Anjel Lertxundi / 2014-12-16 / 124 hitz
Baziren behin igerian zebiltzan arrain gazte bi arrain zahar batekin topo egin zutenak. Arrain zaharrak esan zien: egunon, gazteak, zer moduz dago ura? Bi gazteek igerian segitu zuten. Halako batean, gazteetako batek besteari begiratu eta galdetu zion: zer demontre da ura?
David Foster Wallace idazleak kontzientzia kritikoa lantzeari buruz eman zuen hitzaldi bateko kontakizun laburra da goikoa. Arrainek ez dute zertan jakin uretan dabiltzala: uretan dabiltza eta aski zaie. Gizakiok ez daukagu etengabe arnasten dugun airearen kontzientziarik; arnasten dugu, bizirik gaude, gainerako guztiak zer munta du? Kontzientzia-aurreko esperientziak dira. Kontzientzia aktibatu behar da ohartzeko ura ez daukagula betirako, aireak pozoitzen gaituela. Zer moduz daude ura eta airea?, galdetu dute Liman bildutako klima-adituek. Zer demontre da ura, zer demontre da airea?, galdetzen segitzen dute gobernariek.