Hodei Iruretagoiena / 2015-02-06 / 603 hitz
Lurraldea antolatzeko moduan, parte hartzearen garrantzia aipatu du Ahedok, sareak sortzearena; besteak beste, hizkuntzaren ikuspegia kontuan hartzeko: «Demokrazia demokratizatzeko balio behar du».
EHUko irakasle da Igor Ahedo (Bilbo, 1973), Politika eta Administrazio Zientzien sailean. Batez ere, parte hartzearen ikuspegitik aritu zen atzo Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Lurralde antolaketa eta komunitatearen garapena izena jarri zion hitzaldiari. Hizkuntzaren ikuspegitik ere, garrantzitsutzat du komunitatea lurraldea antolatzeko: «Komunitatea garatzeak ahalbidetzen du hizkuntzaren gisako aspektuak kontuan hartzea».
Euskalgintzan badago komunitate antolatu bat. Parte hartzen du, baina askotan hizkuntzaren arloan soilik. Arlo denetara zabaldu behar da ikuspegi hori?
Noski. Eta lurraldea da espaziorik onena. Hizkuntza ez baita zer abstraktu bat, hizkuntza hitz egin egiten da kale batean, herri batean. Lurralde antolaketa izan daiteke aitzakia, parte hartzearen bidez, behetik lan egiteko. Eta saiatzeko hizkuntzaren ahulguneak indartzen, beste eremu batzuetan eraginez. Hizkuntzaren egoera hobetu dezakegu, ez soilik politika linguistikoekin, baita ere estrategia urbanistikoekin, demografikoekin, ekonomikoekin. Edo, gutxienez, saihets dezakegu hizkuntzari kalte egitea.
Adibidez, hirigintza eredu jakin batek zer eragin izan ditzake?
Adibidez, urbanizazio esplotazio bat: hizkuntza egitura sendo bat duen herri batera iristen bada behin-behineko biztanleria multzo bat modu masiboan, hautsi egiten ditu komunitate arauak. Kidetasun sentimendua desagertzen bada, desagertzen da pertsonak batzen dituena. Parte hartzearen helburua da, hain zuzen, nireaz galdetzea gureaz galdetzea bihurtzea.
Hirigintza, instituzioak edo parte hartzea antolatuta dagoen moduak ez al du zailtzen gu horretarako bidea egitea?
Bai. Hasteko, bateragarritasun arazo izugarriak daudelako instituzioen artean. Ez dago gobernantza eta elkarlan egiturarik instituzioen artean. Ipar Euskal Herrian, esaterako, Garapen Kontseilu bat dago, eta Hautetsien Kontseilu bat. Gabezia eta onura guztiekin, baina bat egiten dute egitura berean gizarte zibilak, kultur ordezkariek, politikariek, lurraldearen parte ezberdinetakoak… Ikuspegi oso bat ahalbidetzen du horrek, gu-re ikuspegi bat. Esango nuke parte hartzea ez dela erabiltzen zilegitasun modu batetik edo eraginkortasun mekanismo batetik harago. Ez da txarra hori, baina horretan geratzen bada, galtzen ari gara parte hartzearen potentzialtasuna.
Zein da potentzialtasun hori?
Komunitate sareak sortzea, herritarren arteko sareak. Lortzea herritarrek kontzientzia hartzea: arazoak ez dira pribatuak, baizik kolektiboak. Demokrazia demokratizatzeko balio behar du parte hartzeak, eta eskatzen du mundu guztia hor egotea: batez ere, baztertuenak, inoiz presente ez daudenak. Gaizki gabiltza parte hartzen duena eredu hegemonikoa bada: gizona, erdiko klasekoa, adin jakin batekoa, eta ahazten bagara haurrez, prostitutez, immigranteez. Parte hartzeak, igualitarioa izateko, behar ditu dauden guztiak, ez soilik ikusten direnak. Eta sortu behar lituzke alternatiba lokalak erasoaldi neoliberalaren aurrean. Hori da lortu behar lukeen handiena: kolektiboa, horizontala, igualitarioa dena berreskuratzea, eta instituzioei kontrapisua egitea.
Euskalgintzatik pentsatuta, adibidez, nola egin baztertuenak komunitate horren parte?
Sarri, arazoak konpontzen ditugu horma baten aurka jota. Integratu nahi ditugu hizkuntzatik desagertutako pertsonak. Nola egiten dugu? Kanpaina konbentzional batekin. Ez zaie iristen, hain zuzen, ikusezinak direlako. Zergatik daude ausente? Zaurgarritasun egoeran daudelako, askotan. Nor ez dago horrela egun? Baita pertsona ikusgarriak ere. Interes komunak ditugu? Bai. Denok. Batu gaitezen horiek lantzeko, eta baliatu lan hori, erakusteko beste interes batzuk: hizkuntza, kasurako.
Nola egiten da hori?
Saiatu behar dugu elementu komunak bilatzen pertsona denon artean, eta hizkuntza erabili horiek bideratzeko tresna gisa. Denok ditugu arazoak ez dakigulako zer egin gure haurrekin, ez soilik immigranteek. Eskain ditzagun alternatibak gure haurrak zaintzeko, hizkuntza erdigunean jarrita. Denok badauzkagu arazoak zerbait lortzeko, erabil ditzagun denbora bankuak tresnatzat, baina denbora banku euskaldunak. Pentsatzen ari naiz Pirritx eta Porrotxengan. Zer nahi dute haurrek? Ondo pasatu. Erabil dezagun dibertsioa euskara ahalduntzeko. Ez dira pertsonak jarri behar hizkuntzaren zerbitzura, baizik alderantziz. Gainera, hizkuntza bat dugu hori ahalbidetzen duena.
Zergatik ahalbidetzen du hori euskarak modu berezian?
Hizkuntza guztiek ahalbidetzen dute, baina gurea, gainera, komunitate sentimenduz betea dago. Beraz, hizkuntzak ez du soilik ematen tresna bat. Ematen digu garaiotan gero eta urriagoa den hori: kidetasun bat, komunitate baten parte izatea.