Normala da

Zihara Enbeita / 2014-12-11 / 238 hitz

Orain gutxi arte larrosa gorroto nuen. Beharbada ezin nuelako ezeri lotuta, ezeren menpe bizi beharra onartu. Orain berriz larrosa erabiltzen hasi naiz. Bere menpe bizi nahi ez dudan arren, gura dudanean berarekin egon naitekeelako. Larrosa ere badelako gurea, beste kolore guztiak legez. Eta alaba ere larrosaz janzten dut. Eta semea ere bai uzten didanean. Baina larrosa koloreko jostailu eta liburuei mespretxuz begiratzen diet gabon garaiotan. Are gehiago, edozein liburu erosi orduko detektibe batek legez lupaz begiratzen diet, aztarna bila, etxera heldu eta liburua irakurtzerakoan sorpresarik ez hartzeko. Berez ezer berezirik kontatzen ez duen liburu bateko ilustrazioetan gauza asko esaten direlako, gure seme-alabentzat nahi ez genituzkeen gauza asko. Neskatoaren gela irudikatzerakoan printzesak ezker-eskuin, mutilarenean baloiak edo dinosauroak. Erotuta nagoen sentsazioa dut batzuetan eta hala banengo legez begiratzen dit inguruko batek baino gehiagok. Eta beharbada, normaltasunetik kanpo nabilela onartzeko momentua iritsi da.

Normalena argitaletxeek neskentzako eta mutilentzako liburuak ateratzea baita. Amama eta amek printzesen inguruko ipuinik ez baitiete erosiko mutilei. Printzesen arropa larrosak erosten ez dizkieten moduan. Berdin neskei soldadutxoen ipuinak. Beraz, amama eta amei lana errazteko asmoz (aitita eta aitak erosten joatea ez da normala) neskentzako ipuinen bildumak eta mutilentzako moduko ipuinen bildumak ateratzen dituzte argitaletxeek. Argi gera bedi, hori dena ez diodala nik, argitaletxe batek baino.

«Besteek ere egin dute» izaten da umetan egindakoak justifikatzeko esaldirik erabiliena. «Besteek leihotik salto egiten badute zeuk ere egingo duzu?» helduon erantzuna. Helduon normaltasun horrek leihotik salto ez, leihotik botatzen du jendea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.