Historiak ahaztu egin ditu

Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2014-11-13 / 380 hitz

‘Emakumeek zientzia egin dute’ hitzaldi zikloa egiten ari dira azaroko ostegun guztietan Bilboko Bidebarrietako liburutegian; beren arloan egin duten lana ezagutaraztea dute xede.

Emakumeek zientziari egiten dioten ekarpena ezagutzera emateko hitzaldiak antolatu dituzte Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Laugarren aldia da Emakumeak zientzia egiten dute izenburupean hitzaldiak egiten dituztela. Hala azaldu du Marta Macho EHUko Matematika irakasle eta antolatzaileak. Hilaren 6an egin zuten lehena, eta gaur dute bigarren saioa, 19:30ean. Hurrengoak hilaren 20 eta 27an egingo dituzte. Hitzaldi bakoitzean zientzian aritutako emakume baten lana ezagutzera emango dute. «Emakumeek itzalean egin dute lan zientzia arloan. Historia haietaz ahaztu egiten da, eta ezagutzera ematea da hitzaldi hauen helburua», azaldu du Machok. Zientzialari hauek omenduko dituzten aurten: Emmy Noether, Felisa Martin Bravo, Dorotea Barnes eta Linda D.B. Buck.

EMMY NOETHER Matematikaria

Pilar Bayer Bartzelonako Unibertsitateko Aljebra katedradunak emango du gaur hitzaldia Bidebarrietan. Emmy Noether alemaniarra (1882-1935) izango du hizpide. Fisikan eragin handia izan du Noetherrek. Eta askorentzat, aljebra modernoaren sortzaileetako bat da. Haren izena daraman teoremagatik egin da ezagun. Fisika simetria eta kontserbatze legeak azaltzen ditu.

FELISA MARTIN BRAVO Fisikaria

Donostiarra zen Felisa Martin (1898-1974). Madrilen egin zituen Fisika ikasketak, eta Espainian arlo horretan doktoretza lortu zuen lehen emakumea izan zen. X izpiak aztertu zituen Martinek. Emakumeek ikerkuntzan aritzeko zituzten oztopoen ondorioz, metereologia zerbitzuan zuen lanpostua uztera behartu zuten. Hain zuzen, gainditu behar izan zituen oztopo horietaz arituko da Carmen Magallon Zaragozako Fisikan doktorea hilaren 20an emango duen hitzaldian. «Ahalegin handia egin behar izan zuen Felisa Martinek gizonena zen zientzia esparruan bere bidea egiteko». Hala azaldu du Marta Machok.

DOROTEA BARNES Kimikaria

Iruñean jaio zen Dorotea Barnes (1904-2003). Madrilen egin zituen Kimika ikasketak, eta AEBetan jaso zuen ikerketak egiteko beka. Austrian espektroskopiaren inguruko ikerketak egin zituen, eta Espainiara adarra sartzen lagundu zuen Barnes kimikariak. 36ko gerra hasi zenean, erbestera jo behar izan zuen, eta bertan behera utzi zuen ordura arte egindako lana. Felisa Martinen kasuarekin batera azalduko du Carmen Magallonek Barnesena, hilaren 20ko hitzaldian.

LINDA D.B. BUCK Biologoa eta medikua

Usaimenarekin estuki lotua dago Linda D.B. Buck estatubatuarra (1947). Usaimenaren antolaketa aztertzeagatik da ezaguna. Izan ere, egunerokoan zentzumenak duen garrantzia aztertu du. Besteak beste, nortasunaren eta zeinu zein fisiologiaren eta portaeraren baldintzatzaile dela ondorioztatuz. Susana Eva Martinez Zientzia eta Antzerki institutuko zuzendariak emango du Bucki buruzko hitzaldia, hilaren 27an. Antzerki bidez zientziaren irakaspenak emango ditu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.