Saioa Alkaiza Guallar / 2014-11-08 / 586 hitz
‘Smartphone’ eta tableta bidez konektatzen dira Internetera 9 eta 12 urte arteko haur europarren %28.
Sarerako konexioa ugaritu egin da azken urteotan, eta adituek diote «arriskuak» ere handitzen ari direla.
Guraso askok lehen ekografia jartzen dute sare sozialetan. Haurrek txikitatik ikusten dute helduek Internetera bidaltzen dituztela halakoak. Nola jakingo dute gero non dagoen muga? Zer erakutsi eta zer ez?». Larriduraz hitz egin du EHUko irakasle Maialen Garmendiak. Sarean, gailu eramangarrietatik ikerketan parte hartu du EU Kids Online egitasmoaren bitartez. Hala, 2010etik 2014ra, aztergai izan dituzte Europako hainbat herrialdetako 9 eta 16 urte arteko 25.000 lagunen ohitura teknologikoak. Emaitzak, argiak: sarean dabiltzan nerabeen kopuruak gora egin du, eta asko ugaritu da tableta eta smartphone-en jabeak. «Arriskutsua» izan daiteke egoera arretaz jokatzen ez bada, Garmendiaren irudiko.
Hainbat datu eman ditu argitara txostenak. Baina badute zerbait denek elkarrekin: agerian utzi dute teknologia asko zabaldu dela gazteen artean. Egun, 13 eta 16 urte arteko adingabeko gehienek dute Interneterako sarbidea duen sakelakoa. Adituen arabera, 2010. urtean smartphone-a eta tableta izatea aberatsenen esku baino ez zegoen; egun, aldiz, ohiko bilakatu da. Klase arteko arrakala teknologikoa txikitzen ari den seinale da, adituen aburuz.
Gurasoen garrantzia
Esanguratsua da 9 eta 12 urte arteko gazteen artean nagusitzen ari den joera bat ere: adin tarte horretakoen %28k tableta edo smartphone-a erabiliz nabigatzen dute Interneten. Garmendiaren irudiko, hori problema iturri izan daiteke. «Mundu birtualerako sarbidea aldean dute haurrek, eta nonahi eta noiznahi balia dezakete. Ez da erraza zertan dabiltzan jakitea eta kasu egitea». Askotariko gatazkak sortu daitezke: behar ez den zerbait jartzea sarean, norberaren bizitza pribatuarekin lotutako nahi gabeko informazioa publiko egitea eta bullying birtuala, besteak beste.
Oztopo eta ezbehar horiek guztiak gainditzeko, gurasoek erantzukizun handia dute, Garmendiaren arabera. Haurrei gailuak erabiltzeko azalpenak eman behar dizkietela dio. «Garai batean telebistarekin egin zuten bezala, bitartekaritza egin behar dute aparatuaren eta adingabearen artean». Argi dauka zein den bidea: haiekin hitz egitea. «Zer arrisku egon litekeen azaldu, zer-nolako argazkiak zabaltzen dituzten ikustea…». Ez dira, gainera, irizpide zailak eman beharrekoak. «Argazki intimoak inprimatzen eta kalean banatzen ez badituzte, bada, beste hainbeste sarean ere: sarean ez dezatela horrela joka». Nolanahi ere, eredu izatea da garrantzitsuena. «Alferrik da debekatzea, gero gurasoek ez badute zentzuz jokatzen. Adibidez, esaten badiete seme-alabei otorduetan ez erabiltzeko sakelakoa eta, bat-batean, gurasoetako batek whatsapp bati erantzuten baldin badio bazkari orduan, zer? Horrek ez du balio». Koherente izan behar dute, beraz, gurasoek, adingabeek berdin jo dezaten.
Nolanahi ere, gurasoak ez dira zer edo zer egin beharrean dauden bakarrak. Enpresei begira ere jarri da EU Kids Online egitasmoa: neurriak hartzeko eskatu die. Garmendiak «ahalegintzen» ari direla dio. «Mahai gaineko ordenagailuetan txertatu zituzten iragazki batzuk, haurrak kontrolatzeko, edukiak mugatzeko eta babesteko. Orain, smartphone eta tabletetara halakoak zabaltzea aztertzen ari dira, eta batzuek egina dute». Alde biko zaintza behar dute gazteek: gurasoena, batetik; eta enpresena, bestetik.
Makina bat arazo aipatu ohi dute adituek haur eta gazteen teknologia ohiturez mintzo direnean; tartean, harremanak izateko arazoak. Garmendiak, berriz, ez du bat egiten iritzi horrekin. «Oso gutxitan uko egiten diote lagunekin geratzeari sare sozialetan ibiltzeagatik. Batzuetan, atera, eta ibiltzen dira whatsapp-a bidaltzen bertan ez dagoen lagunen bati edo pantailari begira. Tarteka egiten dituzte halakoak. Sozializatzeko beste aukera bat da, baina aldez aurrekoa ez dute baztertzen».
Ikertzaileak aitortu du akaso harremanak izateko ez baina bestelako jardueretan distraitu ohi dituela teknologiak. Etxeko lanak ipini ditu adibide gisa. «Frogatu dugu, eta nerabeek esan digute, etxeko lanak egiten ari direnean smartphone-ak traba egiten diela, etengabe ari direla mezuak jasotzen, eta nekez kontzentra daitezkeela». Nolanahi ere, ez du alarma piztu nahi teknologiaren harira, bizitzaren parte denez gero. «Erabiltzen ikastea da garrantzitsuena».