Maialen Unanue / 2014-12-06 / 526 hitz
Elikadura osasungarria izateko liburu bat argitaratu du Antonio Palomar medikuak. Errezeten ordez, egunerokoan balio duten hainbat gomendio praktiko azaldu ditu bertan.
Zenbaezinak dira errezeta liburuak. Estilo guztietakoak daude, haurrentzat, helduentzat, jaki baten ingurukoak, orokorragoak, etxeko janariaren ingurukoak, moko finak direnentzat egindakoak, ospe handiko sukaldarienak, fama apalagoa dutenenak… Milaka daude.
Antonio Palomarrek Alimentación inteligente, cocina saludable (Elikadura adimenduna, sukaldaritza osasungarria) liburua atera berri du Txalaparta etxearekin. Ez da beste errezeta liburu bat, janariaren ikuspuntu nutrizionalari heldu baitio lan honetan. Medikua da, baina atereak ditu beste bi liburu lehenago.
«Sukaldaritzaren ikuspegi nutrizionalista lantzen duten liburuak badaude, baina adituentzat dira, gehienbat», azaldu du Palomarrek. Horregatik, egunerokoan baliagarriak izan daitezkeen gomendioak bildu ditu. Laurehundik gora orri idatzi ditu, eta atalak hainbat izan arren, nagusiki, bost zatitan dago banatuta liburua. Bigarren zatia da «liburuaren muina». Osasunarentzat garrantzitsuenak diren aspektuak landu ditu bertan. Laugarrengoan datoz gomendio edo aholku praktikoak; Mediterraneoko tradizio gastronomikoa du ardatz, eta errezetak era batera edo bestera prestatzearen aldeko eta kontrakoak azaldu ditu bertan. Azken zatian, sukaldaritzako hiztegi moduko bat dago.
«Maiz elikadura eta nutrizio kontzeptuak sinonimo gisa erabiltzen ditugu, baina izatez, nutrizioa da giza organismoari gertatzen zaiona jan edo edaten dugunean». Palomarren arabera, elikadura ez da jaten dena soilik. «Dena da: bada nekazaritza, ekologia, lehengaien falta…».
Zer da, baina, elikadura adimenduna? «Ez da osasungarria izatea bakarrik: adimenduna izango da, baita ere, elikagai merkeak aukeratzea, eskuragarriak, ekologikoak, prestatzen errazak… Bestelako abantailak emango dizkiguna».
Janaria prestatzeko beharrezko denbora hartzea garrantzitsua da Palomarrentzat. Baina jakitun da askotan bizitzaren erritmo azkarrak ez duela uzten nahi beste denbora hartzeko tarterik. «Paradoxikoa da: inoiz baino gehiago dakigu nutrizioaz, sukalde eta tresna hobeak ditugu, eta inoiz baino denbora gutxiago daukagu janaria prestatzeko».
Askotariko jakiak —betiere, osasuntsuak— jatean dago gakoa, Palomarren arabera. «Frutak, barazkiak, tuberkuluak, gantz gutxiko esnekiak, arrain pixka bat, fruitu lehorrak…». Horiek izan dira dieta mediterraneoaren oinarriak, baina, Palomarrek liburuan dioenez, dieta hori bera galtzen ari da. «Aitona-amonek plater bakarra jaten zuten otordu bakoitzean, baina egun bigarren platerak garrantzia hartu du, eta, askotan, frijituta jan daitezkeen —eta hala jaten diren— jakiak izaten dira, edo gazta eta hestebeteak». Jateko modu horrek gorputzera gantz ase edo proteina gehiegi sartzea dakar, Palomarrek azaldu duenez. «Dieta hori desorekatua da, osasunaren aurkako gantzak, gatz gehiegi eta zuntz gutxiegi duelako». Industrializazioak eta bizimodua bera aldatzeak dakar aldaketa, dioenez.
Norberaren egoera emozionalak ere zerikusi zuzena du, Palomarren ustez. «Antsietatea edo estresa duen batek errazago ahoratuko du atsegin duena, aurrera egiten laguntzen diolako». Dioenez, gaiak hitzaldi oso baterako eman dezake. Norberarentzat soilik edo lagun talde edo senideentzako sukaldean aritzeak berak ere eragina du, prestaketa gehiago zaintzea baitakar bigarrenak.
Palomarren arabera, zenbaitetan jakiak prestatzeko moduak baldintza ditzake elikagaiak, prestatu gabe, berez dituen abantailak. «Hau da, arraina eta patatak, esaterako, elikagai onak dira berez, baina, frijituz gero, ez dira hain osasungarriak». Baina egosi edo labean errez gero, ez dute hasierako kalitatea galtzen.
Osasunak eta plazerak, dio, ez dute zertan kontrako kontzeptuak izan. «Kontua ez da neure burua zainduko dut edo ez dut zainduko: jan dezakezu janari osasungarria eta, aldi berean, gozoa; ez dira bateraezinak». «Astelehenean» edo «urte berriarekin hasiko naiz» gisako joerekin «tentuz» ibili behar dela dio Palomarrek. Gabonak ate-joka direla, «bekatuak» egitea ez dago galarazita, medikuaren arabera; izatez, noizean behin egitearen aldekoa da.