Urtzi Urkizu / 2014-10-31 / 276 hitz
Hamaika telebistak jarri du martxan egitasmoa.
Atari berriak bost sail ditu: informazioa, musika, kirola, fikzioa eta aisialdia.
Hamaika telebistaren ekimenez, Ikusteko.tv ataria sortu dute, euskarazko bideoak metatzen dituen webgunea. Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko herritar askok dute gustuko ikus-entzunezkoak bilatzea eta haietan «saltsan ibiltzea». Horregatik erabaki dute euskarazko bideoak leku bakar batera eramatea, kontsumitzaileak euskarazko edukiak errazago aurki ditzan. Zerbitzari ezberdinetan (Youtube, Vimeo…), euskarazko komunikabideen webguneetan eta Hamaikaren beraren zerbitzarian aurki daitezkeen bideoak ikus daitezke Ikusteko.tv webgunean.
Kategoria edo sailetan dago banatuta ataria. Youtubek berez ezarritako irizpideetatik abiatuta, bost kategoriatan egin dute euskarazko bideoen sailkapena: informazioa, musika, kirola, fikzioa eta aisialdia.
Inaxio Esnaola Hamaika telebistako komunikazio arduraduna da egitasmo berri honen koordinatzailea. Garai batean martxan izan zen Euskaltube-ren antzekoa den galdetuta, ezberdintasunak ikusten ditu: «Euskaltube oso proiektu interesgarria zen. Han aukera zegoen bideoak bertara igotzeko. Kasu honetan, Ikusteko.tv-k metatu egiten du Interneten dagoena, eta ikusleari eskura jartzen dizkio baliabide horiek guztiak. Nabigazioa errazten dio».
Hamaikak hutsune bat bete nahi du Ikusteko.tv proiektuarekin. «Interneten eduki oso interesgarriak daude euskaraz, eta askotarikoak. Leiho bat zabaltzea da helburua. Bestalde, iturri bat ere bihurtuko da Hamaikarentzat, sareko bideoen artean arrantzatu dezakegulako, eta baimenak lortuta Hamaikan eman ere bai», azaldu du Esnaolak. Hamaika.eus webgunean bertan Ikusteko.tv-ra joateko aukera dago jada, eta Twitterren martxan da @ikustekotv kontua.
Ataria beta bertsioan dago; osatzen ari dira pixkanaka. «Oraingoz, informazioaren saila da osatuena, baina fikzioaren sailean eta besteetan lan egingo dugu hemendik aurrera. Iturri mota batzuk oraindik ez ditugu txertatu, eta, bestalde, bideo bakanak ere jarriko ditugu», nabarmendu du egitasmoaren koordinatzaileak. Besteak beste, film laburrak eta bideoklipak eramango dituzte Ikusteko.tv-ra. «Jendeak Youtuben ibiltzeko ohitura du. Ikusteko.tv-k bidea erraztuko dio euskarazko edukiak kontsumitu nahi dituenari»