Irene Arrizurieta / 2014-12-04 / 615 hitz
Fantasia irudikatzea gustuko du Martin Altzueta ilustratzaileak, baina Euskal ‘Herriko historia ilustratua’ liburuan historiako pasarteak irudikatzeak imajinaziorako tarte gutxi utzi dio.
Euskal Herriko historia ilustratzeari ekin dio Martintxo Altzueta ilustratzaileak (Iruñea, 1972). Joseba Asiron historialariarekin batera, Historiaurretik Erromanizaziora. Euskal Herriko historia ilustratua liburua kaleratu berri du Txalaparta argitaletxearekin. Historia ilustratzen txiki sentitu dela aitortu du, baina, erronkaren aurrean, kikildu beharrean, lanean jarraitu du. Liburua beste hiru libururekiko bilduma baten hasiera da. Bigarren liburukia ere bukatua dute.
Euskal Herriko historia ilustratua liburuko komikiak egin dituzu. Nolakoa izan da lana?
Zer egin nahi genuen garbi geneukan. Joseba Asironek pertsonaiak, gertaerak eta eszenak nolakoak diren zehaztu ditu. Niri, haiek irudikatzea tokatu zait; ehunka zirriborro egin dut. Bakoitzaren lan esparrua zein den argi daukagu.
Pertsonaiak lantzeko tenorean, historiara jo duzu edo imajinazioa erabili duzu?
Pertsonaiak nolakoak ziren azaltzen duen dokumentazioa baldin badago, hura hartzen dut adibidetzat, baina ez badugu dokumenturik, asmatu egiten dut haien itxura. Ez dugu beste aukerarik. Agian, erabat ezberdina zen pertsonaiaren itxura, baina ez dakigunez, asmatu egiten dugu.
Zenbat denbora eman duzu ilustrazioak egiten?
Bolada honetan nahiko azkar noa. Bi egunean prestatu dut ilustrazio bakoitza. Ordenagailua oso tresna ona da, eta lana asko azkartzen dit. Marrazten hasi nintzenean, horrelako marrazki bat egiteko hamabost egun behar izaten nituen, baina, egun, bi egunean prestatzen ditut bi orrialdeko ilustrazioak, behar dituzten elementu guztiekin.
Ez da lehen aldia Joseba Asironekin lan egiten duzuna.
Ez. Josebarekin batera egin dudan laugarren liburua da. Plazera da Josebarekin lan egitea. Oso zorrotza da, eta ez du akats bat bera ere pasatzen uzten. Marrazkiak errepikatu behar izaten ditut. Hasiera batean, gogorra izan zen, baina emaitza ikusten duzunean, plazera da. Gainera, lan ona egiten duzunean esan egiten dizu.
Olio pinturaren teknika erabiltzen duzu zure ilustrazioak egiteko. Horrek errealismo handia ematen dio zure lanari. Gustura gelditu zara egindako lanarekin?
Kontatzen ari ginenari benekotasuna ematea zen gure asmoa, eta emaitzarekin oso pozik nago. Euskal Herriko historia ilustratua-ren lehenengo liburua da. Nortasun gutxiago dute ilustrazio batzuek, baina egin ahala konfiantza hartu dut. Orain badakit zer egin behar dudan, eta nola egin behar dudan marrazkia. Hori sumatuko da hurrengo liburuetan. Oso pozik gelditu naiz emaitzarekin. Txalapartako Monti maketatzaileak egindako lana ere izugarria izan da.
Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera ematen du liburuak?
Bai, gure historia kontatzeko beste modu bat da. Ezagutu behar genituzkeen datuak ageri dira.
Horrelako lan batean txiki sentitu zarela aipatu duzu. Neurria hartzea zaila izan da?
Bai. Ez nuen horrelako lanik egin sekula. Beti egin ditut komikiak edo egunkarietako komiki zintak. BERRIAn ere egin nituen zintak. Hasiera batean, gehiegi zela uste nuen, baina, egin ahala, ateratzen zela ikusi nuen. Handituz joan naiz. Hasiera batean, oso txikia sentitu nintzen, eta zalantzak izan nituen lanarekin aurrera jarraitu ala ez. Gehiegizkoa zela uste nuen. Orain, bukatu da lehen liburua, bigarrena prest dago, eta gai naizela ikusten dut.
Historia liburua izanik fantasiarako tarte gutxi dagoela dio Asironek, baina zuk fantasia landu duzu.
Bai. Testuan ez dago fantasiarako tarterik, baina nire kasuan imajinazioa jar dezaket lanean. Gertaera posibleak asmatu behar izan ditugu.
Ikonografia bat sortzen ari zarete?
Bai. Ongi ezagutzen ez ditugun pertsonaiak ilustratu ditut. Ez dugu Euskal Herriko ikonografia bat, eta sortzen ari gara. Arrasto bat uzten ari gara.
Non ari zara gusturago lanean, fikzioan ala errealitatean?
Errealitatea islatzen gustura nago, baina fikzioa ere gustatzen zait. Erraz moldatzekoa naiz.
Liburuko ilustrazioak egiteko zirriborroak Durangoko Azokan oparituko dituzula esan duzu. Zergatik?
Nahiago dut norbaiti eman, etxean kutxa batean gordeta eduki baino. Ehunka zirriborro egin ditut. Ilustrazioak hartzen dituenak nire lanari balioa ematen badio eta gustatzen bazaio, pozgarria da. Durangon egun guztietan egonen naiz, eta gustura oparituko ditut.
Zuen lana behar bezala estimatzen da?
Ez, baina uste hori aldatzeko lan egin behar dugu. Komikiak ez dira bakarrik haurrentzat, jende helduarentzat ere interesgarriak dira.