Alex Gurrutxaga / 2015-02-08 / 421 hitz
- Izenburua: Txoriak kolpeka
- Egilea: Bernardo Atxaga
- Argitaletxea: Pamiela
Bernardo Atxagaren literaturan, hibridoek hasieratik daukate toki esanguratsua, eta azken urteotan ere hor daude. Hibridoak dira, nola edo hala, Lekuak (2005), Paradisua eta katuak (2012) eta Nevadako egunak (2013). Txoriak kolpeka liburua bi ipuinek eta saiakera batek osatzen dute, eta saiakera hori, Lawrence Arabiakoa, narrazioaren mugetan dago. Fantasia da Atxagaren literaturan, gutxi-asko, beti egon den beste osagai bat. Jadanik baiezta daiteke hortik indar handia datorkiola. Kasu honetan bi ipuinak fantastikoak dira, eta saiakerak ere badu halako kutsu bat.
Nahiko tonu desberdineko narrazioak dira hirurak, baina giro antzekoa dute. Hor daude bizitza arruntaren mugak, utopiak edota patua; eta horien guztien gaindik, heriotzaren eta presagioen gaia. Maila sinbolikoan, Paradisua eta katuak harribitxiaren ifrentzu gisa ere irakur daiteke liburua: paradisurako eginak gara, esaten zuen han katuak, baina baita heriotzarako ere, esaten dute hemengo animaliek —beleak, esfinge atropos tximeletak, txoriak—.
Pierrek dioena entzuten dut ipuinean, hain justu, erleen bizimoduaren eta gizakiaren bizitzaren arteko alderaketa ilun bat egiten da. Bikote harremanez eta haurrak izateaz ari da, batez ere, narrazioa. Baina sinbolismo ilun horretan badago funtsezkoa den beste kontu bat ere. Izan ere, ipuinean irakurtzen dugu François Huberrek erakutsi omen zuela «borondateak fatalitatea gaindi dezakeela», baina kasu honetan —eta literaturan, beti— fatalitatea funtsezkoa da: «Gure patua ere idatzita dago».
Beste ipuinean, Andoniren heriotza LSDaren argitan izenekoan, bidaia ezinezko bat egiten du narratzaileak. Bertan, alde batetik, heriotzaren garapen modukoa erakusten du: tumuluak, cromlechak, hilobiak. Bestetik, denik eta galdera handiena egiten du: nola jokatu heriotzaren aurrean. Heriotza berbera da egun eta orain 800.000 urte; baina gizakia ahula izan, eta heriotzaren aurreko azalpenak —presagioak, mitoak, erlijioak— heriotza bezain zaharrak dira. Ipuin bikaina da: iruditerian aberatsa, fantasia indartsuz kargatua eta umore printzekin bustia.
Azkenik, Lawrence Arabiakoa saiakera pertsonaia hari buruzko kontakizuna da. Motiboa, berez, Nevadako egunak-etik dator, handik kanpo uztea erabakitako pieza garatu bat baita testua; ez da zaila berau hango iruditeriarekin lotzea, zaldi basatiekin eta desertuarekin —Andoniren heriotza-n ere desertua dago, eta ez da kasualitatea Virgilioren aipua Pierrek dioena ipuineko zuhaiztiari buruz—. Atxagak esan duen bezala, Lawrenceri buruzko filmak «desertuaren inguruko inpresio bat eman zidan eta eragina izan du nigan, gaur arte». Testua saiakera bat bezala hasten da, eta pixkanaka kiribilduz joaten. Bistakotik abiatzen da, Lawrenceren figuraz eta haren ospeaz pentsatzen; eta apurka ezkutukoan sartzen da, ahozko istorioez, zurrumurruez eta heriotzaren esanezinaz hausnartzeko.
Bernardo Atxagak zerbait berezi lortzen badu, hori da bere obrei hazteko gaia eta gaitasuna ematea. Irakurketatik irakurketara, keinuak, ñabardurak agertzen joango zaizkizu, eta aurreneko eskailera-mailan ipuin polita zena, iradokizunez kargatuko da mailak igo ahala. Horrelaxe mundu bat…