Juan Luis Zabala / 2014-11-14 / 635 hitz
Kapitalismoaren aurrean, «erresistentzia eremu bat» osatu nahi izan du Jose Luis Otamendik ‘Kapital publikoa’ liburuan.
Azken urteotan idatzitako 45 poema bildu ditu.
Kapitala «dena irentsi» nahian dabilen garaian, bere kapital poetikoa kapitalismoari aurre egitera eta kapital publikoa defenditzera bideratu nahi izan du Jose Luis Otamendik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959) Kapital publikoa poema liburuan (Susa). «Kapital publikoa poema liburu batentzat izenburu bitxia izan daiteke, eta antipoetikoa eta antipatikoa ere irudituko zaio agian bati baino gehiagori», arrazoitu du. «Baina neuri, bilduma hau izendatzeko hoberik ez zait bururatu».
«Garai nahasietan bizi gara», Otamendiren ustez. «Kapitalak dena irentsi nahi du, dena jarri nahi du hankaz gora, dena nahi du jarri salgai, merkatuaren lege bihozgabeen mende: bai osasuna, bai hezkuntza, bai hizkuntzak, bai lan harremanak, bai sorkuntza, bai maitasuna, bai jendea… Aseezina da. Eta onura eta irabazi ekonomikoak, diruak, elkarrekin lehiatu beharrak gauza itsusiak onartzera eta egitera garamatza. Horren guztiaren aurrean aterpe bat, erresistentzia eremu bat osatu nahi izan dut poema hauekin. Eta barka harrokeria».
«Kapital publikoa da denona den hori, eta inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana», argitu du poetak: «gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak…. Ni [liburuko ] 45 poema hauekin, neure erara kapital publiko hori babestera nator, hori aldarrikatzen dut neure era intimo eta poetikoaren bitartez. Kapital publikoa zaindu beharreko mundu egingarrien aukera da»
«Garrantzi kapitala» du, Otamendiren ustez, «nork bere ahotsa bilatu eta gauzak esateak. Hori edozein arlotan da horrela; literaturan ere bai. Zuen aurrera ekarri dudan hau nire kapital poetikoa da: nire inguruari eta nire barruari begira jarri eta inori erakusteko modukoak iruditu zaizkidanen bilduma bat». Idazle den aldetik, bere aldiaren «testigantza poetikoa» emateko ardura duela uste du. «Jende hori dena, leku eta sentimendu horiek guztiak gorde beharra dauzkat; gorde eta erakutsi. Eta liburu hau da neure zalantza eta itxaropenekin, neure beldur eta kontraesanekin hori egiteko sortu dudan era».
Handitik txikirako bidea
Hiru ataletan banatu du liburua. Bake hotza izenekoan, «azken zortzi-hamar bat urteko gertaera soziopolitikoei» erreparatu die batez ere. Jendea oinez izenekoan, honako galdera hauek izan ditu gidari: «Orain esku artean daukagunarekin zer egin behar dugu? Zer egin behar dugu gaurko egunarekin? Denok dauzkagun gauza txiki horiekin zer egin behar dugu? Zer egin dezakegu elkarrekin?». Gosaria eta legea izenekoan, azkenik «eguneroko hainbat egoeratan» ageri da poeta, bere kapitala erakusten, «zer den saltzeko ez daukadan hori». Liburuak atalez atal orokorretik pertsonalerako bidea egiten du, eta denetan «intimoena» azken atala da. «Handitik txikira egindako ibilbidea» proposatu du egileak, «gauza orokorretatik hasi eta norberaren gauza minetarainoko bidea, pauso luzean egina». Badaki hala ere sailen arteko mugak lausoak direla kasu batzuetan. «Lerro artera jaitsita, ez dira falta atalen arteko interferentziak eta batetik bestera irristatutako itzalak, islak, seinaleak, keinuak».
Antologiak eta bildumak alde batera utzita, zazpigarren poema liburua du Otamendik Kapital publikoa, Susarekin kaleratutako bosgarrena. 2007an argitaratu zuen orain hurrengoa, Erlojuen mekanika. Harrezkero idatzi dituen poema guztien «dekantazioa» da liburu berria, poetak adierazi duenez, eta tarte horretan idatzitako poema asko liburutik kanpo gelditu dira. «Metodo kontua da. Nire lan egiteko era izaten da lan asko egin eta gero horietatik gutxi salbatzea. Batzuk idazle onak dira. Beste batzuk, laguntza askoren ondoren, ahalegin handien ondoren eta gimnasia pixka bat eginda, zerbait txukuna erdiestera irits gintezke».
«Oso noizbehinka argitaratzen du Otamendik, oso tentuz», Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak azaldu duenez. «Ibilbide luze honetan, gure literaturako poeta handi bat da jada. Estilo propio bat du. Inoren antzik badauka, bere estiloaren antza dauka. Ahots propioa izatea da, nire ustez, poeta batentzat bertuterik handiena. Bere estiloak gardentasun handia erakusten du, beti dakar biluzte bat, ideiena eta formena, beti dauka intimitatearen indarra, eta baita oso konplexua den apaltasun indartsu bat ere».
Liburua jendaurrean aurkezteko, hainbat errezital egingo ditu Otamendik, eta aurrenekoa Azpeitiko Sanagustin aretoan egingo du, azaroaren 30ean, arratsaldez. Hurrengoa abenduaren 6an izango da Durangoko Azokako Ahotsenean, eta urtarrilean Larrabetzun (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa) izango da Kapital publikoa liburuko poemak irakurtzen