Egilea: Jane Austen
Itzultzailea: Ana Isabel Morales
Ilustratzailea: Sara Morante
Argitaletxea: Denonartean
Bilduma: Narratiba
Urtea: 2014
ISBN: 9788415756378
R: 7.253
XIX. mendeko eleberri hau Surreyn dago kokatua eta Emma Watson du protagonista. Hiru ahizpa eta bi anaiako familia bateko partaide, bere etxean arrotz sentituko da, ez baititu senideak benetan ezagutzen. Izan ere, zazpi urte zituela izeko batek eraman zuen bere etxera bertan hazteko eta hezteko; orain, ordea, alargundu ondoren, berriro ezkondu da, eta iloba etxera bidali du. Gertaera hori dela-eta familiarentzat zama bihurtu da Emma; anaia bat izan ezik gainerako guztiak ezkongabe daude, eta ahizpa bakoitzak errenta bat behar du taxuzko ezkontza egiteko. Familia ez da diruduna.
Neguko lehen batzarrera joatera gonbidatuko dute eta bertan inguruko aberats eta handikiak ezagutuko ditu. Haien inguruko informazioa eskatuko dio ahizpa zaharrenak, maitasun kontuak direla-eta. Emmak, ordura arte ezezaguna izanda, hainbaten interesa sortuko du.
Bukatu gabe dago nobela eta ez du kapitulurik ere. Liburuaren amaieran, ohar batek, ustez, nondik nora joko zukeen adierazten du.
Sara Moranteren irudiek apaintzen dute liburua. Oso irudi erakargarriak dira eta xehetasun asko islatzen dituzte. Liburuaren azalaren barnealdean kolore biziko estanpatua ageri da eta Emmaren soineko gehienetan estanpatu hori bera ageri da; gainerako irudiek kolore apalak dituzte.