalantzarik gabe, izaki txikiak hipotesi handiak sortu ditu. Horien inguruan, Goikoetxeak argi du zein den bere jarrera: «Fosil gehiago aurkitzen ez diren arte, ez nuke eskua sutan jarriko, ez hipotesi batengatik ez beste batengatik. Kontu handiarekin ibili behar da espezie berriak agertzen direnean». Bien bitartean, zientzialariak Flores uhartean loratu diren galderei erantzuna bilatzen dihardute