Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2014-12-09 / 886 hitz
Animalia espezie asko desagertu dira historian zehar. Klonazioa erabiliz horiek berreskuratzeko ahaleginak egin dituzte azken urteetan. Horren adibidea da 2000. urtean Pirinioetan desagertu zen bukardoa birsortzeko egindako saioa. Japoniako ikerlariek, harago joan, eta mamuta klonatu nahi dute 2016an.
Desagertu diren animaliak birsortzea. Horra zientzia fikziozko istorio baterako gertakizun posiblea. Hala egin zuten Jurassic Park filmean dinosauroekin. Baina errealitateak fikzioa gainditzen duela erakutsi du zientziak azken urteetan, eta klonazio bidez desagertutako animaliak sortzeko ahaleginak egin dituzte hainbat tokitan. Aragoin (Espainia), adibidez, bukardoa berreskuratzeko saioa egin zuten 2003an. Hamar ordu egin zituen bizirik klonatutako Pirinioetako ahuntzak. Erronka handiagoa dute Japoniako zientzialariek orain. Duela 10.000 urte desagertutako espezie bat klonatu nahi dute 2016rako. Zortzi tona baino gehiago dituen animalia iletsua da berreskuratu nahi dutena: mamuta. Gaur egun desagertzeko zorian dagoen elefantearen senitarteko zaharra.
Akira Iritani Kyotoko Unibertsitateko ikerlariak eman du mamuta klonatzeko asmoen berri. Aurreratuak dituzte klonaziorako beharrezkoak diren ikerketak, eta data ere jarri dio lehen mamut kumearen jaiotzari: 2016a. Ikerketaren soka, ordea, 2007tik dator. Urte hartan aurkitu zuten Yuri izena jarri dioten mamut kumea, Siberiako Yakutia lurraldean. Permafost izenez ezagutzen diren izotz blokeak urtzearekin batera agertu zen 6 eta 3 urte bitarteko mamut kumea. 10.000 urte egin ditu izotz bloke batean, eta orain arte aurkitutako animalia arrastoen artean hoberen kontserbatu dena da. Badirudi izoztuta egon izanak espeziaren DNA jasotzeko informazioa emango diela ikerlariei.
Ikuspuntu genetikotik bi aukera daude desagertutako animaliak klonatzeko. Hala azaldu du Asier Fullaondo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Genetika irakasleak. «Galdutako espeziaren informazioa izatea da lehen aukeraren funtsa». Zeluletan dauden atal berezi batzuk dira esperimentuak aurrera egiteko gakoa: nukleoak, alegia. Kode genetikoa gordetzen da horietan, eta kode horren oinarria da DNA deritzon molekula. «Galdutako espeziearen nukleoa ondo kontserbatzea funtsezkoa da klonazioa egin ahal izateko».
Desagertzearen mugak
Nukleoa ondo kontserbatua baldin badago, ezaugarri antzekoak dituen espeziea hartu, eta haren obuluan galdutako animaliaren nukleoa txertatzen da. Aragoin desagertutako bukardoaren kasua jarri du horren adibidetzat Fullaondok: «Antzekoa den ahuntz baten obuluari jarri zioten desagertutako bukardoaren nukleoa». Baina zaila da era horretan egiten diren klonazioek aurrera egitea. «Zientifikoki posible da. Baina gutxitan izaten dute arrakasta».
Desagertutako espeziearen informazio genetikoa gordeta ez dagoenean are gehiago korapilatzen da klonazio prozesua, Fullaondoren arabera: «Nukleorik ez dagoenean zailagoa da DNAren informazioa jasotzea. Gene solteak izan ditzakezu, baina oso zaila da horietatik genoma osoa eraikitzea». Oztopo hori izango luke mamutaren klonazioak. Izan ere, 2007an aurkitutako alean eskuratu dituzten zeluletatik, nukleoaren %80 osatzea lortu dute.
Fullaondorekin bat egin du Josep Santalok, Bartzelonako Unibertsitateko biologia irakasleak. Azaldu du DNA lortuta ere gainditu ezinezko mugak dituela desagertuta dauden espezieen klonazioak. Mamutaren kasua jarri du adibidetzat: «Sekula ez duzu lortuko mamutaren obulurik, ezta hori sabelean hazteko mamutik ere». Elefantearenak erabiliko dituzte prozesua aurrera ateratzeko. Baina Santalok zalantzan jarri du animalia bien antzekotasun genetikoa behar bezain handia ote den.
Bada, ordea, beste aukera bat: «Elefantearen eta mamutaren genomak aztertu, ezberdinak diren genomak moztu eta mamutaren geneak sar daitezke elefantean». Baina adierazi du oso prozesu konplexua dela: «Normalean ez du funtzionatzen. Muga asko ditu prozesu horrek ere». Klonazioaren arrakasta tasa baxuaren adibidea da bukardoaren kasua. 2000. urtean hil zen Pirinioetako azken ahuntza Ordesan. Baina aurrez etxeko lanak eginda utzi zituzten zientzialariek. Haren DNA gorde zuten, badaezpada. Handik hiru urtera egin zuen espeziearen klonazioaren lehen saioa Aragoiko Elikagaien eta Teknologiaren Ikerketa Zentroak. Kumea jaio egin zen, baina minutu gutxira hil zen. Aurten berriz egingo dute ahalegina. Klonazioa egin ahal izateko finantzaketa bila aritu dira azken urteetan, eta Aragoiko Ehiza Federazioak emandako diruari esker lortu dute dirua.
Desagertutako espezieen klonazioa ezbaian jarri du Fullaondok: «Animalia bat klonatzearen arrazoiari erreparatu behar zaio, helburu bat izan behar du». Lehenengo klonazioaren ondoren agertzen dira zalantzak: «Klonazioa posible dela frogatu ondoren sortzen da zalantza: Zertarako sortuko dugu bigarrena?». Ideia bera nabarmendu du Ana Agirre EHUko Genetika irakasleak: «Bukardoa klonatzeko beste saio bat egingo dute orain. Demagun, lortzen dutela. Zer egingo lukete animaliarekin?». Erakusketarako animalia gisa izango lukete haren ustez: «Ez dauka zentzurik».
Desagertzeak saihestu nahi
Agirrek ez du ulertzen zein den mamutaren klonazioaren helburua. Adierazi du espeziea birsortzeak ez lukeela ekologikoki onurarik ekarriko. Eta klonazioaren atzean bestelako interesak daudela iradoki du: «Zeharkako errentagarritasun ekonomikoa dago proiektu hauen atzean. Mamuta klonatzeko gai dela erakusteak boterea emango lioke ikerketa zentroari eta zientziari berari». Esperimentuak aurrera egiteko beharrezko dituen baliabide ekonomikoetan ere arreta jarri du. «Zenbat diru gastatuko dute? Baliabide ekonomikoak mugatuak badira, logikoena litzateke horiek erabiltzea gizartearentzat errentagarria den zerbait egiteko». Ez du uste mamutaren klonazioa hala denik.
Agirreren iritziz, espezieak ez galtzeko «azken ahalegintzat» hartzen da klonazioa gaur egun. Animaliak babesteko pentsamoldean aldaketa bat nabari duela azaldu du: «Dauden animaliek irauteko neurriak hartu ordez, desagertutakoak birsortzeko inbertsioak egiten dira. Horrek ez du inolako zentzurik».
«Salbamenaren esperantza» dago galdutako espezieak birsortzearen atzean, Tori Herridge paleontologoaren arabera. Siberian aurkitutako mamutaren autopsian lan egin zuen Herridgek, eta kritiko da espezieak klonatzearen ideiarekin. «Mamutaren klonazioak gizakiak eragindako gehiegikeria guztiak desegiteko esperantza ematen du. Guk geuk eragindako galera guztiak berreskuratzea posiblea dela, alegia». Hori gerta ez dadin neurriak hartu behar direla dio Herridgek: «Asiako elefanteak desagertzeko zorian daude. Zergatik ez dira indar horiek jartzen arriskuan dagoen animaliaren iraupena bermatzeko ikerketetan?».
Mamutaren desagertzea zerk eragin zuen ez dago argi oraindik. Klima aldaketagatik izan zela da gehien hedatuta dagoen ustea. Baina azken hamarkadetan bada indarra hartu duen beste ideia bat: gizakiak eragina izan zuela espeziearen desagertzean. Bi urte barru egingo dute galera hori erreparatzeko lehen saioa. Pleistozeno garaiko espeziea ekarri nahi dute gaur egungo arora.