Imanol Mercero / 2014-11-30 / 393 hitz
- Izenburua: Aita oker dago
- Idazlea: Juan Luis Zabala
- Ilustraziogilea: Begoña Durruti
- Argitaletxea: Erein
Gauza ederra da lotarako ipuina kontatzea. Ez dakit zuen etxean egiten den. Atal hau irakurtzen ari zarenez, pentsatuko dut baietz. Konplizitate unetxo hori, intimitatean, argi lausoa, kontutxoak xuxurlatuz belarrira. Nork bere errezeta duelarik ere, bi joera ikusten ditut une hauek bideratzean: bata idatzitako liburu baten irakurraldia da, bestea da ahozkotasunean oinarritzen dena, eta normalean sormen ariketa izaten dena.
Bada, Aita oker dago liburua bigarren kontaketa mota horien ondorioa da, inprobisazioan eta ahozkotik sortu eta asmatutako ipuin bilduma bat, hain justu. Eta ez diot hau ipuinei darien bat-batekotasun zantzuengatik bakarrik, baizik eta idazleak aurkezpenean hauxe nabarmendu zuelako: bere semearen alboan, 3 eta 6 urte zituen tartean, kontatutako ipuinen transkribaketa da. Horra.
Esan zuen, baita ere, idazleak, semeari grazia handiena ipuinetako aitak huts egitea sortzen ziola, une barregarri horiekin gozatzen zuela gehien. Izango da zerbaitengatik, idazleak, Juan Luis Zabalak, zioen ona dela haurrak ikustea aita ez dela akats gabea, eta horren aldeko zirela ipuin hauek; ipuin hauetako aitak.
Ez dut ezer esatekorik idazlearen baieztapen hauekin. Baina badut liburu honekin erreparo bat, jarraian argudiatzen saiatuko naizena.
Idazleak esan bezala, ipuinotan —zortzi dira guztira— maiz agertzen da aitaren bat; lautan aita semearekin interakzioan ageri da. Guztietan semeak aitari «lezioa» ematen dio. Gainerakoetan idazlearen familiaren inguruko zaletasun eta topikoak aireratzen direla iruditzen zait, orain gizon gaiztoa, orain haurtxoaren zapata «magikoa», geroxeago txirrinduzale bat, eta, aitaren ofizioa lagun, kazetari desastre bat, albistea idazteko komeriatan dabilena. Irudimena apur bat eraginez, ikusi ere egin litezke aita-semeak, logelan, gauez, irri txikiak eginez: «Gaur zein nahi duzu, seme?». «Gaur zapatarena, aitatxo!». Eta horrela, hiru urte zoragarriz. Gozatzen ipuinekin, gozatzen elkarren konpainian.
Baina amaitu da. Euren logelatik aterako gara.
Eta behin intimitate une hura atzean utzita, konturatzen gara ipuinak hangoak direla. Giro hartan magikoak eta zoragarriak zirela, baina handik kanpora ez dutela dirdirarik. Mundu zabalean, gauzak elkarren ondoan jarriaz baloratzen diren lekuan, ipuin hauek Mariren kobazuloko urrea bezala dira: ikatz.
Ateraldi graziosoak, asmazio jostagarriak, barre txikia eragin dezaketen bihurrikeriak… baina ez dira literatura gai nahikoa. Ezin dugu ahaztu liburu bat kaleratzen duen edonork, kontrakoa esan ezean, irakurleari literatura eskainiko diola hitzematen diola; badela esan gabeko hitzarmen bat, halako zerbait: istorio honek merezi du; hau paperean jartzeko adinako zerbait da; berau irakurtzen hartzen duzun denbora ez da alferrikakoa izango.
Eta ez. Ipuin hauek bihotzean gordetzekoak ziren, ez paperean. Hala uste dut nik.