Mikel Arrizabalaga / 2014-12-16 / 459 hitz
Pagadiak, estazio megalitikoak, urmaelak, ola zaharrak, Txirritaren oroigarria eta beste hainbat leku ezagutuko ditugu Usoko errekari bira emanez.
Ibilbide honek aukera emango digu, Aginagamendi, Urdaburu eta Igorin mendien magaletan ibili eta bertako ikuspegiaz gozatzeko ez ezik, pagadi zahar, estazio megalitikoak eta Txirrita bertsolaria zenaren jaiolekua bertatik ikusteko ere. Usoko erreka hau Txirrita bertsolari hernaniarraren jaioleku izandako baserriaren alboan dago, eta bertan garai bateko ola zaharra aurkituko dugu, alkohola —erretzekoa eta masajea emateko—, ozpina, mundruna eta egur ikatza egiten ziren gunea. Ibilbidea ez dago markatua, beraz bidea adierazten duen balizarik ez dugu aurkituko.
Puig-Latxe etxearen paretik abiatu eta Goizueta aldera doan errepidetik ehun bat metro bete eta gero, Abillats baserriaren ondora helduko gara. Errepidea utzi eta porlanezko pista igotzen hasiko gara Txabolategi baserriaren ondora iritsi arte. Puntu honetan pista utzi eta eskuinera ateratzen den lurrezkoa hartuko dugu, langa metalikoa pasatu eta gorantz egingo dugu lehen bidegurutzearekin topo egin arte. Berriro eskuinetik ateratzen den pista zabala aukeratu eta ez dugu utziko Azerilepora igo arte, pista amaitzen den lekura hain zuzen ere.
Aginamendi gure ezkerrera lagata, alanbrezko hesiak angelu zuzena egiten duen lekuan, ezker aldetik pinudian marrazten den zidorra bilatuko dugu eta bertatik jaitsiko gara bidezidor nabarmenago batekin topo egin arte. Eskuinerantz jo eta berehala ailegatuko gara Elorrietako lepora pista zabal batekin bat eginez. Aldapan gora pagadia zeharkatu eta berriro jaisten hasiko gara aurrez aurre Urdaburu dugularik. Mendiaren magalera heltzean, egurrezko hesolek erakutsiko digute aukeratu beharreko bidea, Malmazarrera zuzentzen dena hain zuzen ere.
Sigi-sagan gorantz egingo dugu eta Urdaburu inguratzen duen pista zabalak Pagosardeko atsedenlekuan utziko gaitu. Hemendik aurrera, Zuarkazu mendiaren ezker aldetik segituz pista utzi eta ezkerretik ateratzen den xenda jarraituz Malmazarreko hezegune edo putzura ailegatuko gara.
Putzuaren ezker aldetik ikusgaitz den xenda bilatu eta pagaditik jaitsiko gara segidan Bentatxuri baserriraino doan bide zabalago bat jarraituz. Asfaltatutako bidea gurutzatu eta Igorin mendiaren magalean zabaltzen den bideak Igoringo lepora gerturatuko gaitu. Pista utzi eta ezker aldetik, Igoringo estazio megalitikoa dagoen aldera zuzenduko ditugu gure urratsak. Igoera motz baina trakets batek mendi gaina zeharkatu eta Akolako lepora jaitsiko gara. Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen den Igorin-Akola estazio megalitikoak Multzo Monumentalaren kategoria du, Kalifikaturiko Kultur Ondasun izendatua.
Estazio megalitikoa atzean utzita, Akolatxarako gainera igoko gara aldats motz baina piko batetik eta segidan, Sagastietako lepora jaitsiko gara izen bera duen trikuharriaren ondora. Nahiko ondo kontserbaturik dagoen trikuharriaren ondorik pista hartu eta Akolako atsedenlekuraino jaitsiko gara. PRaren markak utzi eta ezkerretik ateratzen den pistatik erraz jaitsiko gara Alkatxurain etxalde ederrera. Baserria atzean utzi bezain fite, ezkerreko porlanezko pista hartu eta zalditegi txiki baten ondotik pasatzean, dozena pare bat metro aurrerago berriz ere pista utziko dugu pinudian marrazten den bidezidorra hartuz. Denbora gutxi beharko dugu Txirrita bertsolariaren oroigarria dagoen lekura iristeko eta Usoko errekaren ondotik ola zaharraren hondakinen albotik pasatu eta abiapuntura bueltatuko gara.