Euskara salbatu zuten ikasgelak

Saioa Alkaiza / 2015-01-14 / 1.544 hitz

Frankismo garaiko hezkuntza sistemaren inguruko ‘Arbel beltza’ erakusketa zabaldu dute Donostian. Besteak beste, lehenengo ikastolen lekukotzak bildu dituzte. Mitxelena, Aranburu, Alberdi eta Ugalde orduko irakasleak dira.

Cara al sol kantatzea ikasgelara sartu aurretik. Gaztelania hutsez diktatutako klaseak. Paretari begira, eskuak altxatuta pasatutako orduak. Asko dira frankismo garaiko eskolak erretratatzeko irudiak; asko, era berean, Hego Euskal Herrian totalitarismoan oinarritutako hezkuntza sistemak utzitako orbainak. Orain, Arbel beltza: euskal hezkuntzaren urte ilunak erakusketan bildu dituzte Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Atalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak orduko bizipenen laginak: testuliburuak, ikasmahaiak, zigor idatziak, afixak… Garai oso baten lekukotza isila paratu dute ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Ez dago, ordea, soilik frankismoarekin lerratutako eskolen materiala. Aurreneko ikastolen testigantzak ere hortxe daude: faltsututako eskola ziurtagiriak, irakasleek eurek sortutako ikasmateriala, kartelak… Lehenengo ikastolen partaideak izan ziren Mari Karmen Mitxelena, Natxi Aranburu, Pili Alberdi eta Marimi Ugalde; laurek ederki gogoratzen dituzte pasatutakoak.

MARI KARMEN MITXELENA

Donostiako ikastolako irakasle ohia

«Poliziarengandik ezkutatzeko, ohe azpian gorde izan ditut haurrak»

Irakaslea izan zen Mari Karmen Mitxelena (Usurbil, Gipuzkoa, 1938) frankismo garaian, Donostiako ikastola klandestino batean. «Nik ohe azpian gorde izan ditut haurrak, Poliziarengandik ezkutatzeko». Gorriak ikusi zituen: Francoren tropen jazarpena, klandestinitatea, baliabide falta… Orain, harro oroitzen da orduko bizipenekin, lanak merezi izan zuelakoan: «Ikastola nire bizitza izan da».

Bizitzaren kasualitateek bultzatuta heldu zen irakaskuntzara. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian, oso maisu euskaldun gutxi zeuden garaian, eta Elvira Zipitria ezagutu zuen, bere ibilbidea errotik aldatuko zuen pertsona. Eskolak ematen zituen Zipitriak Donostian, bere etxean bertan; ez ziren nolanahiko klaseak, baina. Gordean ibiltzen zen irakasle gisa, legezkoaren mugan, euskara hutsez. Mitxelenari laguntza eskatu zion, eta era horretan, 1956. urtearen bueltan, irakasle hasi zen. Bizitza osorako kateatu zuen jardunak.

Gauzak beste era batera egiteko gogoz ekin zion irakasletzari Mitxelenak, Zipitriaren bideari jarraikiz. «Argia eta bizkorra zen Elvira [Zipitria], Frantziako joera berrienak ezagutzen zituen, umeek euren kabuz ikastea nahi zuen…». Batera ibili ziren urtebetez, eta, gero, Portuko ikastolan hasi zen Mitxelena: «Eskaria ikaragarri handia zen; ahoz aho zabaltzen zen, eta, hala ere, urtetik urtera ume gehiago apuntatzen ziren!». 30 bat ume hartzen zituen orotara egunean, hamarreko txandatan.

Asaldura sozialaren urteak ziren, eferbeszentzia garaiak, eta beldurra zabalduta bazegoen ere, handia zen inplikazioa. Elkarlanaren emaitza ziren ikastolak. Gurasoek eta irakasleek elkar harturik lan egiten zuten hezkuntza ahalik eta txukunena eskaintzeko. Horien inguruan miresmenez egiten du solas irakasleak: «Pentsa ezazu zelako ausardia behar zuten. Kementsuak izan ziren. Haurrak ikastolara bi orduz baino ez ziren etortzen egunean, eta gero etxean lan handia egin behar izaten zuten gurasoekin batera».

Makina bat debekuri eta oztopori aurre egin behar izan zioten. «Gogoan dut frankisten jaiegunak zirenean umeak motxilarik eta zorrorik gabe etorri behar zutela, inork ez jakiteko nora zihoazen». Ez zen hori hartzen zuten segurtasun neurri bakarra: haurrak ez ziren taldeka sartzen gelara, Mitxelenak gogora ekarri duenez: banaka edo binaka joaten ziren, susmorik ez pizteko.

Ez zuen ibilbide lineala izan kaian zegoen ikastolak: 1950eko hamarkada ez zen «oso zaila» izan; aitzitik, geroko urteak korapilatsuagoak suertatu ziren.

1960ko hamarkadan, ikastolak herrietara hedatzen hasi ziren. Ordura arte oharkabean pasatu ziren etxeetako euskal eskolak, baina eskualde gehiagotara eta era ikusgarriago batean zabaltzearekin batera areagotu zen errepresioa. «Garai gogorrak» izan ziren. Debekuen kate horri beste katebegi bat batuz, 1968an Donostiako gobernadore zibilak zirkular bat atera zuen, eta hainbat ikastola legez kanpo utzi, tartean Mitxelenarena —ordura arte legearen linboan egon zen, hamar ikasle izanda legalki ez zutelako eskolatzat hartzen—.

Elkartasuna hauspotu zuen ilegalitateak. Hainbat familiak beren etxeko egongela eskaini zuten klaseak emateko, eta batetik bestera ibili izan zen Mitxelena, «gora eta behera, toki batetik bestera, umeak hara eta hona mugituz». Azkenik, urteek urak beren tokira eraman zituzten. Hala, Orixe kultura elkartea sortu zuten hainbat irakaslek. Donostiako Santa Maria parrokian hartu zuten tokia, eta 1970ean lortu zuten legezko izatea.

Erretiroa hartuta dago orain Mitxelena. Aurretik, 42 urte eman ditu etorkizuneko belaunaldiak hezten; haren bizipenek ilunetik badute ere, gozotik gazitik baino gehiago dutela azpimarratu du. «Oroitzapen onak txarrak baino askoz gehiago dira. Txalotzekoa da orduko gurasoek egin zutena».

NATXI ARANBURU

Lekeitioko ikastolako irakasle ohia

«Orduko ideiak indarrean daude gaur egunean ere»

«Ikastolaren lehenengo matrikulazio kanpaina harategi batean egin zen! Andereñoak eta umeak topatu behar ziren». Pasadizo batekin harilkatu ditu Natxi Aranburu irakasleak (Natxitua, Bizkaia, 1947) Lekeitioko (Bizkaia) ikastolako hasierako pausoak. Bera ez zen egon lehenengo urte horietan, baina badaki jakin nolakoa izan zen beste batzuek egindako lana. 1964an sortu zuten ikastola, Ana Mari Uribek bultzatuta, besteak beste; hain zuzen, haren aitaren harategian egin zuten publizitatea. Ahoz aho gorpuztu zen egitasmoa. Aranburu gerora heldu zen zentrora, 1968. urtean.

Garai horretan, gaztea zen, eta euskaltzalea. Irakasle ikasketak gauzatuta ez bazeuzkan ere, ikastolaren proiektua hauspotzeko premia sentitu zuen. Hori dela eta, koordinatzaile lanetan hasi zen, eta urteak pasatuta ekin zion umeei klaseak emateari. «Lan egiteko jendea sobran ez zegoen, eta berrantolatu nuen nire titulazioa irakaslearena izateko».

Bazuen amets bat: «Euskal hezkuntza sistema eratzea». Garai horretan, artean ez zion izendapen hori ematen, baina argi zuen balio batzuk transmititu behar zituela ikastolak. «Pedagogia aldetik, Kataluniatik hartu genuen eredua: neska-mutilek elkarrekin egon behar zuten, gure kultur ondarea sustatu behar zen, euskara izango zen tresna baliagarriena…». Berritu nahi zuten, eta ordura artekoa eraldatu. Horretan saiatu ziren Lekeition. Baina ez zen erraza izan.

Hamaika aldiz mugitu behar izan zuten ikastola tokiz: beheko kaleko etxebizitza batetik Latinidad eskola zaharrera; handik partikularren etxebizitzetara; gero, gizarte etxera; ondoren, San Jose kolegiora… Mugimendu handiko urteak izan ziren. «Arriskatzen ginen. Sei hilabete egin lokal batean; gero, hartu gure umeok, eta mugitu behar genuen». Eta, horrekin batera, herrian bertan probatu behar zuten eredu berriak bazuela zentzurik. Eta, urteetako lanaren ostean, lortu zuten.

1976an erakundetu zuten Resurreccion Maria Azkue Irakaskuntza Kooperatiba. Bide horretatik, ateak ireki zizkioten ikastolaren egoera legeztatzeari. «Beldur eta arrisku» momentuak izan ziren ordura arte, baina orduan lasaitu zen giroa. Hala ere, euskal hezkuntza sistema errotzeko borroka bizirik dagoela dio: «Orduko ideiak indarrean daude gaur egun ere».

PILI ALBERDI

Gernikako ikastolako irakasle ohia

«Jendeak galdetzen zuen: ‘Dena euskaraz? Hori posible al da?’»

«Hilero batzen ginen andereñoak Bilbon, apunteak egiteko, irakurketak prestatzeko, abestiak berreskuratzeko… Koordinatu egiten ginen». Elkarlana. Horixe da Pili Alberdiri (Muxika, Bizkaia, 1949) burura etortzen zaion lehenbiziko hitza frankismo garaiko ikastolekin oroitzean. Gernikakoan (Bizkaia) ibili izan da beti, «hasiera-hasieratik», eta Bizkaiko hiriburura joaten zen batzuetan, materiala sortzeko eta pedagogia era berriak arakatzeko.

1966an hasi zen irakaskuntzan. Gernikan elizaren babesean zegoen eraikinean egikaritu zuten proiektuan. Bera bakar-bakarrik zegoen hasieran. 3 eta 5 urte arteko hamabi ume zituen. Haiekin probatu nahi izan zuen posible zela euskara hutsezko eskolak existitzea. «Jendeak galdetzen zuen: ‘Dena euskaraz? Baina hori posible al da?’».

Sinesgaitza egin zitzaien egitasmoa batzuei hastapenean, sekula egin gabekoa zelako; nolanahi ere, Alberdiren irudiko, denborak argi utzi du bazela eta badela posible. Horren adibidetzat hartzen du izan zuen zabalkundea. 1973rako, 250 ikaslek eman zuten izena. Aparrak bezala egin zuen gora matrikulazioak urte gutxiren buruan. Herriak bultzatu zuelako izan zen posible gisa horretako arrakasta. Hori azpimarratu du Alberdik. Gurasoak sartu ziren buru-belarri ikastolan, bai irakasleak, bai bazkideak ere. Sinergia du gogoan.

Garai gogorrak ere igaro zituzten. Ixteko agindua heldu zitzaien behin baino gehiagotan, eta aurre egin behar izan zioten. Zorionez, eutsi zioten. Umorez oroitzen ditu orain frankisten legeei egindako trikimailuak. «Umeak eskola publikora eramaten genituen azterketak egitera; hortxe zeuden apuntatuta, baina klaseak gurekin ematen zituzten!».

Zer-nolako bizimodua izan zuen ere buruan iltzatuta dauka, eta pozez dakar gogora: «Ez genuen gizarte segurantzarik, ez genuen ezer, baina denok ematen genuen gure zatitxoa. Bat ginen». Garai zailetan ingurukoak baikor zeudela du akorduan. «Jendeak esaten zuen: ‘[Franco] Jausiko da jausi behar duenean, eta orduan dena izango da euskaraz!’». Orduko zirrarak egungo egoera erditu duela dio, eta harro dago horregatik. Urteen poderioz, Gernikako ikastolak lortu zuen legezko izatea, eta, ordutik aurrera, errazagoa izan zen haien langintza.

Orain, erretiroa hartuta badago ere, azalean tatuatuta darama Alberdik irakaskuntzak emandakoa. «Andereño Pili deitzen didate denek Gernikan!», dio, kontent.

MARIMI UGALDE

Andoaingo ikastolako irakasle ohia

«Umeak zeudenean ez etortzeko eskatu genien guardia zibilei»

Erosotasunari egin zion uko Marimi Ugaldek (Irura, Gipuzkoa, 1940) ikastolan hasteko. Behin betiko lanpostua zuen Irurako herri eskolan (Gipuzkoa), baina dena utzi zuen Andoaingo(Gipuzkoa) ikastolako proiektuarengatik. 1963. urtea zen, eta bazeramatzan lau-bost urte irakasle gisa lanean. Nolanahi ere, bestelako esperientzia bat eduki ahal izateak eta euskararen sustapenak bultzatu zuten. «Nik inoiz ez nuen izan euskaraz ikasteko aukera, eta hori aldatu nahi nuen».

Prekarioa izan zen hastapenekoa. «Hasieran, ez zegoen altzaririk, ez zegoen ikasmaterialik, ez tresnarik… Dena prestatu beharra zegoen». Grinaz egin zuten egin beharreko guztia. Hori dio Ugaldek. Eta ez zen jarduera makala. «Guk, etxean, euskaraz ikasi genuen; gero, eskolan, erdaraz baino ez; eta ikastolan berriz eman behar izan genion buelta hizkuntzari, eta euskara ikasgeletan txertatu». Malkartsua izan zen bidea, baina pozez beterikoa, azaldu duenez.

Izan zituzten trabak ere. Esaterako, Guardia Zibila bertaratzen zitzaien maiz. «Azkenean, umeak zeudenean behintzat ez etortzeko eskatu behar izan genien, ikaratzen zituzten eta». Azkenean helburua erdietsi zuten, eta eskolak emateko orduetan bakean utzi zituzten.

Aurrekari horiei so, jazarriak izan zirela dio aho bizarrik gabe irakasleak; bazeudela kontrako indarrak. «Eraikina kale bizian zegoen, eta goian apaiz bat zegoen, gure aurkakoa. Pare-parean, kalearen beste aldean, kuartela». Isunak iritsi zitzaizkien maiz, eta ohiko bihurtu ziren kexak. Dena dela, liskar batzuk gorabehera, ikasturte emankorrak izan ziren. Positibismoz dakartza gogora Ugaldek aro horiek.

Izan ere, bazeuden egitasmoaren alde onak ikusten zituzten asko, eta horien «adorea» nabarmendu du. Igarotakoak gogoan, harro dago euskararen alde egindakoarengatik. Izan ere, gaur egun ere zutik dago Andoaingo ikastola, behin irakasle ameslari haiek hasitakoari segida emanez. «Inoiz ez naiz damutu hartutako erabakiaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.