Anjel Lertxundi / 2014-12-06 / 126 hitz
Nork ez ditu sufritu —eta praktikatu!— arau guztiak zintzo-tonto betetzen dituzten testu serio batere gazi-gozorik gabeak? Euskara batuan omen dauden arren, ez dute bizitza transmititzen, ez dute arnasarik, momiari mamia falta zaio. Halako asko sufrituak gara. Ondorioa: airea duten piezak arnastu orduko euskara batuarekin kontrajartzen ditugu. Loreak kasu, egunotako polemika batean ikusi dugunez. Baina kontrakzioak bezalako aktorearen esateko modu etxeko batzuk gorabehera, Loreak ez dago batuan? Euskalkien aire ahozkoa ez dago ondo integratuta atmosfera batu batean?
Ez dugu euskara batuaren pedagogiarik egin, baina jai dugu ez baditugu idatziaren eta ahozkoaren dinamikak bereizten. Zerbait gaizki egiten ari gara batua eta astuna, batua eta rolloa, batua eta pedantea berdintzen baditugu. Gaizki gabiltza, oso gaizki ere, batua eta freskura, batua eta bixipoxa, batua eta ozpintxarra elkarren etsaitzat hartuta bagabiltza.