Anjel Lertxundi / 2014-11-29 / 116 hitz
Aingeru saldo handi bat Jaungoikoaren kontra matxinatu zenean, errebeldeak hitzen esanahiak aldatzen hasi ziren etsaia nahasteko, eta, borrokaren unerik latzenean, bi hizkera-modu entzuten zituzten zeruko mendi-ibarretan, ez zekitelarik beltza zioenak zuri ote zioen, behatza esaten zuenak bihotza adierazten zuen.
Kontuz ibili beharreko egoera inondik ere, baina sefardien kontakizunak oso ondo ilustratzen du mirari literarioaren sorrera: matxinada aurreko errealitate lau otzan aspergarrian hizkuntzak ezin zezakeen koskarik izan, zeruan dena baitzen ederra. Baina lehendabiziko liskarra sortzen denean, hizkuntzak ere xalotasuna galtzen du, galdetzen hasten da, metafora eta ironia asmatzen ditu, intentzioz gainezkatzen da, eufemismoari (hizkera onari) blasfemia (hizkera makurra) kontrajartzen dio.
Hizkuntza gai da iada infernua ere izendatzeko, suaren tentazio beroa ere sentitzen hasita dago matxinada bati esker.