Zihara Enbeita / 2015-01-29 / 241 hitz
Gaur amets berezi bat izan dut. Bestelako eskola batekin amets egin dut. Ume horiek eskolara joateko irrikan zeuden. Denbora guztian jolasteko. Margotzea gustuko izanez gero, margotzeko aukera zuten. Salto egitea eta arineketan ibiltzea gustuko izanez gero, egin zenezaketen. Nagusiek ulertzen zituzten…». Horrela hasten da hezkuntza libre edo alternatiboaren inguruko Enséñame pero bonito dokumentala. Mugak bai, errespetuarena; baina eskola libreetan ez dago etxeko lanik, ez dago azterketarik. Izan ere, azterketekin zer lortzen da? Azterketarako ikastea? Urduritasuna, ezinegona? Gogorra da hirugarren pertsona bati huts egiteko beldur hori. Eta etxeko lanen helburua zein da? Ez al dituzte ikasgelan ordu nahikoa egiten?
Gure haurrak gaur egungo sistemarako egoki diren biharko heldu gura ditugu (denak trokelean, Fordi eskertu beharreko produkzio kateetan legez) ala gizartea aldatzeko gai izango diren biharko heldu askotarikoak gura ditugu? Beharrezkoa al da umetatik horrenbeste informazio gure buruetan artxibatzea? Gaur egun informazioa edonoren esku dagoela jakinda ez al da hobeto haurrei informazio nola bilatu eta nola kudeatu irakastea? Ume bakoitzaren zaletasun eta trebezietan sakontzea ez al da hobeto? Hauek galdera guztiak eta gehiago egin beharko genieke geure buruei lantzean behin.
Ikasi ume guztiek ikasiko dute arinago edo beranduago. Jakin-mina dutelako, kuriositatea. Ezinezkoa da ezer ez ikastea. Ikasteko jaio baikara. Etengabe gaude gauzak ikasten eta askorentzat denbora galtzea den jolasak berak asko irakasten du. Sozializazioaz, besteak beste. Gatazkak konpontzen. Esperientziak irakasten digu, akatsetatik ikasten dugu… Baina gurago dugu umeei txarto egiteko aukerak kendu eta interesatzen ez zaiena irakatsi. Eta poliki eta polito egingo bagenu?