Gaitasun handia izan, baina ezin bideratu

Irene Arrizurieta / 2014-12-13 / 1.141 hitz

Ikasteko tenorean mugak izaten dituzte gaitasun handiko haur batzuek. Bide horretan lagun dituzte irakasle, guraso eta adituak. Ikasgelan horiek identifikatzea ez da erraza, eta irakasleek maiz ez dute baliabiderik izaten.

Zer da adimen handia izatea? Eskola curriculuma bikain betetzea eta karrera bikain bat izatea? Ez du zertan bata edo bestea izan. Gaitasun handia izatea besterik da. Zientzialarien arabera, populazioaren %2 gaitasun handikoa da, baina horietatik %1 baino gutxiago detektatzen dira. Gainerako pertsona guztiekin gertatzen den bezala, heterogeneotasun handia dago adimen handiko haurren artean, «izaerari, garapen abiadurari, interesei, zaletasunei eta abarrei dagokienez», dio Izaskun Etxebarria EHUko Irakasle Eskolako irakasle eta gaitasun handiko ikasleetan adituak.

Dena dela, hainbat ezaugarri komun dituzte: burmuinaren aktibitate etengabea, sentiberatasun emozionala, ikasteko erraztasun eta abiadura handia, lanean luze aritzeko gaitasuna eta sormen handia. Ezaugarri horiek batera izaten dituzte, eta gai dira, gainera, haien artean elkarrekintzak egiteko. «Mundua ulertzeko beste era bat dute; beste inteligentzia bat dute. Beste bide batzuk erabiltzen dituzte arazoak konpontzeko, ikusteko eta enfokatzeko». Gaitasun handiko lagunek badute beste ezaugarri bat ere: barne motibazio oso handia. Ikasteko premia handia dute, eta jakin-min handia txiki-txikitatik. Horretaz gain, «pertsona oso sentiberak dira, enpatia handikoak, eta justiziaren eta adiskidetasunaren oso kontzeptu argia dute».

Baina horrek ez du esan nahi gaitasun handiko haur guztiek eskolan arazorik ez dutenik. «Adimen handiko haurren inguruan dauden estereotipoetako bat da hori, ikasle perfektuak direla pentsatzea», azaldu du Begoña Suarezek, Aupatuz adimen gaitasun handiko haurrak dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako guraso elkarteko kideak. Batzuek bat egiten dute portaera horrekin, baina beste batzuek askoz sormen handiagoa dute, eta bestela ebazten dituzte egin beharrekoak. Gure hezkuntza sistema «zurruna eta homogeneoa denez, ez dute lekurik izaten beren sormena eta jakin-mina asetzeko», dio Erika Rabadan musika irakasleak eta gaitasun handia identifikatzen eta kudeatzen masterdunak. Egoera horrek jokabide arazoak izatea ekartzen du zenbaitetan: «Ez dute motibaziorik izaten testuliburuen bidez ikasteko, arreta galtzen dute, ezinegona izaten dute». Ezaugarri berezi horiek eta haiei lotutako arazoak oso nabarmenak dira kasu batzuetan. Haien ezaugarrietako bat aktibazioa da, buruarena eta gorputzarena —hau da, mugitzeko premia dute—, baina horrek ez du esan nahi hiperaktiboak direnik. Hiperaktiboak ez bezala, ume horiek gai direlako gai batean luzaro kontzentratuta egoteko.

Identifikatzea

Izan ditzaketen heziketa premiak argitzeko, adimen handiko umeak identifikatzea da egin beharreko lehenengo lana. «Gehien erabiltzen den proba WISC delakoa da», dio Etxebarriak. Baina test horrek adimen mota jakin batzuk soilik aztertzen ditu. David Wechsler psikologoak 1949. urtean garatutako adimen test bat da, haurrek zer adimen koziente duten jakiteko. Adimen handiko pertsonak aipatzean, adimen kozientearen kontzeptua agertzen da. Munduko Osasun Erakundeak honela definitzen du adimen handia: adimen kozientea 130 baino handiagoa izatea. Profesional askok, ordea, ez dute nahikotzat jotzen zenbaki bat lortzea, eta, gaitasun handiko haurrak identifikatzeko, beste proba batzuk egitea eta gaian aditua den psikologo klinikoren batek egitea proposatzen dute. Hori eginda eta gurasoek horrela eskatzen badute, ikastetxeko orientatzaileak baloratuko ditu haren gaitasuna eta heziketa beharrak. «Ikastetxe bakoitzak dituen baliabideen arabera erantzuten du. Batzuetan egokitu egiten dira edukiak, eta, nahikoa ez denean, neurri bereziak hartzen dira: mailaz igotzea, adibidez», dio Elena Agilena Nafarroako Gobernuko Gaitasun Handiko Taldeko buruak.

Lan asko egiteko

Baina maiz ez da erraza izaten haur horien premiak asetzea eskolan: baliabideak falta dira, eta irakasleak ez daude prestatuta. Gainera, gela batetik bestera alde handia dago. «Hogeita bost ume badituzu gelan, bakoitzak bere zailtasunak eta bere aberastasunak ditu. Askotan ume hauek uzten ditugu pentsatuz aurrera egingo dutela, baina askotan ez dute aurrera egiten», dio Rabadanek. Errealitatea da ume horiei arreta berezia eskaini ahal zaiela eskolan: edukien curriculuma egokitu edo mailaz igo. «Guretzat lan handiagoa da, eta jada lanez gainezka gaude. Baliabideak falta dira».

Irakasleei baliabideak ematen saiatzen da Yolanda Olasagarre Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko (EIBZ) irakaslea. Iaz hasi zen gaitasun handiko ikasleei eskolan arreta nola eskaini irakasteko ikastaro bat eskaintzen, on line eta euskaraz. Irakasleak egoerari nola aurre egin jakiteko prestatzea du helburua. «Irakasleak erne egon daitezen, jakiteko nora jo eta nola lagundu ikaslea». Ikasleen ezaugarriak, interesak, motibazioak, alde emozionalean izan ditzaketen ezaugarriak irakasten dira. Irakasleak zer egiteko izan beharko lukeen ere aztertzen da. Olasagarrek dio irakasleak egokitu egin behar duela bere egitekoa. «Irekia egon behar du, eta malgutasuna izan behar du. Ausarta izan behar du, gauza berriak probatzeko, betiere albo ondoriorik ez dela sortuko ziurtatuz». Gurasoekin komunikatzea eta ikaslea behatzea ere ezinbestekotzat ditu. Bestalde, «aurreiritziak desikastea» proposatzen du, horrek mugatu dezakeelako beste guztia. «Ikasle batek gaitasun handiak dituela diogunean, ez dugu esaten besteak baino eskubide gehiago dituenik. Ezberdina da, eta beste behar batzuk ditu».

Irakasleak desikasi behar du gaitasun handia izanda ere ikaslea bakarrik moldatuko dela. «Ezin dugu hori aurreikusi. Gaitasun handia dutelako ez du esan nahi ez dutenik laguntza behar». Generoaren ikuspegia ere lantzen du Olasagarrek, gaitasun handiko neska gutxiago daudela ikusi baita. Adimen handiko hamar umetik zazpi mutilak dira, eta hiru, neskak. «Gelan ez dute arazorik ematen, diziplina arazo gutxiago dutelako eta isilagoak direlako». Begoña Suarezek haien izaera ere aipatu du arrazoi gisa. «Neskek gorde egiten dute azkartasuna. Beldur diote berekin neurri bereziak hartzeari. Ez dute taldearen aldean ezberdin izan nahi». Ikastetxean eta gela barruko lanean irakasleek babesa behar dutela dio Olasagarrek. «Babesa, eta zerbait behar dutenean norbait izatea atzean aholkua eta laguntza emateko, erreferentzia bat». Baina egoera oso ezberdinak daude; badira taldeak hogei ikaslekoak, hamabostekoak eta hogeita hamarrekoak. «Irakaslearen egitekoak malgua izan behar du. Ikasleari kasu eginez, oro har ongi erantzungo du».

Bidean hobetzen jarraitzeko, «jarraipena eta sistematizazioa ziurtatzea» proposatzen du Olasagarrek. «Ez da hutsetik hasiko, eta bada modua aurrera egiteko. Egiten dugun lana metatuz eta transmitituz joan behar dugu». Egiteko asko dagoela uste du Etxeberriak. «Lan asko dago egiteko, nahiz eta Jaurlaritzak adimen gaitasun handiarentzat oso lagungarria izan daitekeen dokumentu bat argitaratu duen eta sentsibilitate bideak ireki dituen».

Gurasoen kezkak

«Ordu asko pasatzen dituzte eskolan, eta ez dugu nahi asteburuan eskolan ikasi ez dutena ikastaro batean ikastea ere», dio Suarezek. Uste du eskolan nola artatu behar dituzten jakitera bideratu behar dela haien lana. «Eragin behar da eskolan, hor ditugulako ikasleak hainbat ordutan». Oraindik ere gaitasun handiko haurren gainean aurreiritzi asko daudela uste du Jakesek. Baionan bizi da. Asmatutako izena da, ez baitu berea eman nahi izan, ezta bere haurrena ere. Bi haur ditu: 13 urteko mutiko bat eta 10 urteko neskato bat. Biak ala biak gaitasun handikoak dira, eta berak eta emazteak ere ezaugarri horiek dituztela ohartu dira. Lehena eskolan detektatu zuten. «Klasean biziki ongi zen, baina batzuetan ez zen kontzentratzen, eta arreta galtzen zuen. Arrapostuak biziki ongi ziren; helduen antzera erantzuten zuen». Lehen haurrarekin jakinaren gainean egonda, bigarrenarekin gauzak errazagoak izan dira. «Lagunekin ez zuen ongi pasatzen, eta nahi zuen jakin zer gertatzen zitzaion. Orain biziki ongi da elkar ulertzeko eta zer gertatzen zaigun jakiteko». Orain kolegioan daude biak; semea, hirugarren mailan. «Gustura dago gelan». Alaba berriz, lehen mailan dago. Aukera dute haien curriculuma aberasteko laguntza izateko, baina ez dute izan nahi. «Irakasleek ez dakite gure haurren gaitasunen berri. Ez da arazorik, eta arazoren bat gertatzen bada, erranen diegu. Normaltasuna nahi dugu. Haurrak zoriontsuak izatea nahi dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.