Gorka Lopez / 2014-12-02 / 350 hitz
Ibilbide labur honetan, Ziburumendiko gailur ñimiñotik (411 metro) igaroko gara, eta Intzola ibarreko basoaren freskotasunean barrenduko gara.
Mantobaitako landetxera heltzean, haren eskuinean dagoen aparkalekura joko dugu, zeina hesi batek inguratzen duen. Aparkaleku osoa zeharkatu, zidor baterako eskuinaldeko igarobidea pasatu, eta sarreraren bestaldeko muturrera iritsiko gara, hango igarobidea zeharkatzeko.
Hogei metro ibili ostean, ezkerreko bideari helduko diogu, eta, beste metro gutxi batzuk eginda, berriz ere ezkerreko bidea hartuko dugu. Hala, goranzko bidetik joko dugu, hesi baten eta haren atzealdeko larreen paretik. Malda bide hori zaildu egingo da; horri jarraituz, bidegurutze batera helduko gara, eta eskuinetik segituko dugu, baliza urdinaren atzetik.
Gora egin ahala, Lapurdiko kostarako ikuspegia zabalduko zaigu, eta, ezkerrerako bidexka bat topatzean, handik jo, eta sigi-saga ibiliko gara iratzez estaliriko hegalean zehar. Bide horrek berehala eramango gaitu landa kapera batera; haren atzean dago Ziburumendiko tontor arbola gabea, gurutze bat eta Ama Birjina bat dituen zutarri batekin.
Kosta gaineko ikuspegi paregabe horretatik, ezkerreko bideari eutsiko diogu, zeinak Larrungo magalen parean lagako baikaitu. Gero, ezkerreko bidexka hartuko dugu, eta muinoaren ertzetik ibiliko gara, harrizko bidetik behera eginez Deskargako lepoko belardi txikiraino. Han, GR-10 bideari batuko gatzaizkio Benta Intzolaraino; eskuinera egin, eta ezkerreko beheranzko bidetik abiatuko gara.
Basoan barneratu, eta, GR-10 bideko balizen argibideei kasu eginez, beherako bidea amaituko dugu Benta Inzolara daraman zubian. Zubia igaroko dugu, baina benta saihestu, eta Intzola ibaiaren ertzeko basabideari ekingo diogu, Ibardin aldera joango bagina bezala. Ibilbide lasaigarri horretan, behinola erromatarren komunikabide izandako baten lauzen geldikinak zapalduko ditugu.
Intzolaren ibaiadar bat zeharkatu ondotik, eskuinera hartuko dugu, GR-10 bidea utziz eta hori koloreko balizei segituz. Hurrengo bidegurutzea pasatu eta gero, ibaiertzaren albo-albotik ibiliko gara. Aurrera eginez, zelai batera helduko gara; langa kanadar bat topatuko dugu han, eta pista bat haren atzean. Hango errotuluari kasu egin, eta, langa igaro gabe, eskuinetik egingo dugu aurrera, Mantobaitako landetxeraino.
Intzola ibaiaren urak iragango ditugu bi enborrez eginiko zubi berezi batetik, eta Ziburumendiren oinarriaren ertzean dagoen bidezidorretik joango gara, iratze sail batetik, zuhaizti bat zeharkatuz, non atentzioa emango digun bertako gorosti mordoak. Bidexka batekin bat egin, eta ezkerretik joko dugu; aldapa bat igo, etxe pare baten aurretik igaro, eta Mantobaitako aparkalekura ailegatuko gara.