Arantxa Iraola / 2014-11-16 / 663 hitz
Italiako hiri bat da Reggio Emilia, azkeneko hamarkadetan ezagun egin dena hango haur eskoletan darabilten pedagogia ereduagatik. Umeak hezteko era komunitatean ardazten dute, eta esperientzien bizipenean.
Hik Hasi egitasmoak gonbidatuta, Euskal Herrian ibili da egunotan Maddalena Tedeschi (1961, Reggio Emilia, Italia). Donostian, Kursaaleko ganbera aretoa leporaino bete zuen, esaterako, atzo goizean. Reggio Emilia hirian haur hezkuntzan —lehen hezkuntzan ere hasiak dira— igaro hamarkadetan garatu duten eskola ereduari buruz aritu zen, hango pedagogia arduraduna baita. Hiriko udalaren abaroan eratutako eskola sare bat da, eta badira 50 urte baino gehiago lanean hasi zirela. Ez du ukatzen: garai hartako premiei erantzuna ematen saiatzeko sortu ziren. Halaxe, andrazko askok lan mundurako pausoa ematean egin zen, hein handi batean, eskolak abiatzeko urratsa. Baina harago egitea izan dute beti helburu: «Esaten dugu negoziazioa behar dela familien premien eta umeen eskubideen artean; eskolek ez dute izan behar familien premiak asetzeko zerbitzuak bakarrik. Haurrak hartu behar dira herritar oso moduan, eta hori aintzat hartuta eratu dira Reggio Emiliako eskolak». Bideoak eman zituzten beren jarduna erakusteko. Ikustekoak dira eskolak, arkitektura aldetik arras harrigarriak: hainbat espazio daude haurrek komunitate bat eraiki dezaten —gurasoak eta hezitzaileak ere prozesuaren parte dira— eta esperientzien bidez mundua ezagut dezaten.
Nolakoak izan ziren hasierak?
II. Mundu Gerrako amaierara jo behar dugu. Hainbat andrazko elkartu ziren, eta hiriarentzat eskola berri bat berreskuratu nahi zuten, balio ezberdina emango ziena hainbat eskubideri: hala nola demokraziari, askatasunari eta laikotasunari. Udalean hainbat talde politikok bat egin zuten xede horren inguruan, eta, halaxe, lehen eskola hasi zen: Apirilaren 25a izena jarri zioten, eta sinbolikoki garrantzia du, hiria halako egun batez askatu baitzuten.
Zer-nolako hiria da egun Reggio Emilia? Eta zer-nola erantzuten diezue hiriaren premiei?
170.000 biztanle inguruko hiria da. Azken 25 urteotan asko hazi da: familia etorkin ugari etorri dira. Bertako familien partetik ere igarri da ume gehiago edukitzeko joera, eta, hein batean, uste dugu horretan eragina izan dutela hirian haurrak artatzeko dauden zerbitzuek. Hala ere, egia da azken urte hauetan nolabaiteko beherakada bat izan dela; krisiaren eragina nabarmena izan da.
Zenbat eskola dituzue martxan?
0-3 urte arteko umeentzako hamabi eskola ditugu udalak zuzenean kudeatuta, eta beste hamabi, berriz, kooperatiben bitartez koordinatuta. Zenbaki polita da hiriaren tamainarentzat. 3-6 urte arteko umeei dagokienez, 21 eskola daude zuzenean udalak kudeatuta; 21 eskola katoliko; eta hamar, berriz, estatuaren esku daude. Baina, datu horiez harago, beti hirian argi eduki da, zerbitzuaren izaera era batekoa edo bestekoa izanda ere, udalak hezkuntzaren ardura bere gain hartu behar duela, izaera publikoa eman behar zaiola hezkuntzari eta aterki antzeko bat eratu behar dela zerbitzu horiei guztiei abaro emateko egitura bateratu batean.
Lehen hezkuntzako umeekin ere hasi zarete lanean, 6-11 urte arteko neska-mutikoekin. Zer moduzko esperientzia izan da?
Bai, martxan da 6-11 urte arteko neska-mutikoentzako lehen eskola Reggio Emiliaren ikuspegi pedagogikoa aintzat hartuta. Orain dela hainbat urte ere izan ziren antzeko egitasmoak, baina orain dela sei urte egikaritu zen 3-6 urteko haurrek ikasketa aldi hori bukatu eta Lehen Hezkuntzako zentro batera joateko modua. Ondorioz, iaz burutu zuten bide hori egin duten lehen ikasleek sei urteko zikloa: bigarren hezkuntzan ari dira orain. Eta balorazioa oso interesgarria da. Baina, ezin uka, esfortzu handia eskatu du; antolaketa aldetik, hainbat kontu berriro pentsatu behar izan ditugu. Pentsatu behar izan dugu, halaber, eskolak, eta familien partaidetzak, egun duten zentzuaz. Baina merezi izan du. Eskola horrek, gainera, ez du aparteko habia bat izan nahi. Baditu hainbat berezitasun dituen ezaugarri berezietara egokitzeko, baina, tira, esan genezake esperientzia hau Italiako beste edozein eskolatan ere martxan jartzeko erakoa dela; bai egiturari, bai arautegiari dagokionez.
Zuen esperientziarik berriena horixe da, haurrik helduenena. Nola txertatzen dituzue familiak esperientzia berri horretan?
Auzo batean dago, eta auzo horretako familiek erabiltzen dute bereziki ikastetxea; izan ere, ikastetxearen gertutasunaren irizpidea aintzakotzat hartzen da Italiako ereduan. Reggio Emiliako auzorik arazotsuenean dago eskola, eta, administrazioaren partetik, borondate politiko bat dago erabaki horren atzean; bereziki egin nahi da hezkuntzaren aldeko urratsa zailtasunik handienak dituzten tokietan, haur eta heldu horiei etorkizuneko aukera bat eman nahi baitzaie. Eskola eder bat da, kolorez betea, ikasteko plazera posible den toki horietako bat, hain zuzen ere