Iñigo Astiz / 2014-11-30 / 721 hitz
Herri literaturaren biltzaileek egindako lana nabarmendu du Jabier Kaltzakorta hizkuntzalariak euskaltzain izateko egindako sarrera hitzaldian. Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituaren lekua beteko du aurrerantzean markinarrak.
Eldu zan Miruba Sibilijan, an bere buztana iperdijan». Alegia, heldu zela mirua Sevillara, baina han ere miru zela. Pablo Astarloa literatur biltzailearen esaera zaharren bilduma bat erreskatatzeko baliatu zuen atzo Euskaltzaindirako sarrera hitzaldia Jabier Kaltzakorta hizkuntzalariak (Markina-Xemein, 1961). Herri literaturaren ikertzaile, Wilhelm von Humboldten lanetan aditu, Erdi Aroko baladen berreskuratzaile; herri literaturaz, Humboldtez eta Erdi Aroko baladez aritu zen atzokoan Kaltzakorta jendez gainezka zegoen Markina-Xemeingo udaletxean. Bibliotekako sagua dela esana du maiz bere buruaz, eta argi utzi zuen atzo: bibliotekako saguak Euskaltzaindian ere ipurdian du isatsa. «Euskara biziko bada, euskaldunek hala nahi dutelako izan behar da. Euskara biziko bada, era berean, mesedegileak behar ditugu barrutikoak eta kanpotikakoak. Txirritak, Mogelek eta Antonio Zabalak euskara barru-barrutik aberastu dute. Euskarak, era berean, kanpotik hurbildu eta lagundu dutenen laguntza ere behar du. Kanpotikako laguntzaile handi bat Humboldt dugu». Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituaren postua hartuko du aurrerantzean.
«Idazle xume bat hartu, eta ezkuturik dagoen urregorriari distira eman eta agerian ipintzea, hori da Kaltzakortak oso ongi egiten duena». Euskaltzain berriaren sarrera hitzaldiari egindako erantzunean laburtu zituen Jabier Arejita euskaltzainak Kaltzakortaren merituak. Herri literatura ikertzeko egindako lanak nabarmendu zituen, adibidez, lexikografo gisa egindakoak, irakasle lanetan duen pasioa, eta Labayru ikastegiarekin Laratz bilduman egindako zenbait idazleren erreskatea. Zerrenda luzea egin zuen, baina esaldi bakarrera ere errenditu zituen Kaltzakortaren dohain nagusiak: «Benetako ikertzailea da». Gisa horretara aritu zen Andres Urrutia euskaltzainburua ere zeremoniaren aurkezpenean. «Ikerlari fin eta trebearen eskua igartzen da bere lanetan. Gure hizkuntza eta kulturaren altxorra azaleratzen da borborka Xabierren [Kaltzakortaren] idatzietan».
Txirritaren biblioteka
«Escribiduco dot aztu eztaquidan». Lelo gisa baliatu zuen Kaltzakortak bere hitzaldian Juan Antonio Mogelen Peru Abarka eleberriko lehen autuko esaldi hori. Bertsolari bat entzuten ari da Maisu Juan pertsonaia, eta bertsoa errepikatzeko eskatzen dio lagunari, ziur baitaki betiko galduko dela bestela. «Escribiduco dot aztu eztaquidan». Hain zuzen ere, herri literaturaren hauskortasun hori izan zen Kaltzakortaren mintzaldiko ardatz nagusietariko bat. Baita Jose Manuel Lujanbio Txirrita-ren kasua gogoan hartu zuenean ere. «Txirritak ez zekien idazten. Notarioaren aurrean egiazko testamentua egiteko sinadurarik ere ez zuen egin, ez zekielako izena paperean jartzen. Eskuz egindako letrarik ez zekien irakurtzen. Moldezko letrak irakurtzeko gauza zen, baina oso gutxitan egiten omen zuen. Txirrita izan zen, bestalde, bertsolari zaharren artean bertsopaper gehien argitaratu zuenetakoa; eta hala ere ez dago dudarik hil zenean berekin eraman zuela hilobira biblioteka oso bat». Hilobira eraman ez zuen bibliotekaren zatia, ordea, neurri handi batean Antonio Zabala ikerlari eta Auspoa liburu bildumako zuzendariaren lanari zor zaiola gogoratu zuen euskaltzainak, eta maiz nabarmendu zuen horregatik biltzaile horien garrantzia.
Lehen biltzailearekin hasi zuen saioa, hain zuzen ere: Wilhelm von Humboldtekin, alegia. «Humboldtentzat herri ipuin eta herri kanta nazionalek garrantzi handia dute. Herri jakintza zaharra biltzea helburu dute erromantiko zaharrek. [Euskal Herrian zela idatzitako] Bidaia liburuan kontatzen duenez, behin Bermeora iritsi ondoren, gure bidaiari prusiarrari, Izaro irlatxoa aurrean zuela, mandazain hiztun batek elezahar bat kontatu zion. Elezaharra entzun ondoren, Hero eta Leandroren istorio bera zela diosku Humboldtek. Euskal Herrian egonaldi luzeagoa egingo balu holako istorioak bilduko zituela eransten du gero. Ideia hori guri orain guztiz zentzuzkoa eta normala iruditzen zaigu, baina garai hartan guztiz berritzailea zen». Eta Humboldtek ereindako hazi hori nabarmendu zuen Kaltzakortak: «Humboldten idatzien eraginez hainbat jakitun interesatu ziren euskararen gainean. Humboldtek euskaltzaletasuna eta euskaldunenganako interesa biztu zuen».
Sortetxea izan zuen lehen eskola Kaltzakortak; bertan euskaldundu zen, eta bertan euskaltzaletu, eta pisu berezia izan zuen horregatik sorterriak bere hitzaldian ere. Gogoratu zuenez, egun udaletxe den eraikinean batu zen Humboldt Juan Antonio Mogel idazlearekin, eta, Kaltzakortak zehaztu zuenez, bertan izan zuen prusiarrak Leloren kantua-ren berri. Atzo bere sarrera hitzaldia hartu zuen eraikin ber hartan. Sorterriko idazle eta biltzaileak gogoan, Markinako hizkeran egin zituen horregatik hitzaldi hasierako hitzak, baina batura bueltatu zen gero.
Humboldten akatsa
Humboldten okerra ere nabarmendu zuen, halere, Kaltzakortak. Hitzez hitz irakurri zuen prusiarraren profezia: «Gure hizkuntza zaharrak, ordea, beharbada mende bat baino lehenago hizkuntza bizien artean desagertu edo galtzeko arriskua du». Eta hor okerra. Kaltzakorta: «Humboldt prusiarrak mende bateko bizitza baino gutxiago iragarri zion euskarari. Baieztapena, ordea, ez da erabat kategorikoa, beharbada batek, vielleicht delakoak, zorionez huts egin zuen, eta gure hizkuntzak bizirik dirau oraindik. Humboldt Euskal Herrira etorri zenetik berrehun urte baino gehiago pasatu dira; eta, hemen bertan, Mogelek Leloren kantua eman zion leku berean, gu orain euskaraz ari gara»