Nora Arbelbide / 2014-12-05 / 705 hitz
Pierre Duny-Petre idazlea omendu eta haren idazlanen argitalpena aurkeztuko du bihar Euskaltzaleen Biltzarrak Donibane Garazin.
Haurren kantu eta jolasak biltzen dituen Xirula Mirula (1987) liburuaren autorea izanagatik da menturaz gehienbat hedatu Pierre Duny-Petre Piarres Hegitoa (1914-2005). Aurten ehun urte beteko zituela, Garaziko olerkari eta prosalariaren beste idatzi batzuen ezagutzeko gomita egiten du Euskaltzaleen Biltzarrak. Hark berak argitaratu berri duen Piarres Hegitoa, idazlanak liburua hain zuzen. Bihar goizean burutzekoa duten omenaldiaren karietara aurkeztekoa dutena, Donibane Garaziko Herriko etxean, 11:00etan.
Liburu berrian, Duny-Petreren obra oso bat da agertzen, olerkiak, ipuin asmatu, ipuin transkribatu eta artikuluez josia. Basa-sinesteak hark deitzen dituenak, baita Jakes Turrut edo Bettiri Uhartekoa bezalako pertsonaienak.
Eta horrekin guztiarekin batera mundu bat. «Sozietate bat ikusten baitugu bizitzen». Eta horrekin batera «filosofia bat», deritzo Antton Lukuk. Liburuak, Lukuk idatzi Piarres Hegitoa istorio kondan: Zirtzilen mundua izenburuko testua dakar. Filosofia horren sesitzeko bideak irekiz. Duny-Petreren idatzien bidez, pentsatzeko molde batekin berriz kontaktuan jartzeko molde bat ikusten du Lukuk: «Nik hurbiltzen diet hori erran zahar anitz dakizkiten jende horiei». Hau da, bi hitzez laburbildurik: «Zirtzilen biblia da. Ipuinak absolutuki irakurri beharrak dira nahi baldin baduzu konprenitu Libertimendua, Zirtzil jokoa zer den. Mundu horren defentsan dira Zirtzilak. Boz hori plazara ekartzen» dutela. Egokitzekotan, boz hori gaur egungo sozietatean non den behar dela aurkitu dio Lukuk, aitortuz aurkitzea «oso zaila» dela. «Nork duen garraiatzen orain. Non den, nonbait, anarkismo hori».
Ez da kasualitatea Lukuren testuaren ilustratzeko Sauveur Harruguet-en Le carnaval au Pays Basque, Ihautiri solas, oraisons funèbres de carnaval (Euskal Herriko inauteria, Ihautiri solas, inauterietako hil-otoitz) liburutik (1936) marrazkiak hartu izana. Duny-Petreren idatzietan, Lukuk, «inauteriaren aberetegia» du ikusten. Harruguetek marrazkietan baliatzen duen bera: «Ikusten dituzu gatu pelatuak, zerri gizenak, asto leher eginak. Beti ateratzen da hortik Santibate. Aipatzen da garizuma. Nonbait, folklorea, ezarria dena arrunt giro anti folkloriko batean. Negua, hotza, gosea… Ez da mundu idealizatu bat. Sentitzen da mina, eta irria horren gainean».
Ikusi du mundu hori Duny-Petrek. Lehen pertsonan. Ttipitako oroitzapenetan iltzatukoa da. Eta hori du biziarazten nonbait idatzietan: «Espainiako karrikan bizi izan da haurrean Piarres Hegitoa, merkatu egunez laborarien astoak irriz ari zirelarik harresien kanpoko aldean, bizia, erresistentzia denbora barne, kanpoan pasatu baitu gero, funtzionario guziek bezala bere Frantziako itzulia egin du, eta maite ukan zuen Euskal Herri hura ikusi du desegiten, aldatzen, modernizatzen nahi bada, arrozten. Nehork ez dio zurrunbilo horretan, salbatze eta museora igortzeko tentazioari buru egiten ahal, eta sentitu duke zerbaiten egiteko beharra», Lukuren hitzetan. Bizi berezia izan baitzuen Duny-Petrek. Liburuan biografiak irakur daitezke, hain zuzen. Horietako bat Ellande Duny-Petre semeak idatzia. Aitaren ibilbidea ulertzeko, hasteko, laikoa zela esplikatzen du semeak, hain zuzen. Beste gisa batez erranik, orduko intelektual anitz ez bezala, Uztaritzeko seminario ttipitik ez zen pasatu.
«Familian errepublikanoak gara. Petre eta Duny guztiak. Gorriak eta errepublikanoak». Eta guztiak «guardak edo militarrak». Donibane Garazin haurtzaroa iragan, Baionan lizeoa eginik, Aix en Provencera joan zen filosofia ikastera Pierre Duny-Petre. Bigarren mundu gerra iritsi zen orduan. Eta 1939an, Argeles-sur-Mer-en zen bere erregimentuarekin, non ikusi baitzituen errepublikanoak kontzentrazio esparruan preso. Jasanezina egin zitzaion.
Ondotik, hura ere preso eraman zuten Alemaniara. Sei aldiz ihes egiten saiatu eta, azkenean lortu zuen eskapatzea, 1942an. Marseillara joan zen, eta erresistentzian sartu, mugimendu gaullista zen armada sekretuko buru zuen Jean Baptiste Petre osabarekin.
Ezetz erraten zuen gizona
Gerla bururatu eta, goi funtzionario bilakatu zen, zerbitzu sekretuetatik pasatuz. Hortik, bost urte guztiz hiriz aldarazten zuten, Frantzian gaindi. Oro har, «ezetz erraten duen gizona da», hala deritzo semeak: «Ezetz ihardesten dio Alemaniako preso egonaldiari. Ezetz okupazio alemanari. Ezetz desagertzen ari den Euskal Herriaren fatalitateari». Eta idazten du, bilketa lana egiten du.
Baina euskaltzale da oroz gainetik. Ez da oraino abertzale. Baina, Parisen erbestean zen Euskal gobernuari Frantziako Gobernuak egiten dion traizioa, edota Franco boterean gelditzea, berriz, biziki gaizki bizi ditu, orobat, «erresistentziatik defendatu ideiak ez errespetatzea. Bere biziko dramak dira horiek». Bere lanean ere, polizia etxeetan eta, prefeta, juje eta horiekin, giro «itogarria» zaio. Horiek horrela, euskaraz idaztea «hats berri bat da. Ahanzteko bide. Haren idatzietan sentitzen da hori. Aski kritikoak dira, zurrunak», betiere semearen hitzetan. Eta abertzaletzen hasi zen.
Enbata mugimendua segitu zuen. Karta bazuen. 1963ko Aberri Egunean zen. Eta 1972an, Mauleko Aberri Egun debekatura joan zen. Han zegoela ohartu zen zerbitzu sekretuetako lankide bat, eta salatu zuen. Nagusiek gaitzetsi zuten, erretretan sartzeko 12 oren eskas zituela. Saria debekatuko ziotela mehatxatu zuten.