Iker Tubia / 2014-12-19 /1.197 hitz
Gero eta gehiago dira itsuak kontuan hartzen dituzten museoak, baina, hala ere, oraindik baliabide asko daude garatzeko. Itsuek artelanak ukitzeko beharra dute, ikusi ezin dutena eskuekin jasotzeko. Itsu elkarteen aburuz, egoera hobetuko balitz itsu gehiago joanen lirateke museoetara.
Guretzat ukitzea osoa garrantzitsua da». Itsu baten hitzak dira. Arteaz ari da. Jose Maria Casadok heldua zela galdu zuen ikusmena. Gaur egun, Retina Navarra elkarteko presidentea da. Beti maite izan du artea, baina ikusmena galtzearekin batera oztopoak aurkitu zituen margolanez zein eskulturez gozatzeko. Badira itsuei zerbitzuak eskaintzen dizkieten museoak, baina oraindik ere lan handia dago artea pertsona guzien eskura jartzeko.
«Artea asko maite dut; izugarri disfrutatzen dut harekin». Casado ahal duen guzietan joaten da erakusketetara. Ikusmena galdu aurretik ere askotan egoten zen koadroei so. «Ikusmenari dagokionez, oso bizitza aktiboa izan nuen». Orain, beste modu batera gozatzen du arteaz, zailtasunak zailtasun. Izan ere, toki batzuetan lanak ezin dira ukitu.
Artea eta ikusmena oso loturik dauden kontzeptuak dira. Baina dena ez da begiekin atzematen. «Ikusmena inportantea da, baina ez da dena», esan du Casadok. «Ikusmenaren bitartez, artistak irudikatu nahi duen errealitatearen irudia lortzen duzu, baina, ukimenaren bitartez, askoz ere osoagoa da objektu batek duen informazioa». Garrantzitsua da artelanak ukitzen uztea.
Hala ere, Retina Navarra elkarteko presidenteak nabarmendu du itsu guzien kasua ez dela berdina. Batzuek txikitan galdu dute ikusmena, edo itsu jaio dira. Beste batzuek beranduago galdu dute ikusteko ahalmena. «Aurretik ikusteko ahalmena izan dugunok oroitzapen asko ditugu, eta errazago irudikatzen aurrean zer dugun». Maketa bat ukituta, adibidez, gogora ekar dezakete lehenagotik ikusitako hura. Horrek garrantzi handia ematen dio ukitzeko aukerari. Zailagoa zaio ikusteko ahalmenik izan ez duen pertsonari, baina badu beste aukerarik. «Ez badu oroitzapenik, errealitatearen pertzepzioa gehiago kostatuko zaio, baina lor dezake hezkuntzaren bidez, sistemak eta tamainak landuz».
Museo askotan ez dago aukerarik lanak ukitzeko. Hori oztopo bat da itsuek arteaz gozatzeko. Badira ere ikusmena erabat galdu ez duten pertsonak, baina normalean museoek ez dute artelana oso gertutik ikusteko aukera ematen, eta hori ere oztopoa da haientzat.
Horretaz gainera, audio giden afera aipatu du Casadok. «Toki askotan, audio gidek erreferentzia historikoak ematen dizkizute, edo nora begiratu behar duzun esaten dizute». Hau da, audio gidak ikusteko ahalmena duten pertsonentzat eginak izaten dira. «Ikusten ari zarena azaltzen duten audio deskripzioak behar ditugu». Deskripzio hori zehatz-mehatz egin behar da itsuak informazio guzia jasotzeko.
Artelanei zuzenean loturik ez dauden arazoak ere badaude: ibilbidearen diseinua, adibidez. Modu argian prestatu behar da, eta erreferentziak beharrezkoak izaten dira, batik bat leku zabaletan; kalean, adibidez. Museoetan ordena erreferentziak behar dituzte.
Lehenbiziko urratsak
Iñigo Arbiza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ONCEko Komunikazio arduradunak esan duenez, egoera aldatu egiten da museoen arabera. Hala ere, museo askorekin hitzarmenak sinatu ditu ONCEk jada. «Gero eta iristen errazagoak egiten ari dira haien edukiak; orain dela urte gutxi arte iristeko erraztasuna zen soilik maldak, sarrerak, igogailuak… jartzea, baina gero konturatu ziren iristeko erraztasun sentsoriala betetzeke zegoen erronka zela: ikusmena eta entzumena batik bat».
Bide horretan, Euskal Herriko hainbat museotan itsuentzako gidak ez ezik, itsuentzako eskaintza ere badute. Hala da, adibidez, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Guggenheimen, baita Altzuzako Oteiza museoan ere, Nafarroan. Normalean, itsuek aurretik abisatu behar dute museora joanen direla, programa gehienak museoa hutsik dagoenean egiteko izaten direlako. Bisita horietan eskultura batzuk ukitzeko aukera izaten dute ikusmenik ez duten bisitariek, eta gainerakoei ukitzeko grinarik ez sortzeko hartu ohi da neurri hori.
Aitziber Urtasun Oteiza museoko Didaktika arduradunak azaldu duenez, museoan eskultura batzuk aukeratu dituzte itsuek uki ditzaten. Didaktika alorrekoek interesgarrienak zeintzuk ziren zehaztu ondoren, kontserbazio taldekoek zehaztu zuten zeintzuk uki daitezkeen. Horrelakoetan ezinbestekoa da kotoizko eskularruak erabiltzea; eta hamarreko taldeak osatzen dituzte.
Guggenheim museoan, bestalde, bi aukera daude: aurretik deituz gero, museoko artelan batzuk ukitzeko aukera izaten dute itsuek. Abisatu gabe joanda ere, bada zertaz gozatu, nahiz eta eskaintza murritzagoa den. Aurretik deituta, ukitzeko bisitak egin daitezke. Gida berezitua dago horretarako, museo osoa bisitatu eta lan batzuk uki daitezke. Erakusketaren arabera, artistarekin harremanetan jartzen dira zehazteko zein lan uki daitezkeen. «Askotan, kontu handiegiz jokatzen dugu, baina, gero, lanen jabeek ez dute inolako arazorik jartzen», azaldu du Rogelio Diezek, Guggenheimeko eskuragarritasun alorreko arduradunak.
Barneko lanak ez ezik, museoko kanpoaldea ezagutzeko parada ere eskaintzen du Bilboko museoak. Gidarekin batera, museoa ukitu egiten dute itsuek, eta, ondoren, Puppy eta Ama eskulturen maketa bana uki dezakete. «Maketak izugarri gustuko dituzte». Aurki, museoaren maketa ere izanen dute, gainera. «Museoaren helburuetako bat artea pertsona guzien eskura jartzea da, inolako bazterketarik egin gabe», esan du Diezek.
Eskulturekin loturik dago, batik bat, museoek egiten duten eskaintza. «Arte guziekin lan egin liteke, baina nik uste eskultura dela itsuekin lan egiteko alorrik naturalena». Hala izanagatik ere, teknologia berriek aukera ematen dute argazkiak eta margolanak ere ukiu ahal izateko. Bilboko Arte Ederren Museoan, adibidez, bilduma iraunkorreko bost margolanen hiru dimentsioko bertsioak dituzte. Gentileschiren Lot eta alabak, Grecoren Deikundea, Jose de Riberaren San Sebastian, emakume sainduek sendatua, Mary Cassatten Emakume eseria haurra besoetan duela eta Francis Baconen Irudi faltsua ispiluan, hain zuzen. Ukitu soilik ez, aditu ere egin behar da. Audio gida bat dute, bisitariari ukitzen ari dena azaltzeko.
Didu deitutako teknikari esker egin daitezke hiru dimentsioko margolanak edo argazkiak. Bizkaian bertan asmatu zuten teknika hori, Durero estudioan: Juan Torre argazkilaria eta haien bezeroak ikusmena ia erabat galdu zuen. Konturatu ziren ikusteko argazkietara asko gerturatzen zela, baina, batez ere, ukitu egiten zituela. Hortik abiaturik bururatu zitzaien didu teknika garatzea.
«Gainerako pertsonentzat ikusgarria den zerbait ukimenaren bitartez hauteman ahal izatea oso interesgarria iruditu zitzaigun, artea itsuen eskura jartzeko hamaika aukera eskaintzeko gai garelako», azaldu du Cristina Velasco proiektuburuak. Euskal Herrian soilik Bilboko Arte Ederren museoan lan egin dute. Velascok uste du museo guziek izan beharko luketela gutxienez beren bildumaren zati bat eskura itsuentzat. Gainera, kontzientziatzeko ere balio dezake. Izan ere, hiru dimentsioko irudiak ez dira soilik itsuek erabiltzeko. Edozeinek uki ditzake.
Azalpenen garrantzia
Audio gidaren bitartez artelana ukitzen duenari ibilbide bat erakusten zaio, eta nola ukitu behar duen esaten dio. Azalpenen garrantzia nabarmendu du Durero estudioko kideak: «Ikusmenari dagokionez, lehenbizi begirada orokorra botatzen duzu, eta gero detaileei erreparatzen diezu. Ukimena kontrakoa da: lehenbizi detailea ukitzen duzu, eta gero ideia orokorra egiten duzu».
Badira beste aukera batzuk ere. Adibidez, Oteiza museoan materialekin lan egiten dute itsuen bisitak dituztenean. Bisita gidatuan figurazioaren kontzeptuez, hutsaren aspektuez, zulatzeez, desokupazioez, hutsuneez hitz egiten dute. Baina materialei garrantzi handia ematen diete. «Oteizaren kutxa metafisiko baten parte den burdinaren edo burdin zati soilaren arteko ezberdintasuna erakusten diegu. Guretzat ezberdina bada, itsuentzat askoz ere gehiago». Esan duenez, itsuen erantzuna oso ona izaten da museoan. Gehien harritzen duena da eskultura figuratiboak baino nahiago dituztela abstraktuak. «Oso gai interesgarriak sortzen dira: hitz egiten dute tenperaturaz, argitasunaz…».
Baina itsuak, normalean, ez dira bakarrik joaten museoetara. Hori kontuan izan dute, adibidez, Guggenheimen. «Azalpenak haren kideak ere gozatzeko moduan prestaturik daude». Beste batzuetan, itsuak eta oraindik zerbait ikusteko gai direnak biltzen dira museoetan. Altzuzako kasua aipatu du Urtasunek: «Oso interesgarria da, haien artean gauzak kontatzen dituzte, eta horrek debate gehiago sortzen du».
Oraindik oztopo asko daude, eta horrek itsuak museoetatik aldendu ditzake. Beste batzuek bezala, itsu batzuek ere interes falta dute. Gainera, konpainian joateko beharrak ere zailtzen du museora joateko gogoa piztea. Gainera, bisitak laburrak izan behar dira, informazio gehiegi jasotzea ez delako onuragarria. Baina garrantzitsuena itsuentzako eskaintza badagoela jakitea da. Arbizak ere hori uste du. Badira oztopoak, eta badira bideak: «Ideiak egon badaude, nahi duguna da irisgarritasuna zabaltzea».