Mikel Arrizabalaga / 2015-01-13 / 424 hitz
Mergelu, Epele, Atume eta Irumugaetako tontorrak lotzen dituen mendien gandorrak Malloetako ikuspegi paregabea eskaintzen du.
Kareharrizko mendi hauek, Kantauri-Mediterraneo isurialdeen banalerroan daude, Uitzi eta Azpirotz artean. Gertu dauden mendiek osatzen duten gandorrean zehar, Araitz haranera amiltzen diren magalen gain aldetik, Malloek osatzen duten zirku zirraragarriaren ikuspegi paregabea izango dugu.
Uitziko etxeak bi gunetan banatuta daude: elizaren inguruan eta herriaren beheko aldean, errepidearen bestaldean. XVIII. mendeko etxetzarren artean, garai bereko San Migel eliza aurkituko dugu, eta berantiarragoak diren jauregi itxurako beste eraikin batzuk ere bai. Bazter hauek bisitatuta, elizaren eta frontoiaren inguruan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Gorritirantz doan errepidean barna (NA-4011) hirurehun bat metro eginda, ezker aldetik ateratzen den porlanezko pista hartuko dugu. Maldan gora, kanposantura igoko gara. Orain arteko pista lurrezkoa bihurtuko da, eta gurutze bideak Santa Kruz ermitaraino eramango gaitu. Laburbideak utzita, gain aldera iristean bide nagusiak ermitara gerturatuko gaitu. Ukuilu handi baten parean dagoen baseliza oso egoera txarrean dago, eta ez da antzematen baseliza denik. Hesia pasatuta, berehala ohartuko gara eraikin erlijioso hau ukuilu gisa erabiltzen dutela, lur pribatuetan baitago.
Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta ezkerrera utzitako porlanezko bidea jarraituko dugu. Kilometro erdi eskas eginda, lurrezko bide zabal nabarmen batek eskuin aldera bidaliko gaitu, Mergelu mendiaren magalera. Pagadian murgildu eta xenda nabarmenari jarraituz, oso denbora laburrean iritsiko gara alanbrezko hesi batez mugaturik dagoen gailurrera. Beste aldera pasatu, eta bertan buzoia ikusiko dugu. Leku honetatik, lehen aldiz ikusi ahal izango dugu gure mendean Azpirotz herria eta Araitz harana oso-osorik. Gailur honetatik besteetara ailegatzeko gandorrari besterik ez diogu jarraitu behar, eta horretarako, alanbrezko hesiaren ondotik hego-ekialderantz joko dugu. Berehala, harri multzo batez seinalaturik dagoen Epeleko tontorrean izango gara, leku aproposa atseden hartu eta panoramikaz gozatzeko.
Gorabeheratsua den bidean barna, bidezidorretik segituz hirugarren gailurrera helduko gara: Atumera. Azken tontorrera igotzeko, lehenik behean ikusiko dugun lepora jaitsiko gara aldapa piko batetik, 100 metroko desnibela baino gehiago eta xenda nabarmenik gabe. Lepora iristean berriro maldan gora hasiko gara pagadian marrazten den zidorrari jarraituz. Tontorrera heltzean zedarri handi bat ikusiko dugu pagoekin muga eginez. Abiapuntura itzultzeko, xenda utzi, pagadian murgildu, eta bide jakinik gabe iparralderantz jaisten hasiko gara beheko lepo batera helduz. Pinudi baten paraleloan aurrera eginda, bidegurutze batean ezkerrekoa aukeratuko dugu, Uitzi aldera doana.
Amaiera, erreka ondoan
Pistaren hasieran teila zatiak ikusiko ditugu lurrean. Borda baten ondotik pasatu eta berehala jaitsiko gara porlanezko pistara. Ezker aldera hartuko dugu, eta handik berrehun bat metro egin eta gero, pista utzi eta eskuinetik ateratzen den lurrezko bidea hartuko dugu. Lekunberri eta Uitzi herriak lotzen dituen errepidera ateratzean, errekaren ondotik bete beharko dugu herriko beheko aldeko etxeen ondora iristeko.