Lawrence Arabiakoaren irudiaz egin du gogoeta Atxagak

Juan Luis Zabala / 2014-11-28 / 865 hitz

Urte askoan «herrestan» eraman duen gai bati irtenbidea ematen dion saiakera labur bat eta bi ipuin batu ditu ‘Txoriak kolpeka’ liburuan.

Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) oso ondo gogoratzen da Tolosako Leidor aretoan (Gipuzkoa) David Leanen Lawrence of Arabia filma —aktoreen artean Peter O’Toole, Omar Sharif eta Anthony Quinn zirela— ikusi zuen egunaz. 60ko hamarkadaren erdialdean izan zen, eta 14 edo 15 urte inguru zituen orduan Atxagak. Filma ikusi ostean, aretotik irtendakoan, «orientazioa» galdu zuen, filmak eragin zion zirrararen ondorioz, gerora Stanley Kubricken Space Oddity-rekin ere gertatu zitzaion bezala. «Sekulako inpresioa» egin zion Lawrence Arabiakoari buruzko filmak, eta uste du egun hartantxe bihurtu zela desertua bere gaietako bat, gero, jakina denez, indar handiz agertu dena haren obran, batez ere Etiopia poema liburuan (Pott Banda, 1978) eta Nevadako egunak eleberrian (Pamiela, 2013). Txoriak kolpeka liburu kaleratu berriaren jatorrizko ernamuina ere egun hartan kokatzen du Atxagak. Pamiela argitaletxeak kaleratu berri du liburua, Upaingoa sailean.

«Batasun batean bilduta dauden hiru testuk» osatzen dute, egileak azaldu duenez, Bernardo Atxagaren Txoriak kolpeka liburua: bi narraziok eta saiakera labur batek. Liburuko lehen ipuinak, Andoniren heriotza LSDaren argitan, duela 800.000 urteko gizaki baten heriotza du abiapuntu, eta heriotzari buruzko hausnarketa bat gordetzen du. Bigarren ipuinak, Pierrek dioena entzun dut, erlezain baten aitortza jasotzen du, erleen munduko poesia bereganatuz. Saiakera laburrak Lawrence Arabiakoa du izenburu; Thomas Edward Lawrence Lawrence Arabiakoa militar ezagunaren irudia aztertzen du, haren ospearen zergatiari erreparatuz bereziki.

Duela ia mende erdi Tolosan Lawrence of Arabia filma ikusi zuenez geroztik, desertuaren inguruko interesak bezala, Lawrence Arabiakoaren inguruko interesak ere ez du etenik izan Atxagarentzat. «Ez da nire kasua bakarrik», zehaztu du, jakitun baita jende askorengana itzal eta eragin handia izan duela beti pertsonaia historiko horrek.

Atxagak Lawrence Arabiakoarekin luzaz izan duen harreman espiritual edo intelektualean, beste une garrantzitsu bat Blanco y Negro aldizkariaren 1965eko ale batean hari buruzko artikulu bat irakurri zuenekoa da. Artikulu hartan kontatzen zen bazela txori bat Lawrenceren Clouds Hilleko basoko etxean (Ingalaterra) leihoaren aldetik beti kolpeka ari zena, eta gisa horretan Lawrence urduritu eta bere onetik ateratzen zuena. Artikuluak zioenez, Lawrenceren adiskide batek erabaki zuen txori hura hiltzea, Lawrence kanpoan zen bitartean, adiskideari mesede bat egiteko asmotan. Adiskideak txoriari tiro egin eta hil egin zuen, eta, aldizkariko artikuluaren arabera, une berean Lawrenceren motorra errepidetik irten zen; hilzorian geratu zen Lawrence, eta sei egun geroago eman zuen azken arnasa.

Kontu horretatik abiatuta, gaiari buruzko gogoeta asko egin zituen Atxagak. «Gehienak, gero konturatu naizenez, erabat oker». Irtenbide literario egoki bat eman ezinik, gai hori «herrestan» eraman zuen urte askoan, harik eta, lan askoren ondoren, «zirrikitu bat» aurkitu zuen arte, Nevadako egunak idazten hasi zenean. «Nevadako egunak idazten ari nintzenean, berriro etorri zitzaidan Lawrence Arabiakoaren irudia. Baina galdera aldatu egin nuen». Honako hau zen funtsean Atxagak bere buruari orduan planteatu zion galdera: «Zergatik daukagu Lawrence Arabiakoaren irudi hori?». Gehienetan ikusi ohi den irudiaz ari da Atxaga, Lawrence Arabiakoa arabiarren arropaz jantzita erakusten duenaz. Liburuan badira halako bi irudi, Augustus Edwin Johnek eginak biak, haietako bat Lawrence Arabiakoaren irudi ofizialtzat jotzen dena.

Nevadako egunak eleberrian presentzia handia zuen gai batera itzuli da gisa horretan Atxaga Lawrence Arabiakoaren inguruko saiakeran: hil ondoren uzten den irudiarena. «Nevadako egunak liburuan, Paulino Uzkuduni buruzko testuetan nabarmen ageri da gai hori, eta haren eskela bat ere aipatu nuen; eta neure gurasoen biografia moduko horretan ere agertzen da kezka hori, hil eta gero uzten dugun irudiarena». Kezka hori abiapuntutzat hartuta idatzi du liburu berria.

Somme eta Verdun

Hasitako bide horretan aurrera egiteko bultzada erabakigarria jaso zuen Atxagak, ezustean, Londresen, Lehen Mundu Gerraren garaian Sommen eta Verdunen (Frantzia) izandako borroken inguruko erakusketa bat bisitatu zuenean. «Lawrence Arabiakoaren irudiaren eta Somme eta Verdunen hildako ia bi milioi gazteen heriotzaren artean lotura zuzen bat dago», Atxagaren ustez. «Lehen Mundu Gerrako ‘Mendebaldeko frontetik’» etorri zen Lawrence Arabiakoaren irudia bultzatu zuen indarra, Atxagak liburuaren 100. orrialdean dioenez; eta Sommeko eta Verdungo tragediek bultzatu zuten batez ere.

Liburuko bi ipuinak Nevadako egunak eleberritik kanpo geratutako testuen artxiboan gordeta zeuzkan Atxagak. Lawrence Arabiakoari buruzko saiakera idatzi eta liburuarentzat Txoriak kolpeka izenburua erabaki ondoren, bi ipuin horiek, izenburu horren eraginez, «eraldatu» egin dira, antzaldaketa garrantzitsua izan dute, lehenak bereziki, eta Atxagak pentsatu du argitaratzeko moduan daudela, eta liburu honetan argitaratzeko moduan zehazki, saiakerarekin batera batasun koherente bat osatuz. Errimaren eta metrikaren arauek poetari sonetoa egiten laguntzen dioten modu berean, kasu honetan izenburuak ipuinak modu egokian eraldatzen lagundu dio.

Uste du lehen ipuinak, Andoniren heriotza LSDaren argitan, orain artean landu gabeko kontatzeko molde batean barneratzeko aukera eman diola, eta horrek lan horretaz pozik eta are «euforiko» ere sentiarazten du. Bigarren ipuinean, Pierrek dioena entzuten dut, abiapuntu du Montpellierren (Frantzia) denda bateko erakusleihoan panpina zahar multzo handi bat ikusi eta haiek denak elkarrekin hizketan irudikatzean sentitu zuen zirrara; liburuko testurik «goibelena» da, egilearen ustez

—————

Lawrence Arabiakoa, abenturazale modernoaren irudia

Thomas Edward Lawrence Lawrence Arabiakoa 1888an jaio zen, Tremadog-en (Gales). Militarra, arkeologoa eta idazlea izan zen. Ospe handia bereganatu zuen 1916-1918 bitarteko Arabiar Iraultzan Erresuma Batuko armadako kide gisa egindako balentriengatik. Gerran bizi izandakoa kontatzeko zuen abileziak bultzada handia eman zion bere ospeari. Abenturazale porrokatu gisa zen ezaguna, eta arabiarren lagun gisa agertzea maite zuen. Lowell Thomas estatubatuar kazetariak ere bultzada handia eman zion Lawrence Arabiakoaren ospeari. 1935eko maiatzaren 19an hil zen, Bovington Camp-en (Ingalaterra), sei egun lehenago izandako motor istripu baten ondorioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.